Artziniegako jaietan indarkeria matxistaren aurrean herri-erantzuna emateko protokoloa prestatu dute Udalak, Talde Feministak eta Jai Batzordeak elkarlanean. Hala jakinarazi du tokiko erakundeak, eta zehaztu du jaietan gerta daitezkeen eraso matxistak prebenitzea eta horiei erantzun koordinatua ematea dela helburua.
Brigada Feminista ere osatu dute herriko emakumeek, eta gauero zapi morea daraman kide batek ordezkatuko du. Eraso matxistarik jasan edo ikusiz gero, kide horrengana jo ahal izango da, eta Brigada arduratuko da protokoloa abiarazteaz.
Berehala jarduteko neurriak ezartzen ditu protokoloak, izan biktimei arreta eta laguntza emateko zein erasotzaileei aurre egiteko. Era berean, biharamunean hartu beharreko neurriak ere zehazten ditu.
Horrez gain, jaiek iraun bitarteko ostiral eta larunbatetan indarkeria matxistari buruzko informazio, prebentzio eta arreta gunea egongo da. Udalak azaldu duenez, BBKren bulego zaharrean egongo da atonduta gunea 0:00tatik 6:00tara. Bertara era jo daiteke eraso matxistarik gertatuz gero, zein informazioa jasotzeko.
"Eraso matxistarik gabeko jaiak guztion erantzukizuna direla" gogorarazi dute hiru eragileek, eta "edozein indarkeria matxista mota prebenitzeko eta arbuiatzeko" beharra azpimarratu dute.