Hilabete bat bete dute Artziniegako Tubacex Taylor fabrikako langileek greban. Iragan irailaren 9an abiatu zuten lanuztea, hitzarmena berritzeko helburuarekin. Izan ere, nabarmendu dutenez, 13 urte daramate lan-baldintzetan inolako hobekuntzarik izan gabe, eta epealdi horretan prezioek %26 egin dute gora.
Grebalarien esanetan, zuzendaritzak hilabete osoa darama “bizitza seinalerik eman” eta “negoziatzeko borondaterik erakutsi gabe”. “Lotsagarritzat” jo dute hori, eta gaineratu dute “aurrekontu faltak” ez diela enpresako buruei eragin, nabarmenduz Artziniegako lantegiko zuzendaritza osatzen duen pertsona bakarraren soldata %60 igo dela azken lau urteetan. “Soldata igotzeko ez dago krisirik. Langileekin negoziatzera esertzeko, aldiz, isiltasuna eta mespretxua baino ez dago”, salatu dute beharginek.