Nor gara

ZERGATIK GARA KOOPERATIBA?

Aiaraldea 2020 Gogoeta Estrategikoan JAUZI HANDI BAT egitea erabaki genuelako.

Orain artean komunikazioa eta euskara landu dugu bereziki, eta hor hiru proiektu sendotu ditugu:

  • KOMUNIKABIDEA: Erreferentzia bihurtu dena eskualdean. 
  • DIRU-ITURRI IZATEKO HELBURUAREKIN SUSTATU GENUEN KOMUNIKAZIO-ZERBITZUEN ENPRESA: Egonkortu eta sendotu dena urte hauetan.
  • BESTE ERAGILE BATZUEKIN ERATUTAKO EUSKALGINTZA KONTSEILUA. Euskararen normalizazioan eragiteko.

Gogoeta horrek utzitako hausnarketa nagusia hau izan zen: “orain arte erdaraz bizi den eskualde baten berri euskaraz ematera mugatu gara”.

Hemendik aurrera herritarrei eta kolektibitateari eragiten dieten esparru guztietan (aisialdia, kultura, hezkuntza, ekonomia...) euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaile berriak sustatzera goaz, gure balioekin bat egiten dutenak (tokikoak, komunitarioak, eraldatzaileak, eraikitzaileak, libreak, feministak...)

Proiektu berriak Aiaraldea hasi zenean bezala landuko dira, baina komunikabideak hartu duen dimentsiokoak izateko helburuarekin lan egingo dugu. Epe luzera begira mantenduko diren proiektu indartsu, serio eta eraginkorrak, zeintzuetan langileak egongo diren eta boluntarioak ere egongo diren.

Euskararen komunitate eraldatzailea gero eta handiagoa eta indartsuagoa izatea nahi dugu. Eta horretarako behar diren tresna guztiak sortuko ditugu.

Gaur egun Aiaraldea Kooperatiba Elkartean 12 pertsona daude kontratupean jarrikortasunez lanean (batzuk lanaldi osoan, beste batzuk aldiz partzialean).

Langileak izatea eta enpresa egiturak izatea, gure eskualdean eta gizartean eragiteko modua ere badela uste dugu, eta beraz “gaitasun eta egitura ekonomiko sendoa” izatea hobesten dugu, gogoeta estrategikoan zehaztutako “askitasuna” lan-ildoari erantzunez.

Gure helburu sozialak eta balioak aintzat hartuta, proiektu ezberdinetarako enpresa egiturak ere sortzea sustatuko dugu, bai eta hauen autonomia eta garapena ere.

Gure balioekin gehien bat egiten duen enpresa egitura eta filosofia KOOPERATIBA dela ondorioztatu genuen gogoeta prozesuan. Gure helburuen artean kokatu dugun “Ekonomia Sozial Eraldatzailea” ildoa lantzeko tresna ere izango dena.

Kooperatiba horretan, bazkide erabiltzaileek eta lan-bazkideek erabakimen konpartitu bat izatea hobetsi dugu.


ZER NOLAKO KOOPERATIBA DA?

  • AIARALDEA KOOPERATIBA ELKARTEA du izena.
  • IRABAZI ASMORIK GABEKOA da. Horrek esan nahi du ez direla diru-irabaziak inoiz banatuko, beti proiektuan edo egitasmo berritan berrinbertituko direla.
  • GIZARTE EKIMENEKOA izendapena jaso du Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Helburu sozialak erdiesteko enpresa egitura baita.
  • ERABILTZAILEEN KOOPERATIBA da. Kontsumitzaileen kooperatibak direnak bezalakoa.
  • INTEGRALA da, bi bazkide tipologia nagusi izango dituelako: bazkide erabiltzaileak eta lan-bazkideak (langileak).

Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen estatutuak hemen daude kontsultagarri. 

Estatutuetan jaso bezala, Kooperatiba-sozietatearen xedea honako hau da:
Euskarazko kultur eta hezkuntza-arloko jardueren bidez laguntza-zerbitzuak eskaintzea, euskaraz ekoitzitako ondasunen eta zerbitzuen sustapenaren eta kudeaketaren bitartez, hala bazkideentzat nola gainerako herritar, erakunde, enpresa eta instituzioentzat, komunikazioaren, kulturaren,
aisialdiaren, hezkuntzaren, hizkuntzaren normalizazioaren, elikadura burujabetzaren, feminismoaren, gizarte-ekonomiaren eta eskualdeko komunitate-garapenaren esparruetan, gizarte-beharrizan horiei merkatuak erantzunik ematen ez dien heinean.

 

 

BAZKIDE IZATEKO ZER EGIN BEHAR DA?

BAZKIDEA izateko, proiektuarekin bat egiteaz gainera, derrigorrezko KAPITAL EKARPEN BAT egin beharra dago.

Kapital ekarpen hau bizitzan behin baino ez da egin behar, eta diru kopuru hori beti izango da norberarena. Kooperatibako bazkide izateari utzi nahi diogunean diru hori berreskuratu egingo baitu gutako bakoitzak (mailegu txiki bat da beraz, nor bere kontu korrontean izan beharrean Kooperatibaren kapitalean gordeta dagoena).

  • Norbanakoen kasuan, derrigorrezko kapital ekarpena 50 euroan zehaztu dugu ahal beste pertsona izan daitezen kooperatibista proiektu eder honetan.
  • Langile bazkideen kasuan aldiz, Kooperatibako bazkide izateko gutxieneko ekarpena 5.000 €koa izango da.

 

KAPITALAZ GAINERA, URTEKO KUOTA ERE ORDAINDU BEHARKO DUT?

Hala da bai. Kapitala Kooperatiba sortzeko eta bere funtsa indartzeko erabiltzen da.

Eguneroko gastuei aurre egiteko baina, aldizkako kuotak direnak ordaindu beharko ditugu kooperatibako bazkide garenok.

Elkarte egituran bezala, kuota hauek ez dira berreskuragarriak.

Kooperatibako batzar nagusiak urte bakoitzean erabakiko du zein den aldizkako kuota honen kopurua.

Bazkide erabiltzaileen kasuan, bi kuota mota bereizi dira:

  • OHIKO ERABILTZAILEAK: 10 euro/hilean, edo urteko ordainketa bakarrean 120 €
  • EZ-OHIKO ERABILTZAILEAk: 50 €/urtean ordainketa bakarrean.

Aldizkako kuotaz gainera, zein da ezberdintasuna? Ohiko erabiltzaile den bazkide titularrak bere bazkide kartillan etxe berdinean bizi den beste heldu bat eta bere adin txikiko seme-alaba guztiak sartu ahalko ditu (eta denak izango dira onuren hartzaile), eta ez-ohiko erabiltzaile diren bazkide titularrek aldiz etxe berdinean bizi den adin txikiko seme-alaba bakarra sartu ahalko dute onuradunen bazkide kartillan.

Kooperatibak, bere proiektua garatzeko Ohiko erabiltzaileak behar ditu nagusiki, proiektuari egonkortasuna eta bideragarritasuna eskaintzen diotelako.

Ohiko erabiltzaileen urteko kuota ordaintzeko zailtasunak dituztenek “ez-ohiko erabiltzaile” izateko aukera dute, kuota txikiagoa ordainduta.

 

 

NORTZUK IZANGO DIRA KOOPERATIBAKO BAZKIDEAK?

Kooperatibako bazkide izan daiteke proiektuarekin, helburuekin eta balioekin bat egin duen edozein pertsona.

Era berean, egun soldatapean lanean dauden langileak ere Kooperatibako lan-bazkide izan ahalko dira.

 

ERABAKIETAN ZEIN PISU IZANGO DU NIRE IRITZIAK?

Aipatu bezala, erabiltzaileek eta bazkideek ERABAKIMEN PARTEKATUA dute Kooperatiban.

Erabakimenaren erdia ERABILTZAILEEK izango dute. 
Eta beste erdia LANGILEEK.

Hala ere, eta erabakiak adostasunez hartzeko helburuarekin, BARNE ARAU BAT EZARRI DUGU ESTATUTUETAN:

Erabaki garrantzitsuak hartzeko gutxienez bi bazkide tipologia hauen erdia eta erdia ados egon behar dira (alegia, ez da nahikoa izango langile guztien eta erabiltzaile gutxi batzuen aldeko botoa): langileen erdia, eta erabiltzaileen erdia gutxienez ados -edo kontra- egon beharko dira erabakiak hartzeko.

KOOPERATIBAKO ERABILTZAILEEN kasuan, pertsona bazkide bakoitzak boto bat du batzar-nagusian, bere kapital ekarpena zein nahi dela ere.

 

 

ZEIN ESKUBIDE ETA BETEBEHAR DITUZTE BAZKIDEEK?

ESKUBIDEAK:

  • Proiektu honen enpresa-egituraren jabetza partekatu legala.
  • Proiektua gidatuko duen Batzar Nagusiko partaide izatea eta boto eskubidea.
  • Artezkaritza Kontseiluko kide izateko aukera.
  • Bazkide bezala bajan ematekotan, jarritako kapital ekarpena berreskuratzeko aukera. 
  • Kooperatibak sortutako proiektuetan aktiboki parte hartzeko aukera. 
  • Kooperatibak eskainiko dituen zerbitzuen eta abantailen onuradun izateko aukera (beherago garatuago dago).

BETEBEHARRAK:

  • Zehaztutako kapital ekarpena egitea.
  • Zehaztutako aldizkako kuotak ordaintzea.

 

BAZKIDE IZATEARI UTZI DIEZIOKET NAHI DUDANEAN?

Noski. Bazkide bezala baja eskatu eta Artezkaritza Kontseiluak tramitatuko du estatutuetan zehaztutako epean eta moduan.


ZER ARRISKU DU BAZKIDE IZATEAK?

Bazkideek ez dute inolako ondare edo lege ardurarik izango.

Euren ardura ekonomikoa ere jarri duten kapitalaren zenbatekora mugatuko da: erabiltzaileen kasuan 50 € eta langileen kasuan 5.000 €.

Gehienez ere, proiektua ekonomikoki itotzen bada, diru ekarpen hori galduko lukete.


NIRE ERRENTA AITORPENEAN ERAGINIK IZANGO DU?

Irabazi asmorik gabeko Kooperatiba izanik, ez du inolako eraginik izango (ez positiborik ez eta negatiborik ere ez), ez baita inoiz irabazirik banatuko.


BAZKIDE IZATEAK ZEIN ONURA EMANGO DIZKIT?

Asko. Lehena eta garrantzitsuena AIARALDEA EUSKALDUN ETA ERALDATZAILE bat erdietsi nahi duen proiektu eder honen parte izatea, eta ez, ez da gutxi.

Baina onura materialak ere izango ditu kooperatibako bazkide izateak.

 

KOOPERATIBAN ERABAKIMENA eta INFORMAZIOA.

  • Batzar Orokorretan eta lan-batzarretan parte hartu eta erabakiak hartzeko eskubidea izango duzu (bazkide bat, boto bat printzipioa ezarrita).
  • Borondatezko kapital ekarpenak egiteko aukera izango duzu, urteko % 0,4ko interes tasarekin.
  • Informazio barne-buletinak hilero jasoko dituzu zure e-posta helbidean.

BESTELAKO ONURAK KOOPERATIBAN

  • Kooperatibak egiten dituen kontratazioetan lehentasuna izango duzu.
  • Kooperatibak antolatzen dituen jardueretan, lehentasunezko izen-ematea izango duzu.
  • “Aiaraldea Etzi” hausnarketa, analisi eta komunitatearen garapena sustatuko duen aldizkari hiruhilabetekari berria etxeko postontzian jasoko duzu.

KOMUKABIDEAN IZANGO DITUZUN ONURAK

  • Beste herritarrek baino lehenago jasoko duzu egunkariaren bertsio digitala. 
  • Egunkaria etxeko postontzian jasoko duzu.
  • Urtean behin eskela bat doan argitaratzeko aukera izango duzu.
  • Aldizkari berezien ale bat etxeko postontzian jasoko duzu.
  • Asteroko zozketetan onurak edo abantailak izango dituzu

FAKTORIAN IZANGO DITUZUN ONURAK

  • Faktoriako espazioak (sukaldea, jantokia, oholtza...) erreserbatzeko lehentasuna eta txoko bezala erabiltzeko aukera izango duzu. 
  • Elikagaien ekonomatuan erosketak prezio berezian egin ahal izango dituzu.
  • Taberna eta sukalde zerbitzuetan prezio berezia izango duzu.
  • Ordainduzko kultur ekitaldietan prezio berezia izango duzu.
  • Ordainduzko formazio ekimenetan prezio berezia izango duzu.
  • Ordainduzko hezkuntza eta aisialdi eskaintzetan (ludoteka zerbitzuak, udalekuak, eskolaz kanpoko jarduerak) prezio berezia, deskontua.

EKONOMATUAN IZANGO DITUZUN ONURAK

  • Faktorian kokatuko den ekonomatuko erosketetan (tokikoak eta ekologikoak diren elikagaien erosketetan) prezio berezia izango duzu. 
  • Erosketa kolektiboetan deskontuak eta bestelako onurak (etxerako zerbitzua adibidez)izango dituzu.

HEZKUNTZA JARDUERETAN IZANGO DITUZUN ONURAK

  • Haur zein helduentzako antolatzen diren jarduera eta zerbitzuetan % 15eko deskontua (udalekuak, irteerak, formazio ekintzak...)
  • Hezkuntza ildoaren informazio buletina jasoko duzu e-postan.

KONTSUMO ALTERNATIBETAN IZANGO DITUZUN ONURAK

  • Ekonomia sozialeko kontsumo alternatibetan onurak izango dituzu (Goiener, Izarkom, Koop57...) 

* Onura hauen garapena zehazteke dugu.

KOOPERATIBAREN BALIABIDEETAN IZANGO DITUZUN ONURAK

  • Kooperatibak bazkideentzat eskuragarri jartzen dituen baliabide materialak erabiltzeko aukera (kamerak, soinu ekipoak, inprimategi zerbitzuak, tripodeak...).

 

GALDERA GEHIAGO DUZU?

Bota lasai.

Jar zaitez gurekin harremanetan ondoen datorkizun moduan:

  • Posta elektroniko bidez: bazkideak@aiaraldea.eus
  • Telefono bidez: 94 656 85 54 / 669 83 57 87 
  • Bulegora etorrita: Nerbioi kalea 12, behea LAUDIO - Araba-