IRITZIA

Argi mintzatzeko beharra

Euskalgintza Kontseiluak larunbateko Bilboko manifestaziora batzeko deia zabaldu die herritarrei.

Hitz hauek idatzi orduko beste kolpe bat jaso izana ez litzateke harritzekoa, edota aldizkari hau inprentatik ateratzen denerako enegarren erasoa pairatu izana. Ari du, baina noiz ez? Debekuak, zigorrak eta kontu larriagoak izan dira, eta nahiz eta orain formak beste batzuk diren, tresnak findu edo makillatu diren... ari du. Gure hizkuntzak ezker-eskuin jasotzen darrai eta berarekin gu, hiztunok, hizkuntzaren atzean, aurrean, gainean eta baitan gauden pertsonok, berbari bizia ematen diogunok. Pertsonak baikara, komunitate bat, eskubideak eta identitatea jokoan dituena. Oraingoan oldarraldiak epai forma du eta euskararen biziberritzea eta normalizazioa du jo puntu, Udal Legeari eraso eginez. Diglosia egoera euskara lehenestea legez kanpoko bihurtuz, hizkuntza bultzatzeko estrategia oso bat azpiratu nahi dute. Egungo egoera betikotu eta izatekotan, atzera pausoak izan daitezela, inoiz ez aurrera pausoak, hor xede nagusia. Epaitegietatik politika egiten darraite, euskararen aurkako politika, euskara hedatzea eta euskaldunok eskubideak egikaritzea saihesteko harresiak eraiki eta eraiki; eta normalizazioa bultzatzeko sortutako tresnak, eraitsi eta eraitsi. 

Baina, nola heldu gara honaino? Ikuspegi historiko eta kritikoaren betaurrekoetatik, nola iritsi da gure hizkuntza dagoen egoerara? Natural, libreki edo induzitua izan al da? Justizia (eta ez epaitegietakoa) ere bada kontua, injustizia eta bidegabekeriari buelta emateko politikak garatzea galarazi nahi dituzte epai hauekin.

Ari du, euskararen komunitatearen egunerokoan eta ortzi-mugan erronkak hamaika eta ez txikiak diren testuinguru batean. Euskararen lurraldea zabaltzeko lanean gabiltzala, euskal hiztunon eskubideak bermatu nahi ditugula dihardugula, euskararen erabilera bultzatzen ari garela, euskalduntzea indartzeko beharra dugula,... Murriztu, ebaki, mutilatu eta gero eta kaiola txikiagoan nahi gaituzte euskaldunak. Eta ahal dela gutxietsita, prestigioa ebatsita, autoestimua galduta, otzan eta indarge.

Nola erantzun? Zein da aterako dugun aterkia oldarraldi honen aurrean?

Hasteko eta behin, giharra erakutsi beharra dago, ozen esan bagarela nor, bizi nahi dugula eta bizitzera goazela, komunitatea bilduz, elkartzen gaituen horretan batuz eta kalera ateraz. Nahikoa da ozen bat.

Aiaraldetik hasita bada zer egina. Eskualdeko bederatzi udaletan mozioa aurkeztu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Hor bide bat. Euskararen normalizazioan pausoak eskatzen ditugu udaletan eta konpromiso praktiko eta neurgarriak hartzera gonbidatu genituen hauteskundeetan, orain dator horiek gauzatzeko unea. Familien baitan euskara bultzatzeko ekimenak egin ditugu ikasturte hasierarekin eta Errotuladore gorria eskutan euskararen aurkako praktikak salatu ditugu. Ari gara eta bada bide bat ibiltzeko.  

Eraiki bai, baina baita defendatu ere. Horregatik, Euskal Herriko Euskalgintzak deituta azaroaren 4an Bilbon izango gara, Bilbon izan behar dugu, kaleak bete eta ozen aldarrikatzeko nahikoa dela, eraso gehiagorik ez dugula onartzen. Biharamunean berriz, ilusioz eta indarrez helduko diegu hamaika erronkari, hamaika esparrutan zer egina bada eta guztietan eman behar baitira pausoak, guztiok baditugu emateko pausoak eta guztiok dugu euskaraktibatu beharra, euskaldunon komunitatea eta euskara bizi bedi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide