Hilabete hasieran Amurrioko Udalak egin zuen bezala, tasa turistikoa ezartzea onartu du Artziniegako tokiko erakundeak ere. Kasu honetan ere aho batez onartu da proposamena, ahalik eta tasarik txikiena ezarrita.
Arkaitz San Jose zinegotziak Azalera podcastean eman zuen ekimenaren berri. Bere hitzetan, une honetan ez dago udalerrian arazo berezirik turismoarekin, eta azaldu du establezimendu ia guztiek tasarik baxuena ordainduko dutela: 50 zentimo egun eta pertsonako. Izan ere, Artziniegan ez dago "bost izarreko hotelik", udal ordezkariaren hitzetan. Dena den, ordenantza fiskalak tasa altuagoak aurreikusten ditu horrelako azpiegiturentzat.
Arabako Foru Aldundiak ekainean ezarri zuen tasa turistikoa garatzeko derrigortasuna. Gauzak hala, litekeena da datozen hilabeteetan eskualdeko gainontzeko udalerrietan ere onartzea.