Irailaren 9an abiatutako greba astebetera iritsi da jadanik Artziniegako Tubacex Taylor enpresan. Berez, langileek protesta abiatu zuten hamahiru urtez ez dutelako hitzarmen kolektiboa berritu. "Prezioek gora egin dute %26an eta beharginak proportzio horretan txirotu dira", azaldu du ELA sindikatuko ordezkari batek.
Halaber, grebalariek salatu dute Tubacex konpainiaren erantzuna ez dela egokia izaten ari: "Greba abiatu genuenetik ez da inor agertu hemendik. Lantegia itxi dute eta uko egin diote gurekin biltzeari. Hamahiru urtez ez dute gurekin eseri nahi izan hitzarmena berritzeko eta orain esaten dute normaltasunean bakarrik negoziatuko dutela, eta ez greban. Hamahiru urteko normaltasuna izan dugu eta ez dute urratsik egin egoera konpontzeko".
Bide batez, ELAk azpimarratu du bestelako bideak jorratzen ari direla multinazionala negoziazio mahaian esertzeko eta ohartarazi du beharginek ez dutela atzera egingo, duela hamahiru urteko soldatekin, praktikan, laurden bat gutxiago kobratzen dutelako KPIren igoerarekin.