Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibei buruzko formazioa Bartzelonan

Bartzelona. Sants. La Dinamo. La Col. La Borda. La Diversa. La Llealtat. Coop57. Can Battlo. La Ciutat Invisible. Hiri ikustezina, gure begietara horren ikusgarri, horren miresgarri, horren itsasargi.

Argazki bilduma hemen ikusgai.

Ekosistema. Horra hor 29 euskal herritarrek Bartzelonara etxebizitza kooperatiboaz sakon eta bertatik bertara formatzeko egindako espedizioak bueltan ekarri duen hitz gakoa. Etxebizitza kooperatiboak Euskal Herri luze zabalean erein eta saretzeko beharrezko dugun ekosistema osatzeko gogoa eta premia.

Lali, Hernan, Carles, Pol, Ferran… bidelagun paregabeak izan ditugu abenduaren 2tik 5era luzatu den formazioan. Bertan izan gara gure lurraldeko ertz askotatik batutako 29 lagun, dagoeneko lanean, proiektu eder bat esku artean duten Abaraskak (Donostia), Elkarbidean-ekoak (Donostia), Ametxea-koak (Gordexola) zein Etxekonak (Iruñea), bai eta Lanki Ikertegikoak, Ernai gazte erakundekoak, M-Etxea kolektibokoak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideak, Aholku kooperatibakoak, 373 Abokatuak taldekoak, Hiritik At kooperatibakoak, LZB arkitektura taldekoak eta beste hainbat norbanako ere. Ekosistema hori gurean ehundu eta josi nahi dugun osagai bizidunak.

Hiru eguneko formazioa, hamaika irakaspen
Olatukoop, Mondragon Unibertsitateak eta GEZKI Institutuak elkarlanean gidatutako KoopFabrika-ren eskutik hurbildu gara Bartzelonara, egungo LaDinamo fundazioaren bueltan saretzen diren esperientzia eta ibilibideetatik elikatzera. Eta ufa! Hau da hau betekada bueltan ekarri duguna. Garuna bor-bor, bihotzak taup-taup eta gorputzak dar-dar ekarri ditugu saku bete irakaspen eta amets berriz beteta.

Abenduaren 2a da, goizeko 10etan Bartzelonako Sants auzoko La Lleitalt Santsecan dugu hitzordua. Poliki poliki elkar ezagutzen ez dugun gazte, heldu eta nagusi euskaldunon taldea topatu gara atarian. Hiru egunez elkarrekin konspiratzeko ehunak batzera goazenaren jakitun agurtu gara, herabe eta apur bat konplize. Kooperatiba historikoa izandakoan sartu eta berehala ohartu gara eraikinaren bizitasunaz. Horma zaharrak eta berriak nahasian, zutabe sendoak eta harrailduak, memoriatik gordetzen diren harlauzak eta etorkizuna eraikitzeko zoru berriak. Gora begira lotu gara, espazioak transmititzen duenaz liluratuta.

Hernan Cordobak egin digu bertan harrera, eta bere eskutik lurreratu gara eraikinaren izatera. Auzoaren memoria kooperatiboaren berreskurapenean La Lleialtat Santsecak izan duen garrantziaz mintzatu zaigu, izan zirenaz, direnaz eta izango direnaz ere, hiru egunotan guztioi oso argi geratu zaigun moduan.

Hernan izan da ikastaldi honetan bidailagun izan dugun pertsonetako bat, bi lan-saio sakonetan bere diskurtsoaren harian seko kateatu gaituena. Ene! Eman soka luzeagoa gizon honi, ez baigara nekatuko entzuten, eta ikasten.

La Ciutat Invisible kooperatibako bazkide eta La Dinamo Fundazioko kidea da Hernan, eta josi duen esaldi bakoitzean argi erakutsi digu ezagutzear gauden ekosistema katalan horren oinarria zein den; lana eta pasioa. Behetik, ezkerretik eta femeninoan.

Aurrera bada. Gure buruak apenas kokatzeko astirik gabe sartu gara formazioaren aretora eta kupidarik gabe ekin diote batu gaituen zereginari. La Col arkitektura kooperatibako Lali Davi ezagutu dugu, formazio bizigarri honetan bidaide izan dugun beste kideetako bat. Ondoan genuenaren izena ezagutu barik eseri gara, hiru egunotako programaren azalpen azkarra entzun eta jarraian koadernoko orri zuriak betetzen topatu gara guztiok. Hernanek ekin dio, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiboen ereduko arlo juridikoa eta fiskala xehe-xehe azaltzera. Jurdikoa eta fiskala, ño! gosalduta etorri gara, bai, baina jakinduria gosez ere bai.

Eta hasi bezala kateatu ditugu 6 formazio blokeak hiru egunetan, Hernan eta Lalirekin batera aritu zaizkigun Pol, Carles eta Ferranen eskutik; entzun, galderak egin, proposamenak luzatu, gomendioak eskatu, apunteak hartu, entzun, galderak egin, apunte gehiago… ez gara nekatu, eta harritu gara, egin duten guztiaz, egin nahi duten guztiaz. Inbidia apur bat sentitu dugu bertan batu garen guztiok.

Erabilera lagapeneko etxebizitza Kooperatibak

  • Arlo jurudikoa eta fiskala: Abenduak 02, goiza// Hernan Cordoba (Ciutat Invisible)
    • Kooperatiba motak
    • Kooperatiben esparru legala
    • Fiskalitatea
    • Estatutuak eta barne-araudia
  • Nazioarteko politikak: Abenduak 02, arratsaldea// Carles (La Col)
    • Ereduen ikerketa
    • Irakaspenak eta ondorioak
  • Arkitektura proiektua: Abenduak 02, arratsaldea// Pol (La Col)
    • Proiektu-estrategiak
    • Parte-hartzea eta ahalduntzea
    • Arautegia eta legedia
  • Ekonomia eta finantzazioa Abenduak 03, goiza// Hernan Cordoba (Ciutat Invisible)
    • Bideragarritasun ekonomikoa
    • Egitura ekonomikoa
    • Finantzazioa eta bermeak
  • Zoruaren eskuragarritasuna eta politika publikoak Abenduak 03, arratsaldea// Lali Davis (La Col)
    • Esparru legal zehatza
    • Politika publikoa
    • Tokiko gobernuen zeregina
    • Zoruaren eskuragarritasuna
    • Lehiaketetarako klausulak
  • La Borda proiektuari bisita | La Dinamo eta bere eredua Abenduak 04, goiza// Ferran eta Lali (La Borda eta La Col)
    • Ereduaren ezaugarriak
    • Proiektuen abiatzea: gakoak
    • La Dinamo: deialdiak

Hiru egunotako bidean elkar ezagutu gara, apunte eta apunte arteko kafe, otordu eta garagardoetan; eta Sants auzoko hiri ikustezina osatzen duten zutabeak ere ezagutu ditugu; La Lleialtak, Can Battlo, Coopolis, LaCiutat Invisible, Coop57, La Diversa, La Borda… Memoria eta etorkizun kooperatiboaren bide zidor ederrean.

Ekarritako galderen erantzunekin batera galdera berri gehiago daramatzagu bueltan

La Dinamoko lagunengandik eta La Borda etxebizitza kooperatibako esperientziatik asko ikasteko aukera paregabea izan dugu Bartzelonako egonaldian. Esku artean lurreratzen ari diren proiektuak dituzten espedizioko kideen galdera eta korapiloak askatzen ahalegindu gara, AbaraskaEtxekonak eta Bizikooponeko proiektuenak, bai eta jakinduriaz lepo geunden beste norbanako eta entitate askorenak ere; sustapen lana egin nahi dutenenak, bidelagun izan nahi dutenenak…

Zeintzuk dira eredu hau sustatzeko aintzat hartu beharreko elementu eta klabe nagusiak? Nola egokitu eta “euskal herriratu’ dezakegu eredua lau foru herrialdetako eta bi administrazio autonomikotako Hego Euskal Herriko markora? Zeintzuk oztopoak? Eta hauek gainditzeko moduak?

Aldez aurretik motxilaratutako galdera asko erantzuteko gai izan gara La Dinamoko lagunen eskutik, baina guztiok ekarri ditugu bueltan galdera berriak, gure ingurune hurbilarekikoak, gure ezintasunekikoak, baina batez ere aurrera egiteko gure gogoekikoak. Eta trenean igo gara, hegazkina hartu, autoaren bolantean paratu, eta galdera horiei begira egin dugu etxerako bidaia, ametslari.

Aurrera beraz, nola bestela
Hiru egun intentso bezain eder izan dira. Motxila galderez, etxeko lanez eta ilusioz bete dugu. Aurrera begira, Euskal Herrian etxebizitza kooperatibo eredu honen, Erabilera lagapeneko Etxebizitza kooperatiboaren ildoa lantzeko ekosistema propioa sustatzeko konpromisoa hartuta. Hori nola egiten den? Bidea eginez, hanka sartu eta ateratzen, La Dinamoko lagunek proposatutako bost irizpide sendotan oinarrituta:

  • Kolektiboa eta irabazi asmorik gabekoa.
  • Inklusiboa eta partehartzailea.
  • Autoeraketa eta komunitate eraketa.
  • Ereduaren zabalkundearekin konprometitutako lankidetza saretuz.
  • Lurraldearekin eta etxebizitza eskubidearekin konpromisoa.

Iturria: Impuls Cooperatives de habitage

Bidea egiten jarraitzea baino ez zaigu geratzen hortaz, ondo eta asko ohartarazi diguten bezala, erraza izango ez denaren oso jakitun, baina motibazioz lepo, dabilen harriari goroldiorik batzen ez zaionez gero.

Eta zentzu horretan jarri gara lanean jada, Sants auzotik gurera etorrita, Gasteizen egin baigenuen hitzordua despedidako unean, urtarrilaren 26an batuko gara, igandez, ekosistema horren abiapuntu izan nahi duen hitzorduan (bertan parte hartzeko interesa izanez gero, jar zaitez KoopFabrikarekin harremanetan info@koopfabrika.eus helbidearen bitartez).

Moltes gracies! Bidean topatuko gara!

Arianne Kareaga eta Gartzen Garaio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide