Etxebizitza Aiaraldean

Artziniegako EAJk begi onez ikusi du Valle Etxea alokairu sozialerako birgaitzea, baina EH Bilduren etxebizitza-politikaren "plangintzarik eza" kritikatu du

Maider Ramirez Martin 2026ko ekainaren 5a

Alokairu sozialeko zortzi etxebizitza sortuko dituzte Valle Etxean. / EAJ

Herrian etxebizitza sozialak gaitzea berri ona dela aitortu duten arren, proiektua "berandu datorrela eta Artziniegako etxebizitza-politikak urteetan plangintza nahikorik izan ez duela" salatu dute jeltzaleek.

Herriko etxebizitza-egoerari eta hiri-plangintzari lotutako hainbat gai baloratu ditu Artziniegako EAJk, osteguneko osoko bilkuraren ostean. Udalak Valle Etxea eraikina etxebizitza sozialera bideratzeko erostea begi onez ikusi dute jeltzaleek, baina "udal-estrategia arinagoa, egiturazkoagoa eta koordinatuagoa" eskatu dute.

Arabako Foru Aldundiaren Araba(n) Bizi Bedi programaren finantzaketari esker gehituko da Valle Etxea etxebizitza parke publikora, 356.250 euroko dirulaguntza eskuratu baita. Alokairu sozialeko zortzi etxebizitza sortuko dituzte bertan. Encina Castresanak gogorarazi du bere alderdiak eskatu ziola EH Bilduren gobernu taldeari laguntza-lerro hori ez galtzeko.

Jeltzaleen iritziz, Valle Etxearen erosketa urrats positiboa bada ere, ez du estaltzen azken urteotan etxebizitza sustapen berrien faltak sortutako gabezia. Alderdiak azpimarratu du egoera horrek eragin zuzena izan duela herritarren artean, bereziki gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten aukeretan. "Egiturazko beharraz ari gara, eta ez da jarduera isolatuekin konpontzen. Artziniegan denbora oso baliotsua galdu da etxebizitza publikoaren arloan, eta horrek ondorio zuzenak ditu gazteak etxe batean sartzeko orduan", adierazi du Castresanak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide