Batu eta bultzatu

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua 2022ko abe. 2a, 10:49

Aurtengo Euskaraldiaren bukaera dugu gaur, baina ginga bihar jarriko dugu Arakaldon. Hemen ezer ez baita bukatu, egiteko asko dago eta nabarmenak dira ditugun erronkak. Baina lana egitea bezain inportantea da jai egitea. Festa gauza serioa baita eta behar beharrezkoa. Euskaldunok ere gozatzeko gura dugu eta!


2016an Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua jaio eta Aiaraldean euskararen eguna elkarrekin ospatzeari ekin genion. Aterkipean hasi ginen egun eguzkitsu batean eta elurretan, euritan eta osasun larrialdi batean aritzea tokatu zaigu. Bidean gelditu barik, etapaz etapa, Aiaraldeko udalerri guztietan izango gara. Aiaraldea josi nahi baitugu, handi nahiz txiki, euskararen hari koloretsuaz.

Komunitatea batu, Aiaraldea ezagutu eta euskara bultzatu. Horra hor gure xedea. Elkarrekin arituz eta bidean gozatuz.

Ibil ditzagun euskararen bideak, ttipi-ttapa ezagutu ditzagun gure eskualdeko lurrak, bildu gaitezen elkar ezagutu eta elkarrekin eragiteko, euskaldunok aurrera egin dezagun.

Euskarak guztiok interpelatzen gaituelako ume, gazte, guraso, adineko, instituzio, kirol eta kultur elkarte, etorri berri,... 

Negua dator eta hosto koloretsuz jantzi nahi dugu euskararen zuhaitza, non eta Arakaldon! Gu bai ausartak!

Horretarako guztiok beharrezkoak gara. Zu ere, etorri gurekin, abenduaren 3an euskaraz, euskararekin eta komunitatearekin gozatzera, ospatzera eta partekatzera. Egitarau oparoa prest dugu eta!

Batu gaitezen, bultzatu dezagun... Euskaraktibatu Aiaraldea!

Informazio guztia gure Buletin berezian duzu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide