Arrankudiaga eta Zollon, euskararekin konprometituta

Duela lau urte abiatutako dinamikari jarraipena emateko, euskararen normalizazioan pausuak eman eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean aritzeko, konpromisoak hartu ditu Arrankudiaga-Zolloko EH Bilduk. Duela lau urte ez bezala, konpromisoak sinatzeari uko egin dio EAJk.

Bai We Can dinamika abiatu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela lau urte, eta pasa den maiatzaren 3an Sarauben balorazioa aurkeztearekin batera, legegintzaldi berrirako konpromisoak argitaratu. Proposamen berria hautagaiei helarazita, hurrengo egunetan jakinaraziko dugu Aiaraldeko alkategaiek zeintzu konpromiso hartu dituzten; udaletan euskararen normalizazioa bultzatu, alderdi politikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta elkarlana sustatzea xede duen ekimen honen bidez.

Arrankudiaga-Zollo

EH Bilduko alkategai Txutxi Ariznabarretak konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.

Kanpainako kartelak eta kanpo komunikazio guztia gutxienez elebiz egingo du EH Bilduk, euskarari lehentasuna emanez. Hautagaitzaren ekitaldi guztietan euskararen presentzia gutxienez % 50ekoa izango dela ere bermatzen du.

Beste 16 konpromiso hartu ditu Ariznabarretak: alkate izanez gero sailen buru zinegotzi euskaldunak jartzeko, euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, 18 urtez beherakoei eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, udal batzetan bere jardunaren erdia behintzat euskaraz egiteko, udalaren programazioa aurkeztean hizkuntza azterketarekin batera plazaratzeko, udalaren ikastaroetan monitoreak elebidunak izateko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, udalaren jendaurreko arreta zerbitzuak euskaraz izan daitezen, diruz lagundutako elkarteen kanpo komunikazioa elebitan izan dadin, kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko eta herritarrei udal bileretan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzekoa.

Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak.

EAJko alkategai Urtzi Vergarak, konpromisoak sinatzeari uko egin dio, bere alderdiko ordezkariek duela lau urte konpromisoak sinatu eta legegintzaldian Bai We Can dinamikan parte hartu duten arren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide