Eten egin behar izan dute Artziniegako Eguneko Zentroko jarduna. Hala salatu du EAJk prentsara bidalitako ohar baten bidez.
Jeltzaleek ohartarazi dute azpiegituraren itxierak "kezka sakona" sortu duela "kaltetutako familien artean". Horren aurrean, galdera sorta bat erregistratu du opozisioko taldeak Udalean, "azalpenak eta berehalako irtenbide bat eskatzeko".
EAJko kideek gogorarazi dute zentro hori "ezinbesteko baliabidea" dela "adinekoei eta mendeko pertsonei arreta emateko, eta familia askoren kontziliazioan funtsezko zeregina betetzen duela". Azaldu dutenez, 2025eko abenduan amaitu zen zerbitzu hori arautzen zuen kontratua, eta Udalak ez zuen espediente berria behar besteko aurrerapenarekin lizitatu.
Jeltzaleek nabarmendu dute gertatutakoa saihestu ahal zela, Udalak "aspalditik" zekielako kontratua noiz amaituko zen, eta ez zuelako lizitazio berria behar besteko aurreikuspenarekin abiatu.
Jeltzaleek nabarmendu dute gertatutakoa saihestu ahal zela, Udalak "aspalditik" zekielako kontratua noiz amaituko zen, eta ez zuelako lizitazio berria behar besteko aurreikuspenarekin abiatu. "Ondorioak erabiltzaileak, haien familiak eta langileak ordaintzen ari dira, haiek baitute erantzukizun gutxien gertatutako guztian", salatu du Encina Castresana zinegotziak. Gainera, nabarmendu du Udalak badituela dagoeneko Idazkari-kontuhartzailea eta Administrazio Orokorreko teknikaria, eta horrek "are zailagoa" bilakatzen duela gertatutakoa ulertzea. Horrez gain, ordezkari jeltzaleak gogorarazi du honako hau ez dela udal.gobernuaren planifikazio falta eta kontratu txikien kateatzea salatu duten lehen aldia.
Uztailaren 13ko asterako martxan
Udal Gobernuak, bere aldetik, bere gain hartu du gertatutakoaren ardura, eta azaldu du azalpenak eman eta barkamenak eskatu dizkiola familiei. Hala adierazi dio Joseba Vivanco alkateak Aiaraldea Komunikabideari: "EAJri ere idatziz erantzungo diogu hala eskatu digulako, eta zerbitzua ahalik eta lasterren berrabiarazten saiatuko gara, espero dugu uztailaren 13ko asterako irekita egotea".