Bai We Can dinamika abiatu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak duela lau urte, eta pasa den maiatzaren 3an Sarauben balorazioa aurkeztearekin batera, legegintzaldi berrirako konpromisoak argitaratu. Proposamen berria hautagaiei helarazita, hurrengo egunetan jakinaraziko dugu Aiaraldeko alkategaiek zeintzu konpromiso hartu dituzten; udaletan euskararen normalizazioa bultzatu, alderdi politikoak euskararen normalizazioan pausuak eman eta elkarlana sustatzea xede duen ekimen honen bidez.
Urduña
EH Bilduko alkategai Itziar Bigurik konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainako kartelak eta kanpo komunikazio guztia gutxienez elebiz egingo du EH Bilduk, euskarari lehentasuna emanez. Hautagaitzaren ekitaldi guztietan euskararen presentzia gutxienez % 50ekoa izango dela ere bermatzen du.
Beste 14 konpromiso hartu ditu Bigurik: euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, 18 urtez beherakoei eskaintza euskaraz izateko bere osotasunean, udalaren programazioa aurkeztean hizkuntza azterketarekin batera plazaratzeko, udalaren ikastaroetan monitoreak elebidunak izateko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, udalaren jendaurreko arreta zerbitzuak euskaraz izan daitezen, diruz lagundutako elkarteen kanpo komunikazioa elebitan izan dadin, kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko eta herritarrei udal bileretan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzekoa.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak.
URE-Elkarrekin-eko alkategai Mikel Aguirrek konpromisoen jarraipen mahaian parte hartzeko konpromisoa sinatu du. Bertan udalaren hizkuntz politikaz hitzegitearekin batera, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean elkarrekin jarduteko protokolo bat osatzea adostuko da.
Kanpainan informazio guztia (prentsa-oharrak, esku-orriak,…) gutxienez elebitan banatuko du URE-Elkarrekin-ek, euskarari lehentasuna emanez. Hautagaitzaren ekitaldi guztietan euskararen presentzia gutxienez % 50ekoa izango dela ere bermatzen du koalizioak.
Beste 11 konpromiso hartu ditu Agirrek: euskara ikasteko doakotasuna lortzeko, udalaren kanpo komunikazioa euskaraz bermatzeko, Euskara Planaren betetze maila ezagutarazteko, programazioan euskararen presentziaren gutxieneko kuota ezartzeko, udal batzetan bere jardunaren erdia behintzat euskaraz egiteko, udalaren programazioa aurkeztean hizkuntza azterketarekin batera plazaratzeko, normalizaziorako giza-baliabideak bermatzeko, kanpo kontratazioetan zein lan eskaintzan hizkuntz irizpideak ezartzeko eta herritarrei udal bileretan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzekoa.
Dokumentu honetan irakur daitezke sinatutako konpromiso zehatzak.
EAJko alkategai Iker Santocildesek, gure gonbidapenari erantzun gabe, bildu eta konpromisoak sinatzeari uko egin dio, duela lau urte alderdiko orduko ordezkariak egin ez bezala.
Udal hauteskundeei begira, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ekimen ezberdinak garatuko ditu, euskara agendan jarriz, hizkuntz eskubideak aldarrikatuz, gardentasuna praktikatuz eta normalkuntzak pausuak eskatuz.