F2030 GOGOETA ESTRATEGIKOA

2030 urteari begira, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Gogoeta Estrategikoa abian!

Aiaraldea Kooperatiba Elkartean bi etapa edo ikasturteetan marraztuko da 2030.urterako bidea. Olagarroa bailitzan, irailetik ekainera Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren “buruan” zentratuko gara egitasmo orokorra definitzen; eta datorren urtean erabakitzen ditugun ildo edo “hanka” estrategikoen Gogoeta Estrategikoak gauzatuko ditugu, komunitatea erdigunean jarrita.

Parte hartze prozesu komunitarioa martxan du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Helburua 2030.urteari begira egitasmoaren norabide eta bideorria definitzea da.

Horretarako, 'F2030' Gogoeta Estrategikoa abiatu du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak, gaur arte eginiko ibilbidea baloratu; bisio, misio, balio eta eragin eremuak egungo errealitateetara egokitu eta geroa argitzen jarraitzeko. Hori dela eta, ‘Geroa argituz, bagoaz!’ lelopean hainbat saio antolatuko dira datozen hilabeteetan eskualde osoan barrena.

Zer da eztabaida estrategiko bat? Gure egitasmoaren norabidea gidatuko duen prozesua da, lerro eta helburu estrategikoak definitu eta 2030. urteari begira garatu beharreko bidea zehaztuko duena (Bere momentuan, Aiaraldea Egunkaria argitaratzea, Faktoriaren irekiera, Hezkuntza eskaintza eta abarren sorrera ekarri zuena). Luzea eta oparoa izan da Aiaraldea Komunikazio Leihoa (2009) sortu genuenetik gaur arte eginiko bidea. AIARALDEA 2015-2020 Gogoeta Estrategikoak ekarri gaitu 2023an Faktoria espazioa izatera, edota hainbat ildo sozial lan esparru bilakatzera (hezkuntza, feminismoa, kultura, elikadura burujabetza, ekonomia sozial eraldatzailea..). 

Gogoeta Estrategikoaren bidez, gaur egungo errealitatetik etorkizunera begiratu (2030) eta egin zein desegin beharrekoak jarriko ditugu mahaigainean

Garai hartako erronken fruitu dira Aiaraldea Komunikabidearen hainbat euskarri -papereko hamabostekaria kasu- edota euskararen normalizazioan eragiteko Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren sorrera ere, beste hainbat ekintzekin batera. Ezbairik gabe, asko dira garatutako proiektu eta tresnak, baita alboratutakoak ere. Gogoeta Estrategikoaren bidez, gaur egungo errealitatetik etorkizunera begiratu (2030) eta egin zein desegin beharrekoak jarriko ditugu mahaigainean, guztion artean entitate gisa nora, nola, zergatik eta zertarako iritsi nahi dugun adosteko. Eraldaketarako espazioak sortuta, prozesu eta erabaki guztiak komunitatea erdigunean jarrita hartuko ditugu, Aiaraldean euskararen unibertsoa sendotzen jarraitzeko.

Bost fase

Bost fasetan garatuko da prozesu osoa eta parte hartzeko Feztabaidak antolatuko dira hainbat unetan. Ondorio eta analisi bildumak Faktoria.eus/F2030 webgune berezian eta ekarpen digitaletarako atondutako gela birtualean egongo dira eskura.

● 2023/24 ikasturtean Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen buruan zentratuko gara
● 2024/25 ikasturtean erabakitzen ditugun lan-ildo estrategiokek euren Gogoeta Estrategiko propoioa garatuko dute, beti bezala, sarelanean!

Herriz herrikako aurkezpenak

F2030 prozesua bazkideei azaltzeko Herriz herrikako aurkezpenak antolatu ditugu urriaren 30etik azaroaren 4ra. Sei hitzordu izango dira, arratsaldeko 18:00etan guztiak; eta bertan partekatuko ditugu Gogoeta Estrategikoa osatzeko egindako eta egiteke dauden urratsak. Hala, bazkideen iritzi eta sentsazioak jasoko ditugu, analisi fasean txertatzeko. Herriz herrikako aurkezpenak irekiak izango dira, eta bakoitzak aukeratuko du zein hitzordura batu (izena-ematea beharrezkoa da antolaketa lanak errazteko):

  • Urriak 30, astelehena: 18:00etan Urduñako Alondegian (4.pisuan)
  • Urriak 31, asteartea: 17:30ean Arespalditzako zentro soziokulturalean
  • Azaroak 1, asteazkena: 18:00etan Arrankudiaga-Zolloko Gizarte Etxean
  • Azaroak 2, osteguna: 17:30ean Orozkoko Kultura Etxean
  • Azaroak 3, ostirala: 18:00etan Amurrioko Kultura Etxean
  • Azaroak 4, larunbata: 11:00etan Faktorian (Laudio) 

Horrez gain, hurrengo urratsen artean, tokiko zein Euskal Herriko eragile estrategikoekin lan-saio bat deituko da, gaur arte eginiko ibilbidearen balorazioa ertz gehiagotatik erdiguneratzeko.


Nola hartu parte?

Aiaraldea Ekintzen Faktoria 2030 Gogoeta Estrategikoan parte hartzeko modu asko daude. Hitzordu presentzialen deialdiak faktoria.eus webgunearen bitartez eta ohiko komunikazio kanalen bidez zabalduko dira. Online ere egin ahalko dira ekarpenak.

Edonork prozesuaren inguruko zalantza, interes edo ekarpenak partekatu nahiko balitu, 688 625 900 telefono zenbakiaren bidez (edota faktoria.eus webgunean bertan) kontakta dezake gurekin. Geroa dugu argitzeko. Bagoaz. Bazatoz?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide