Eta Feminismoaren Faktoria sortuko bagenu? Utopia Saria jaso zuen apirilean Aiaraldea Ekintzen Faktoriak Gasteizen, Hala Bediren eskutik. Utopiatik harago, ordea, errealitateari heldu eta jendartea eraldatzeko beste pauso bat ematera doazela iragarri dute: ekainaren 9an antolatuko dute bailarako emakume norbanako eta elkarteek aurreneko topaketa feminista. Egun osoko egitaraua osatu dute, elkar ezagutu, saretu eta boteretzeko helburuarekin.
Denbora gutxian indar handia hartu du eskualdeko mugimendu feministak. Aiaraldea Ekintzen Faktoria ere izan da hazkunde horren lekuko. Izan ere, beste lan-ildo batzuekin batera -hezkuntza, elikadura burujabetza, ekonomia sozial eraldatzailea edota euskara- feminismoari heltzea erabaki zuen Aiaraldea Kooperatiba Elkartean duela azken plangintza estrategikoan. Gauzak hala, azaroan ekin zion emakumez osaturiko boluntario talde batek feminismoa jorratzeari. Hilean behin elkartzen badira ere, batuta nabari zaie; gogotsu eta indartsu. Izan ere, apirilean “Feminismoa Aiaraldean” jardunaldiak antolatu zituzten eskualdeko diagnostikoa osatzeko herri, emakume eta talde feministekin batera. Adin, profil eta herri ezberdinetako 25 lagun elkartu ziren goiz batez, eta nork bere errealitate, behar zein bizipenak partekatu zituen.
Saretu eta jauzi egiteko prest
Modu horretan, feminismoaren Aiaraldeko egoeraz mintzatu ziren; aurrera begirako behar, nahi eta helburuak zehaztuz. Bost ardatzetan laburbildu zituzten eskualdeko beharrak: koordinaziorako foroak sortzea, emakumeen saretzea, ahalduntzea, komunikazioa sustatzeko tresnak sortzea eta indarkeria matxistari aurre egitea. “Feminismoa ehuntzen” dinamikaren bidez josiko dute aurtengo eta aurrera begirako plangintza. Besteak beste, helburuei erantzuteko ekintzak zehaztuko baituzte Faktoriako hitzorduan. Dena ez da, ordea, lana izango. Aisialdirako ere eskaintza zabala aurkeztu dute.
Goizean zehar solasaldiak izango dira nagusi. Batetik, “Feminismoa ehuntzen” aurkezpen-eztabaida egongo da, eta bestetik, “festak, botere harremanak eta feminismoa” hitzaldia. Uda ate-joka egonik, esperientzia eta gogoetak partekatzea izango dute xede; ekimen bateratuak egiteko aukera mahaigaineratzeko. Tokikotasuna oinarri, bailarako emakume sortzaileen emanaldiak izango dira bazkariaren ondotik. 17:00etatik aurrera tailer maratoia egingo dute. Etxeko oihalak eta arropa eramateko deia luzatu dute antolatzaileek, serigrafia eta buruberoki tailerrak eskainiko baitituzte. Arratsaldearen bigarren txanpan, berriz, “Energy dance” saioa gidatuko du Marta Mateos okondoarrak. Iluntzean, aldiz, musikak beteko du Faktoria; Ilargiak eta Pottors Destroyers talde amurrioarrekin.
Izen-ematea, ekainak 7 arte
Topaketak ez-mistoak dira. Izena-emateko azken eguna ekainaren 7a izango da. Bazkariaz gain oparia jasoko dute jatera geratzen direnek. Txartelen prezioa 10 eurokoa izango da soldatagabeentzat, eta 13 eurokoa soldatadunentzat. Dena den, ezinbestekoa izango da aurrez apuntatzea, antolakuntza lanak errazteko. Besteak beste, haurtzaindegi eta itzulpengintza zerbitzua behar duten partaideek hala zehaztu beharko dute izena ematean. Bien bitartean, jendea animatzeko spota zabaldu dute. Astebeteren falta arren, gogoa, ilusioa, indarra eta beharra soberan dutenaren seinale.