Artziniegako Udalbatzara iritsi dira Tubacex Taylorreko langileen aldarriak. EH Bilduk eta EAJk adierazpen instituzionala adostu dute irailaren 9tik greba mugagabean dauden beharginei babesa adierazteko.
Nabarmendu dutenez, langileek 15 urte daramatzate lan baldinzta eta soldatak izoztuta eta horregatik abiatu dute borroka. Udalak bat egin du beharginek "Aiaraldeko industria-ehunarekiko duten kezkarekin", eta aitortu egin dute baita ere "langileek hilabete hauetan beren lan-etorkizunaren alde egindako ahalegina eta erakutsitako duintasuna".
Horrez gain, tokiko erakundeak "elkartasuna eta konpromisoa" ere erakutsi nahi izan ditu Artziniegako zein eskualdeko "enpleguaren eta industria-ehunaren defentsarekin".