Helduak haurraren garapenean BIDELAGUN

Haur eta gaztearen hazkuntza prozesuan jolas librea eta beraien berdinekiko harremanak bezain garrantzitsuak dira inguratzen duten helduak. Helduok jakin behar dugu zer nolako jarrera izan behar dugun gure haur eta gazteekin, ahalik eta hezitzaileen izan behar du helduaren presentzia.

 

Familia haurraren lehen jolas testuingurua da. Beraz ezin dugu pentsatu gure haur edo gaztearekin jolasten dugunean, denbora galtzen gaudela. Haur eta gaztearen hazkuntzan ezinbestekoa baita familiarekin jolastea. Jolasaren bitartez haur eta gazteek lotura afektiboak sortzen ditu eta jolasa haur eta gaztearen komunikazio eta adierazpen modua da.

Irakurtzen jarraitu aurretik ariketa bat egitera gonbidatzen zaitugu:

Begiak itxi, sudurretik arnasa sakon hartu eta ahotik gutxinaka bota. Nabaritu zelan gure burua lasaitu egiten den eta gure bihotz taupadak lasaitzen doazen. Momentu horretan, zuen haurtzaroko une positibo batean pentsatu. Ondo pasatu zenuten oroitzapen bat ekarri zuen burura. Pentsatu ea non zaudeten, norekin zaudeten, zer egiten zaudeten...

Hau zientzia ez den arren, normalean hiru kontzeptu etortzen dira burura ariketa hau egin ostean. Alde batetik NATURA, normalean oroitzapen hauek kalean edo eremu natural batean izaten dira. Bestetik HARREMANAK, momentu hauek jende gehiagorekin izaten dira, familiarekin, bestelako haurrekin... Azkenik JOLASA dugu, oroitzapen positibo hauek jolasten geundela ematen dira.

Beraz, hiru kontzeptu hauek garrantzi handikoak dira. Harremanak kontuan hartzen baditugu, helduekin ditugun harremanez hitz egin behar dugu ezinbestean. Haur eta gazteekin jolasten gaudenean, kontuan hartu behar dugu zer nolako jarrera izan behar dugun haiekin.

Kontuan hartzeko hiru kontzeptu ikusiko ditugu orain. LEKUA, BEHAKETA eta PROTAGONSIMOA.

LEKUA

Kontuan hartu behar dugun lehendabiziko gauza da. Normalean guk erabakitzen dugu jolaserako, bizitzeko edota egoteko tokia, bai eskola izan, etxea edo faktoria bera ere, gure esku egoten da espazioaren erabakia eta toki honek hainbat ezaugarri izan behar ditu toki hezitzaile bat izatea nahi badugu behintzat.

Lekuak erosoa, segurua eta lasaia izan behar du. Gainera haur bakoitzaren beharretara egokitua egon beharko luke. Ezberdina da haur bakoitzak bere garapenean behar dituen materialak, jolasak edo koloreak ere. Materialak adinera egokituak egon behar dira, baina batez ere haur bakoitzaren garapen fasera.

Esan dugu sortzen dugun espazioa segurua izan behar duela, baina honek ez du esan nahi haur eta gazteak burbuila batean sartu behar ditugunik. (Beste “Familia Eskola” batean helduaren beldurren inguruan hitz egingo dugu). Haur eta gazteek bere adinera egokitutako arriskuak bizi egin behar ditu. Haur batek, erortzeak suposatzen duen mina ikasi behar du, erortzean lur leuna topatzen badu beti, egunen baten lur gogorrago batean erortzean, golpe handiagoa hartuko du ez duelako erortzean mina hartu dezakeela ikasi eta ez da egoera errealaren jabe izango.

Espazioak erronka berriak ekarri behar dizkio haur eta gazteari. Faktoriako espazioa ere horretan pentsatua egongo da.

BEHAKETA

Ziurrenik heldu baten betebehar eta ardurarik handiena da behaketarena. Behaketarekin, haur eta gaztea zelan dagoen nabaritu dezakegu, zein sentimendu dituen. Haur edo gaztea jolasten, margotzen edo bere egunerokotasunean aztertu egiten badugu, aldaketak nabaritu ditzakegu eta haur edo gaztearen beharrak ondo ase ditzakegu. Haur batek bere eguneroko jarrera aldatu egiten badu, maitakorrago badago, beldurrak pizten bazaizkio, gurekin gutxiago hitz egiten badu.... Aztertu beharra dago aldaketa hau nondik eta zergatik datorren. Hori da behaketaren helburuetako bat. Bestetik, behaketarekin, haur eta gaztearen garapena jarraitu ahal izango dugu eta bere momentuko garapenean egokiak diren espazio eta materialak jarri ditzakegu bere esku. Beraz, behaketa aktiboa izan behar du ezinbestean. Hau da, ez da soilik aztertzen egotea, baizik eta garapen prozesuan laguntzea.

Behaketaz ari garenean, ezin dugu zelatatzearekin eta begiradarekin nahastu. Behaketa aktiboa izan behar duela esan dugu, hau da, helburu batekin egin behar dugu eta oso argi izan, heldua, zein planotan kokatu behar den zein momentutan. Haur edo gaztea behatzeak ez du esan nahi beti bere gainean egon behar dugunik, eta are gutxiago bere jarduna moztu edo kontrolatu.

Behaketak, akziora pasatzeko gaitasunak eskaintzen dizkigu, haur eta gaztea behatuz konturatuko garalako pertsona horren, behar eta egoera fisikoez eta emozionalez. Gainera, gatazka bat gertatzen denean edo benetako arrisku bat aurreikusten dugunean, zer egin eta zelan ekiditeko klabeak eskaintzen dizkigu behaketak.

Beraz, behatu ditzagun gure haurrak modu aktibo batean, ulertu ahal izateko haur edo gazteak noiz sentitu dezakeen beldurra, noiz dagoen pozik, noiz behar gaituen eta noiz nahiago duen bere mundua eraiki. Hau da, uneoro jakiteko haur eta gazteak zein behar dituen.

PROTAGONISMOA

Protagonismoaz hitz egiten dugunean, botere harremanez ari gara. Haur edo gaztea jolasten dagoenean, berak izan behar du protagonista eta heldua bestelako plano batean kokatu beharra dago. Haur edo gaztea jolasten dagoenean, atentzio puntua beraiengan zentratu beharra daukagu. Haur edo gaztea da jolasa bideratu eta zuzenduko duena eta heldua parte hartzaile bat gehiago izango da. Momentu horietan, boterea haur edo gazteari emateak, bere garapen psikosozialean lagundu egiten du.

Haurrak eta gazteak modu independentean jardun behar du. Horrela autonomia garatuko du eta bere gaitasunak kontuan hartu ahal izango ditugu. Horrela, sortu daitezkeen gatazken konponketa ahalbidetu dezakegu.

Boterea haur edo gazteari emateaz ari garenean, hau da, haur edo gaztea erdigunean jartzeaz, helduaren isiltasunaz ari gara. Helduak, noizean behin isiltzen ikasi behar du, haur edo gaztea jolasean dagoenean, premiazkoa ez den hizkuntzaren erabilera saihestu egin behar dugu. Momentu horietan, gure burua deskonektatzen ikasi beharra daukagu eta bihotzarekin eta gorputzarekin jolasean gozatu. Bestela, beraienak diren momentu horietan, gure buruan dauden eredu, ideia eta aurreiritzi asko txertatuko dizkiogu haur edo gazteari eta haur edo gaztea bakarrik heldu behar da pentsamendu horiek edukitzera. Guk tresnak eskura utziko dizkiogu baina haurrak edo gazteak, norbanako ezberdina den bitartean, eskubidea du bere pentsamendu propioak garatzeko.

Azken finean, LAGUNDU espazio eta inguru dibertigarria, erosoa eta estimulatzailea sortuz. KONPARTITU eta akonpainatu, oraina eta momentua gozatuz haur eta gazteekin egoten. Inposaturik gabeko jolasen aniztasunarekin ABERASTU. Autoestimua eta autonomia garatzeko ANIMATU eta BEHAKETA aktibo bat egin, ez soilik begiratu edo zelatatu.

Beraz, ez dezagun haur eta gaztearen jolasa bideratu baizik eta, izan gaitezen pertsona hauen bidelagun aktiboak beraien jolasean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide