Euskal Herriaren historia egun bereziez eraikitzen ari gara. Herenegun izan zen bezala, atzo egun handia guretzat guztiontzat, bai Aiaralde osoan bai Bizkai, Araba eta Nafarroako beste hainbat herritan, geure geroaren jabe izateko bidean aurrerako urrats bat egin baikenuen, gure erabakitzeko eskubidea erabilita. Beste bihar batzuk, etzi eta etzidamu batzuk etorriko dira, eta guk, erabakiz erabaki, egun handi egun eder bilakatuko ditugu. Geroa gurea da.
Ez da makala izan! Egin dugun lana ez da makala izan, beti giro onean, eta lehenengo helmugara iritsi gara: milaka herritarrek erabaki dute; batzuek bozkatuz beren erabakitzeko eskubidea erabili duten bezala beste batzuek ez bozkatuz, oro bere buruaren jabe. Horixe nahi dugu AIARALDEA BAT eta GURE ESKU DAGO-ren izenean dihardugunok, hots, herritar guztien arazo diren zeretan heritarrek berek eta ez bestek erabaki dezaten, demokrazia horixe baita. Eta guk demokraziari bai esaten diogu.
Maiatzaren 6ak ez du mugarri bat eraiki mugarik gabe nahi dugun gure herrian, baina zedarri eder bat bai gure xedearen bidean. Har dezagun bidea!. Goraintziak Aiaraldeko - eta Portugalete, Zubieta, Zuia, Lezaun, Doneztebe, Arakaldo, Donamaria…- herri guztietako herritar guztiei, zahar eta gazte, etorkin, arrantzale, langabetu, ikasle, nekazari, langile, musikari, pentsiodun...botoa eman zutenei eta ez zutenei.
Zein egun ederra atzokoa! Eta zein egun ederrak dituzkegun ekiz! Hurrengoa, ekainak 10, euskal hiru hiriburu lotzeko giza-katea. Zazpiak bat egin arte luzatu behar dugun katea. Gure katea ez da eten.