Faktoria

750 metro koadro, bizitzeko eta amesteko

Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituaren garapenerako baliabidea izango da Laudioko industrialdean kokatutako egoitza soziala. Faktoria komunitate proiektua eskualde osoan garatzeko tresna integrala izango da, ildo eta zerbitzu berrien aterpe eta epizentro: haur eta familientzako espazioak, ekonomatua, kulturarako oholtza, lantokiak... Obra lanak aurten hasiko dira, eta auzolana eta herritarren ekarpena  izango dute oinarri.

Tamainako apustuari neurri berdineko tresnekin aurre egin nahi dio Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Egun kooperatibak dituen 250 bazkideen ekarpen ekonomikoari esker, Laudioko industrialdean kokatutako pabilioia eskuratu du, eta atontzeko lanei ekingo dio udaberritik aurrera. Obra-inbertsioak baina, proiektura batu eta euren ekarpena egingo duten bazkide gehiagoren beharra du.

  • 750 METRO KARRATUKO ESPAZIOA
  • KULTUR SORKUNTZARAKO OHOLTZA
  • IKUS-ENTZUNEZKOEN ESTUDIOA
  • BULEGOAK
  • BILERA GELAK
  • SUKALDEA
  • JANTOKIA
  • TABERNA 
  • EKITALDI TXIKIETARAKO ANTZOKIA
  • HAURRENTZAKO JOLAS ETA HAZKUNTZA GUNEA
  • ELIKAGAIEN-EKONOMATUA
  • KAMERINOAK
  • KOMUNAK ETA DUTXA
  • BILTEGIAK
  • PLAZA PUBLIKOA
  • KANPOKO ATSEDEN-GUNEAK
  • AZPIEGITURA MATERIALAK


Erakargarria eta atsegina
Behark arkitektura estudioak diseinatu du proiektua, euskararen komunitatea ahaldundu eta handitzeko egoitza erakargarri, moderno, atsegin, eroso eta erabilera anitzekoa proiektatuta. Euskarak tresna berriak behar ditu, eta erakargarria izan, zentroan egon, sendo agertu jendaurrean, eta diseinatutako proiektuak helburu horiek betetzen dituela uste dugu.

Lau ardatz nagusi
Euskararen eskualdeko etxea izango denak 750 metro koadroko espazioa aterpetuko du bi solairutan. Kooperatibaren ildo sozial guztiek euren isla izango duten arren, hasieran lau jarduerek hartu dute zentralitatea Faktorian.

Batetik, hedabidearen egoitza publikoa izango da. Komunikabideko langile eta boluntarioen lantokia izateaz gainera, hedabidearen jarduera publikoak garatzeko erabilera anitzeko aretoak izango ditu; elkarrizketa parte hartzaileak egin, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatu, ikus-entzunezkoen ekoizpena handitu... Komunikabide herritar eta komunitarioan urrats bat gehiago eman nahi dugu, eta alde biko komunikazio eremuak ugaritu baliabide hauen bidez.

Hedabidearen jardun publikoari oso lotuta, kultur sorkuntzarako plaza ere izango da Faktoria. Ikuskizun txiki zein handiagoetarako oholtza izateaz gainera, kultur sorkuntza euskaraz sustatuko duen espazioa izango da; trebakuntzarako, hausnarketarako zein entseguetarako lekua.

Hirugarren ardatza hezkuntzarena izango da, haur, guraso zein hezitzaileen hazkuntzarako gune izango da Faktoria. Haurren garapena eta sormena sustatzeko espazioak egokituko dira horretarako, eta helburu horrekin programatuko dira jarduerak ere: izan txikiei zuzendutakoak zein familian gozatzekoak. Adin ezberdinetako haur, gazte zein helduen topalekua izango da, eta Faktorian elkarrekin haziko gara pertsona eta komunitate bezala. 

Laugarren ardatza elikadurari lotutakoa da, tokikoak eta ekologikoak diren elikagaiak eskuratzeko ekonomatua izango baitu Kooperatibak bertan. Dendarako azpiegituraz gainera, sukaldea ere izango du faktoriak, garaian garaikoak eta tokikoak diren produktuen transformazioa eta kontsumoa ahalbidetzeaz gainera, nutrizioa zein bestelako formazio jarduerak ere landu ahal izateko. Elikadura burujabetza eta agroekologia eskualdean sustatzeko tresna izango da, tokiko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topagunea.

Feminismoa eta aniztasuna 

Euskararen etxea izango den hein berdinean izango da Faktoria, emakumeen etxea. Emakumeen ahalduntzea eta ikusgarritasuna sustatuko du bere jarduera guztietan, eta eskualdean feminismoa lantzeko azpiegitura irekia izango da. Era berean, Aiaraldean bizi dugun aberastasun kulturalaren aterpe eta islada izan nahi du Faktoriak, euskara izan dadin kulturen arteko zubi nagusia.