MYRIAM RZM

"Zarata esperimentalean mugek laguntzen dute sormena"

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Goienetxea 2023ko eka. 16a, 16:00

Soinuarekin esperimentatzen ari da sortzailea. / Aiaraldea.eus

Myriam RZM (Dima, 1975) sortzaileak soinuaren eta erritmoen mugak eraman ditu Aiaraldea Ekintzen Faktorian egiten ari den egonaldira. Bihar bere lanaren erakustaldia egingo du 13:00etan Gardean auzoan dagoen pabilioian.

Trenez iritsi da Laudiora. Geltokitik oinez etorri da Faktoriara, bere motxila, zaku, esterilla eta soinu-tresnen karro-montajearekin. Gurpildun maletak gastatuta ditu gurpilak, eta beste orgatxo baten gainean dakar maleta. "Gurpilak aldatu behar dizkiot, handiagoak erosi, gehiago agoantatzen dutenak".

Faktorian geratuko da bost egunez, eta lehenengo gaua nola pasatu duen galdetuta, irribarre atsegin batekin "oso ondo" erantzun du. Prest zegoen askoz prekariago lo egiteko, eta kamerinoan muntatutako logelarekin oso gustura deskantsatu duela dio.

Bezperan muntatu du soinu-instalazioa areto txikian. Kamerinoko mahaia hartu eta gainean destolestu ditu tresna elektronikoak, kobrezko hariak, pilak, pedalak... eta galdera ikurrak eragiten dituzten hamaika traste. Maskor bat, adibidez. Monitore autoanplifikatu bi konektatu ditu gelaren albo banatan, lurrean. "Gustatzen zait ni nagoen lekutik hurbil kokatzea, ez altu eta urrun".

Erritmo kolpeak. Distortsio gorabeherak mugimenduan. Feedback erretroalimentazioak zirkuituan.Vocoder antzeko intziri metalikoak zapatapetik. Industriaguneko beste zarata mekaniko batzuen antza du. Trena hurbil pasatzen denean triki-traka eta gidariak jotzen duenean deiadarra (Fuh! ozen bat), zarata-soinu batekin erantzuten dio Myriam RZMk (Dima, 1975), bere praktika-mugimenduekin jarraitzen duen bitartean. 

Jantzita dauka peto bat soinean, audio-hariekin gorputz adarretaraino eta guztia mahaira konektatuta. Pieza txiki bat du eskegita eskumako zapatatik, adibidez, altzairuzko kable baten puntan mosketoi bat arrastaka: seinale elektrikoa iristen da bafleetara, eta kontrol-mahaian gurpilak eta bolumenak egokitzen ditu bi eskuekin, eskumako oina jasota daukala, ezker-hankaren gainean oreka mantenduz.

Izterra kargatuko zaizu entseguetan, ezta?

Bai, eta entseguetan baino gehiago, zuzenekoetan! Nahiz eta emanaldia laburra izan, hain da intentsoa jartzen duzun energia eta nerbio hori, bukatu eta gerora, ez dakit esaten zenbatera, baina pixkat subidoia bajatzen hasten zaidanean, bai, bai... Hurrengo egunean ere igartzen dut, aldaka edo atalen bat, zelan fortzatu dudan alde bat gehiago, alde horrekin aritu naizelako sortzen soinuak. Desoreka nabaritzen da. Luzapenak egin behar dituzu! Kar, kar...  Exajeratu barik, baina horrela da, bai. Gorputzaren mugimenduekin, erabiltzen dituzu gehiago postura batzuk eta abar, eta gero igartzen dut alde bat pisutsuago edo nekatuago.

Mugimenduekin sortzen dituzu soinuak. Helburu koreografikoren bat ere bilatzen diezu?

Ez.

Baina teatro apur bat bai baimentzen diozu tarteka zure buruari, ez?

Tira, bai. Kontuan izan, hau niretzat ez dela bakarrik soinu emanaldi bat. Soinuaren detaileak eta ñabardurak ez dira inportanteena. Jolasten dut horregaz eta performatibitateagaz. Orduan, mugimenduak sortzen duen soinuarekin, uzten diot nire buruari jolasten ibiltzea, jakinda zein erraminta dauzkadan gorputzean, gogoa ematen didaten mugimendu eta keinuak egiteko. Baina inoiz ez diot bilatu koreografia zentzurik, ezta dantza izan dadin ere. Egiten dudanari nik deitzen diot zarata proto-rituala, horrela kontsideratzen dudalako: sartzen naiz ni, tresna horiekin, zaraten aurrean, eta hor murgiltzen naiz. Ez dago pautarik markatzen duenik zelan mugitu behar naizen, bakarrik dakit mugitzen naizela eta mugitu gura dudala.

Izan ere, honekin guztiarekin hasi nintzen aprobetxatzeko lehendik ere pila bat mugitzen nintzela zuzenekoetan. Bateria jotzen nuenean [Gora Japon eta Magmadam taldeetan], eserita baina pila bat mugitzen nintzen, eta beti zegoen hor 'hau nahi dut' bat: soinu gordinekin eta efektuekin murgildu eta mugitu. Baina, nabilenean, inoiz ez dut fokua jartzen zein mugimendu geratuko zaidan dotore edo... ez. Ez da nire helburua eta ez dut nahi hori, dantza eta soinua uztartzea-edo. Gehiago da mugimenduaren bidez sortzen den soinuaren erritual abstraktu bat.

Soinu tresna elektronikoak gorputz ataletara lotuta aritzen zara. Nola eman zizun hortik?

Azaldu dudan grina edo gogo horretatik, mugimendu eta energia hori aprobetxatzeko. Aspalditik ibili naiz kontaktu-mikrofonoekin jolasten, gauza oso sinpleak direnak, neuk eginak, eta merkeak gainera. Horrekin jolasten. Oso soinu gordinak ditu eta beti interesatu zait. Tresna horiek eta mugitzearen grina lotuta, hasi nintzen beste artistengandik ikasten: Turimanea, Terri Florido, Corazón de Robota... Halakoak egin izan dituzten artistekin, oinarriak ikasi eta zirkuitu eta dispositibo batzuk eraiki. Adibidez, argiaren-theremin-a deitzen diodana, argiagaz erreakzionatzen duena, edo sintetizadore konduktiboak, bere polo biak itxi eta gorputz konduktibo bat zeharkatuz zarata emititzen dutenak...

Horiek guztiak aplikatu eta gorputzari lotzen hasi nintzen. Peto bat josi nuen material birziklatuekin eta abar, zerbait sinplea: patroi bat egin nuen, ebaki nuen kalean topatutako sofa baten larruarekin, gero nik jantzi ahal izateko, eta gainean doaz kontaktu mikrofonoak eta theremin optiko hori, mixer edo nahasketa-mahai txiki batekin: eskuetan bi mikro, hanketan beste bi, gerrikoan theremina eta nahasketa-mahaitxoa eta hortik kontrol-mahaira, efektuetara eta abar. Nahiko sinplea da, egia esan, ez da batere sofistikatua, ez daukat interfazerik edo halakorik. Da zerbait doana kabletik kablera, eta ya.

Mahai gainean badituzu tresna gehiago. Adibidez, maskor bat, mikrofono bihurtua, eta halako gauzak.

Bai, dira beste detaile batzuk baina funtzionatzeko modu berberarekin dute zerikusia. Adibidez, badaukat lata bat malguki batzuekin, eta horrek ere barruan kontaktu-mikrofono bat dauka: konektatzen duzu jack bategaz eta anplifikatzen duzu. Maskorrarena opari bat izan zen. Lagun batek, Joel-ek egin zidan [Joel Englund, dj suediar eta artista transdiziplinarra, Abyme Nabar proiektuan bere kide dena]. Efektu mikrofono bat da, berak soldatua. Berez erraza da muntatzen, Do it Yourself kit batean datorren horietako bat, baina, inportantea kasu honetan diseinu pertsonalizatua da, berak eman ziona. Gu bion arteko desberdintasun handiena hori da igual, nik ez diot garrantzia handirik ematen diseinuari edo apaindurari. Tripak bistan dauzkate nire tresnek. Tira, hori ere bada diseinu modu bat, kablea nola jarri eta hori nola geratzen den bistan. Baina, berak, bi bieira maskor hartu zituen, bisagra batekin lotu, barruan sartu zirkuitua, txukun soldatu, zetazko oihaltxo batekin estali eta perla bat ipini erdian, ostra bat balitz bezala. Sekulako oparia egin zidan, noski. 

Mugimenduak soinua eragiten du, baina era berean mugimendua mugatua da, soinua eraldatzeko kontrol-mahaiak lotuta zauzkalako... Nola egiten da dantzan sokatira horren baitan?

[Irribarre lotsatia egin du] Nola egiten dudan? Ba praktikagaz kar, kar. Urte pila bat daramatzat zuzenean jotzen, baina, bakarrik, lehenengoz, 2018an hasi nintzen, eta, proiektu honetan ni naiz nire soinu teknikaria, gehi performerra, eta dena. Orduan, hasieran bai zen oso estresantea: mugitu behar naiz, baina hemen [mahaira hurbildu da] egon behar dut ere bai, aldatu behar dut hau, zerbait ahaztu zait, baina aurrera jarraitu behar dut... Eta gertatzen zaizkit halakoak, baita gaur egun ere, baina orain beste era baten egiten diot aurre, lasaiago. Estresa da unean unekoa, zuzenekoaren adrenalinarena, momentuan bertan hainbat gauza aldi berean maneiatzearena, baina bihurtu da organikoagoa, sueltoagoa..., praktikaren bidez. Eta oraindik asko dut ikasteko!

Eta nola egiten du dantzan Myriamek trasteak soinetik eranztean? Hau da, beste norbaiten musikarekin? Beste sortzaileen teknika aztertzen duen horietakoa zara edo badakizu deskonektatzen?

Erabat. Teknika gainera, nik, beharrezkoa baino ez; sekula ez nau gehiegi motibatu. Beraz, bai, besteen kontzertuetan disfrutatzen dut, eta barrura iristen bazait, noski, dantzatzen dut. Nola? Askotan bibratuta bakarrik, asko laguntzen du gainera zure egoteko modua lasaitzen edo beste frekuentzia bat hartzen, erlaxatuagoa. Hori bai, zerbait berezia deigarri egiten bazait, gero galdetu ahal dut edo saiatu ulertzen nola egiten ari den hori. Baina ez naiz horrela egoten kontzertutetan, egoten naiz entzuten eta disfrutatzen.

Elektronikaz eta teknikaz oso oinarrizko kontuak bakarrik dakizkizun arren, esperimentaziora ausartzen zara... Mugek laguntzen du sormenean?

Nire kasuan eta zarata esperimentalean gabiltzanon kasuan, bai, zeren, errorea, parte da ere, erabili egin ahal duzu. Bidean, leku askotatik pasatzen zara. Nik tresna bakoitza ez dut abordatzen lehenengo teorikoki edo teknikoki, abordatzen dut zuzenean praktikan. Hor topatuko dut nire burua anabasa handiagoetan edo txikiagoetan, baina hori izan da nire ikasteko era: egiten. 

Eta akatsa bera ere erabili.

Bai, bai, parte da. Izan ere, nire zuzenekoak inprobisatuak dira beti. Badakit zer erabiliko dudan [mahaiara begiratzen du zabalera osoan tresnak irudikatuz], baina inprobisatu egiten dut. Hor bertan ere, zuzenekoetan, gertatzen dira akatsak, eta harrera egiten diezu edo pasatu egiten zara beste gauza batera. Osagai bat gehiago dira.

Emaitza ez da garrantzitsuena, esan izan duzu. Kirolean ere berdina esaten zaie eskola-umeei, garrantzitsuena parte hartzea dela. Baina, azken finean, ez al du emaitzak agintzen, baita Kulturan ere?

Mainstream mundurako bai, emaitza da garrantzitsuena, baina, inguruan hainbat mundu gaude: azpikoak, paraleloak, igurzten garenak, nahasten garenak... Nire bizitzan ere, beste hainbat eremutan, horrela praktikatu ditut gauzak beti, emaitzaren kezkarik gabe. Adibidez, eskalatzea gustatzen zait. Kalean dauden boulderrak-eta askotan erabili izan ditut, eta inoiz ez dut egiten eskalada entrenatzen den bezala: eraginkorrena izateko bide hau jarraitu, gero horra mugitu... Libreki erabiltzen dut hori, zeren, erabili daiteke horrela ere. Esango nuke, ia gauza guztiak, kirurgia izan ezik pertsona batengan, libreki praktikatu ahal direla. 

Zer galtzen du ikusentzuleak entseguetatik, kontzertuan errepikatuko ez denik? Zer da entseguetan bakarrik gertatzen den hori?

Agian beste zerbait ere erantzun nezake, baina esango nuke ez duela ezer galtzen. Entseguetan ez zaude kontzertu baten daukazun energiagaz. Eta eskertzen dut hori ikusten dudanean ere, batez ere zuzeneko esperimentaletan, ikusten duzula aztarna bat eta energia bat ez dena egon entseguetan. Beraz, hori esango nuke, ez dela ezer galtzen. Zulotxo batetik begiratuta entseguetan zer egiten ari naizen? Tira, agian sosoagoa eta aspergarriagoa da publikoa dagoenetan baino, zuzenekoan dagoelako puntu bat gehiago, norbere energian, ez dagoena entseguetan. 

Adrenalina?

Bai, horrelako egotaro bat... Zeren, ari zara konpartitzen etxean egiten duzuna, eta... Hori beste gauza bat da.

Eta gerta daiteke akatsen bat interesgarria gero zuzenekoetan ezin izan duzuna berdin berreskuratu?

Bai, izan daiteke. Hori justu ez, baina gertatzen dira ezinezko batzuk entseguetan, bai. Adibidez, soinu-tresnen set gordin edo sasitza hori, etxean ez dut edukitzen anplifikatuta, aurikularrekin aritzen naiz, jende zaharragaz inguratuta bizi naizelako. Hor gertatzen da zenbait dispositibo erabiltzen dituzula, gero, zuzenean, ez dutela berdin erreakzionatzen, anplifikazio handiagoa dagoelako, feedback gehiago gertatzen direlako zirkuituetan eta abar.

Latarekin gertatzen zait, adibidez: kontaktu mikrofono bat da, baina, era berean, erresonantzia kaja bat dauka eta metalezkoa gainera. Etxean, anplifikazio barik, balio dizu gehiago perkutiboki, eta soinua suabe ere atera ahal diozu, lasai erabili ere bai. Baina, zuzenean? Lehenengo aldiz erabili nuenean, ertz guztietatik kanpo joaten zitzaidan zarata [garraxi egiten du], eta egia esan asko gustatu zitzaidan. Halakoek ez didate eragiten "honek ez dit gehiago balio" pentsatzea, ezin dudalako berdin erabili etxean eta zuzenekoetan, ez, beste era batera erabiltzen dut: susto-kolpe batzuk emateko, adibidez. Hori izan daiteke adibideetako bat, nola etxean eta zuzenean tresnak desberdin funtzionatzen eta erabiltzen ditudan.

Do It Together. Zer ematen du publikoak edo paisaiak, lekuak berak? Iritsi zara inoiz, interakzio horretan, zu sortzaile baino ia-ia zu entzule izatera uneren batean? 

Zehatz orain ez daukat gogoan unerik, baina esandakoa bai, bat-batean leku batek eta leku horretako ekipoak ematen dutena sorpresa itzela izatea, eta gertatzen zaizkizu aurretik sekula gertatu ez zaizkizun gauzak, eta soluzionatu behar dituzu momentuan edo beraiekin jolas egin edo...

Zer du leku honek berezia, Faktoriak?

Oso zabala dela. Nahiz eta pixkat barruan ibili entseatzen, dauzka paseko eremuak, pasadizo sentsazio bat, eta aretoko kortina zabalduta dagoenean ere kanporako leiho handi hori... Trantsizio espazio bat da. Soinu aldetik? Oso ondo entzuten da, daukadanerako oso ondo. Agian konfliktiboagoa izan daiteke beste artistaren bat badator, egn nahi duenaren arabera, paseko hainbeste gauza eta inguruan gauzak gertatzen ari direla, izan daiteke gatazkatsuagoa.

Baldintza horiek, sormena ere eragiten dute nolabait? Edo uzkurtu egiten zaituzte?

Uzkurtu ez. Zabalik dago eta gero zuk erabili ahal duzu edo enfokatu zure praktika gehiago kanporaka edo barrurak, baina uste dut neutrala dela espazioa, bereak diren berezitasunekin.

Kontzertua eskainiko duzu [ekainak 17, 13:00etan], jendaurrean. Irudikatzen hasi zara nolakoa izan daitekeen?

Bai... Zeintzuk izan ahal diren aukerak... Oraindik probatu behar ditut gauzak [asteartea da], baina zabaldu zaizkit ideia batzuk egonaldiaren bukaerarako, barruan, ze kokapen eta ze posibilidade. Hasi naiz pentsatzen, baina hasi baino ez naiz egin, e!  

Diskurtsorik badu zure obrak?

Inoiz ez dut eduki nire burua diskurtsoa duen artista edo egiletzat. Egilea bai naiz, baina, diskurtsoa... Hitz egin dezakegu eta matize asko aurkitu prozesuaz, zergatiez, zelan egiten dudan egiten dudana... Hori guztia konbertsazioan azalduz joan daiteke, baina ez daukat diskurtsorik egituratuta.

Azalpen asko eman behar izaten dituzu egiten duzunaz?Zure jarduna argudiatu? Musikari zarela esaten duzu?

Azalpenik, bereziki... ez. Galdetzen badidate bai, ikusita zer egiten duzun eta galdetu honetaz eta hartaz... Edo beste galdera popular hori: "Baina hau musika da?". Galdetu izan didate igual "esperimentatu, nora heltzeko?".

Zein da helburua, ezta?

Horrelakoak. Baina, orohar, ez naiz sentitu azalpen gehiegizkorik ematera derrigortuta. Galderak egiten dituzte eta horri halamoduz erantzun eta aurrera.

[Une batez pentsakor egon eta itxaroteko keinua egin du]

Barkatu, puntualizazio bat. Zuzenekoetan bai, teknikariekin askotan azalpenak ematen ibili beharra tokatu zait, ohituta ez daudelako, agian rock munduan ibili direlako gehiago, eta egiten dituzunean zure soinuak beraientzat hori pentsaezina delako. "Zerbait txarto dago". Horrela esaten dizute. Askotan. Orduan, bai sentitu izan dut abisatu behar nituela aurretik: lasai, soinu hauek saturatuta daude, baina nahita; ez ditut kontrol-mahaiean argi gorriak piztuko, horren barruan bidaliko dizut seinalea, beraz, zu moldatu horrekin, nahiz eta pentsatu zerbait apurtu dela edo konexioren bat kraskatu dela. Teknikari batzuekin bai eman behar izan ditut azalpen luzeagoak, baina gero eta gutxiago. Urteekin, gero eta ohikoagoa da topatzea norbait, teknikari bat, nahiz eta sekula ez duen presentziatu kontzertu esperimentalik, ulerkorra dena eta oso erraz eman dena harremana. 

Babesguneak behar ditu sortzaileak? Antzeko ideiak eta inkietudeak konpartitzen diren espazioen eta horrek ematen duen ziurtasunaren bila joaten da bat, nahigabe ere?

Badago erlazio natural bat: zer egiten dugun, zirkuitu batzuetan jotzen duzu, beraz zirkuitu horietan elkar ulertzen dugu errazago. Baina, tira, urteekin, gero eta sentsazio gutxiago daukat babesgabe sentitzearena zirkuitutik kanpo ere. Nahiko ondo doaz gauzak. 

Zelan sentitzen zara entseguan murgiltzen zarenean?

Ba, sartzen zarenean, horretara zaude. Ez naiz 24 orduz horretara emana dagoen norbait, braz, sartzen naizenean gustatzen zait kontzentrazio hori, eta publikorik gabe, ahal bada. Beste arlo batzuetan ere berdin gertatu izan zait. Rock lokalean, adibidez, nahiago nuen jenderik ez egotea, eta praktikatu behar izan dut onartzearena, baina, probatzen banago, nahiago dut ez egotea norbait begira. Presio gehigarri bat dago eta ez nago guztiz lasai. Eta, oso ohikoa zen rock entseguetan taldekideen lagun kuadrila osoa etortzea lokalera, begira. Gertatzen zen eta onartzen nuen, baina nahiago nuen ezetz. 

Gordeleku bat gurago.

Nahiago, bai: praktikatu nire gauzak eta gero erakutsi, publikoaren aurrera. Baina, tripetan nagoenean nahiago dut neure buruarekin neu bakarrik egon, lasaiago nago. Edozertarako. Brikolajean ere bai, kar, kar, kar.

Egongo dira egunak eta egunak, entseguetan. Batzuetan sentitzen duzu konektatzen duzula egin nahi duzun horrekin, klik hori, ezta? Beste batzuetan, ordea, agian errepikakor sentitzen zara... Nola kudeatzen da hori?

Ba basora alde eginda. Adibidez. Edo hondartzara.

Badaude horrelako egunak, orduan.

Bai, noski. Eperik ez baldin badaukat zerbait entregatzeko, nire praktika da sentitzen naizenean eta gogoa sortzen zaidanean zerbait egiteko, grabatzeko, sesio bat egiteko. Eta hor zoaz. Horretara. Baina ez naiz egunero eta ordutegi batekin nire burua behartzen duen norbait. Orduan bai gertatzen zaidalako gehiago, horrelako praktika batean, errepikakorra izatea. Horrorea sentitzen dut, adibidez, ez dakit zenbat entsegu egin behar dituzula abesti berdina errepikatuz eta errepikatuz. Nire praktikan hori ez da gertatzen. Bai errepikatzen dira soinu eta testura batzuk, erabiltzen dituzunak, baina egiten duzuna sekula ez da berdina zehazki. Badaude egun flojoagoak, eta tira, ba eguna ez da horretarako. Eta kitto.  

Testura berberekin aritzeak badu arriskurik monotoniarako?

Izan daiteke, bai. Gertatzen da, bai. Orduan aldatu behar dut egiten ari naizena, beste zerbait egin. 

Aspertu zara noizbait zure buruarekin?

Bai, momentu batzuetan bai, noski. Ez dut etengabe nire burua gogoko.

Konfort eremutik ihes egitea bilatzen duzu?

Hori baino, ez pentsatzea gehiegi horretan. Pentsatze hau egiten dudala nahi dudalako. Sentitzea gogoa dudala. Eta saiatzen naiz osagai hori txertatzen: ez pentsatu gehiegi gauza horietan.

Zer behar du sortzaileak eta inprobisatzaileak: teknika, ulermena inguruaren partetik, askatasuna, isiltasuna, publizitatea, bere lana erakusten duenean arreta bat, zein kopururekin dago eroso, gordelekua, eszenarioa... Zer behar du?

Esan duzun guztiaren neurri bat, bai. Gero, errealitatean? Faltako dira gauza batzuk eta egongo dira beste batzuk, baina adaptatzea da niri ateratzen zaidana, tresna gisa. Adibidez, publiko kopurua, kontzertu bat ematera joan eta wow ze pena lau katu datozelako, eta bat-batean oso kontzertu ona da, bai zuretzako eta bai ikusten dituzulako lau pertsona horien feedbacka. Denetarik egon daiteke. Baina, egia da, ikuspuntu errealista batetik, zure saioa ordaintzeko sarrera kopuruaren menpe badago, lau pertsonarekin ez daukazu autobusa ordaintzeko ere. Hala ere, halakoetan, pertsona horiekin oso kontzertu ona gertatu bada, energia hori partekatu bada, ba onartzen duzu beste alde hori eta ba tira... Baina hori ere gai luzea da. Faktore asko daude.

Zer moduz koltxoia?

Oso ondo.

Zer moduz Faktorian zuk bakarrik gaua pasatzea?

Lehenengo gaua oso ondo. Prest nengoen askoz leku okerragoan lo egiteko, zeren egin izan dugu lo askoz leku okerragoetan. Leku horietan ere, zertara zauden motibatzailea bada, berdin dit oheak, nahiz eta gero esaten duzun [eskua gerrira eramanda dio] "ai, hartu behar nuen lo-leku hobea". Baina, berdin dio, gustatzen zait hori ere. Hemen, luxuzko txoko bat prestatu duzue: hori logela bat da. 

Zer kozinatu zenuen atzo?

Dilistak. Dilistak pikanteagaz. Ekarri nituen txile pikante freskoak, oso engantxatuta nagoelako. Rocoto motakoak. Txikitu, dezente gehitu, berakatza eta espezieak, curry, eta halakoak. Behar nuen, e! Zeren, neraman asteburua bokadilo asko jaten eta hori, adinarekin, fisikoki, pila bat igartzen dut. Gorputzak eskatzen dit koilara. Jan, baina ondo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide