Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak larunbatean Euskararen Nazioarteko Egunean irakurritako mezua Amurrioko ekitaldian:
“...eta ideiak dantzan jarri ziren egun batez. Territorio bereko energiak batu eta esku zein ahoak mugimenduan jarri ziren. Nazkaturik zeudelako dagoeneko. Nazkaturik euren hizkuntza pil pilean eduki nahi izan, eta ezinaren ezinean itsututa eta iltzatuta sentitzeaz.
Hitza eman eta botatzea erabaki zuten araba eta bizkaiko mugan barrena. Bere sustraiak eta herritarrak batu, eta eurena zena berreskuratzeko plana abiatu zen orduan...”
...eta ez lagun, ez da ipuin bat, ez da fabula bat, poema soil bat. Duela urte batzuk belaunaldiz belaunaldi abiatutako ekimena, hautua eta desioa baizik. Hamarkadetako lanak eta izerdiak ekarri gaitu hona. Eta gaur, hamarnaka eta ehundaka euskaltzaleren ufadari esker elkartu gara hemen. Gure hizkuntzarekiko konpromisoa eta maitasuna adierazteko batetik, eta eskualde honetan nahi dugun hori errealitate bihurtzeko gai garela aldarrikatzeko, bestetik.
...gure amodiozko matxinada da honakoa. Aiaraldeko herritarrak batu eta euskaraz bizitzera goazela argi uzten duen matxinada. Herritar xume, bakan, arrunt, soil, gazte, ez hain gazte, zahar, etorri berri zein jatorrizko, txiki zein handi... askotarikoen artean sortutako altxamendua da hau. Marka uzten duen urrats handia da gaurkoa. Ondo zaindu eta mimatutako beldarra... tximeleta bilakatzen den gisan. Atzorarte elikatu, landu, mamitu dugun momentua izan da gaurkoa. Euskalgintzaren Kontseilua jaio eta gutxira abiatutako bidezidorra. Bihurgunez bihurgune eta maldan gora, irrika biziz hartutako konpromisoen artean gure HEGALDIA: sabelean gordeta genituen tximeleta ederren hegalaldia HASI da lagunok! .........Askatu ditugu barrenak, gure hitzak, konpromisoak, maitasuna, begirunea, beldurrak, erronkak, ilusioak... askatu gara dagoeneko... askatu dugu euskara... hegan eta dantzan jarri dezagun... gurekin... gure mugimendu eta putz bakoitzarekin
...tximeletak, beldar izan ziren. Orain bi urte etorri zen mundura, eta gaur, inoiz baino indar gehiagoren ari da hegan. Arakaldo, Okondo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Aiara, Amurrio, Urduña, Artziniega zein Laudio. Berdin da non, berdin da noiz. Milaka kolorek zipriztindutako zirrara senti daiteke orain. Euskarari begirada lotsatiarekin so egiten zioten horiek ere hurreratu dira gurera. Euskararen lorategira. Lorez lore hegan ibiltzeko, lorez lore euskara polinizatzeko, lorez lore... gure territorio liluragarrira UDABERRIA ekartzeko.
...ez da nolanahiko LORATEGIA gurea. Gure loreek errota itxura dute. Gure loreek mugimendua sortzen dute. Mugimendua naturak berak probokatzen du, guk geuk, gure arnas estuek, gure birikek, gure bulkadek... irailetik hona GOGOR egin dugu putz, bakoitzak bere ingurunean: eskolan, familian, lagunartean, lantokian, lankideekin, bezeroekin, zuzendariaren edota esne-saltzailearekin. Guztiok egin dugu putz, euskararen haizerrotak dantzan jar daitezen. Norberak bere denboran, norberak bere neurrian, askorekin edo gutxi batzuekin, baina, tinko, sendo, pausorik pauso... pausatu gabe.....Eta gaur, gure matxinada ttipia, abiatu besterik ez da egin!
... Herri txikia bezain handia da gurea, euskararena. Eta era berean, jakin badakigu euskara dela gure territorio libre bakarra. Ahotan jarri dugu sarri, kantatzen duen herria ez dela sekula hiltzen. Eta dantzan jartzen ez bagara, ez dela gure iraultza... Artze entzutsuak zioen gisan, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakigunok hitz egiten ez dugulako baizik...
...beraz, gurea da ardura, errota martxan jartzeko zeregina, ez geldiarazteko nahia eta beharra, mugimenduan eta erritmo motel zein azkarragoetan dantzarazteko betekizuna. Gaurko LORATEGIA ez da ipuin soil bat, gaur hemen gaudenak ez gara AMETS huts bat. Nik eta zuk, zuk eta guk, guk eta haiek... DENOK, DEN DEN DENOK elkarren mingain eta belarriak konplize bilakatuta SOILIK egingo dugu posible biharko Aiaraldea euskalduna.
...Aiaraldea euskaldun! Gaur, bihar eta etzi. Hauen ondoren eraikitzen jarraituko duten errota eta belaunaldi orok jakin dezala, Aiaraldea euskalduna dugula maite! Aiaraldea euskaldun egiten ari garela, eta etorkizun hurbil batean, euskaraz bizitzeko grina eta gozamena GUREA izango dela, oharkabean amaren zilborhestetik jasoko dugun doinua izango dela euskararena...
... eta euskaraz egingo dugula barre, negar, muzin, haserre, jolas... euskaraz arituko garela eztabidan, sukaltzen, hamaiketakoa egiten eta kafetxoa dastatzen... eta euskaraz korrika, txirrindulan, errugbyan eta hockeyan... euskaraz talde lanean, bakarka eta elitean... euskaraz profesionalki, lehen mailan, lehen lerroan... euskaraz amarekin, osabarekin eta aitonekin... abuelarekin ere, akaso, euskaraz egingo dugula! Noski!
Herri handia, sorgindua eta zoragarria da gurea. Eta honezkero ez da belarriz belarri xuxurlatuz zabaltzen ari den sekretua. Jakin dezala mundu guztiak: Aiaraldea euskalduntzera goaz!
Urratsez urrats, norabide berean elkartuta, Euskalgintzaren Kontseilua tresna lagun harturik, egunero egunero... gure etxetik eta hurbilen dugun tokitik hasi... eta pixkanaka hedatzen joango gara...
Egingo al dugu, lagunok? Nahi ahal duzue euskaraz sentitu? Nahi ahl duzue euskaraz egin? Nahi ahal duzue euskaraz bizi?
Ba jakin dezala munduak.
Gaur hemen eta orain bildu garenok, errotari putz egin eta gure ametsak EGI BILAKATZEKO konpromisoa hartu dugula. Jakin dezala munduak. Aiaraldeko entitate, norbanako, familia, lagunarte, merkatari, enpresa, sindikatu eta elkarte askok eta askok.... gaur hemen eta orain... hitz eman diogula elkarri. Aiaraldea euskalduntzera goaz! Gure maitasunez matxinatzera goaz! Gure konpromisoak ditugu gildari...eta gutako bakoitzak bilakatuko du geldiezin EUSKARADUN HERRIA. EUSKARADUN AIARALDEA.
Biba zuek eta bete zuen birikak
putz egiteko abialdia hasi besterik ez da egin eta!
Konpromisoak eta maitasuna
AIARALDEA EUSKALDUN!