Amurrioko udalak, aek-ren laguntzaz apirilaren 6an antolatuko duen mintzodromoan parte hartzera gonbitea luzatu nahi du. Goizean Amurrioko ikasleen txanda izango da eta arratsaldean berriz beste guztientzat. Amurrioar euskaldun orok har dezake parte. Doakoa da. Ordu bateko iraupena izango du eta enparantzan egingo dugu.
Berdin du elkartetik partaide bat zein guztiek parte hartu nahi duzuen, denak ongietorriak izango zarete. Hala ere, konfirmazioa eskatu nahi genizueke.
Baina badakigu mintzodromoa zer den?
Euskara kalera ateratzea eta euskararen erabilera indartzea da mintzodromoaren helburua, jendea herriko plazan edota herriko leku erreferentzial batean euskaraz hitz egiten jarriz. Egunerokotasunean pil-pilean dauden gaiei buruz talde txikietan eztabaidak sortzea da ekinbide nagusia, unibertsalagoa den “World Cafe” formatuari jarraituz, baina beti ere euskaraz. Honekin euskara ikasten ari den pertsona euskaraz hitz egitera animatzea lortu nahi da; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenaren motibazioa areagotzea… azken finean, euskara eta euskaraz konpartitzea. Mintzodromoan, euskaldunak elkartuko dira eta elkar ezagutuko dute, eta lagun giroan tarte atsegina pasatuko dute euskaraz.
Animatu eta zabaldu!