Zama?

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua 2026ko uztailaren 10a

Sozializaziorako eremu garrantzitsua dira gure herriko jaiak, horregatik duela bi urte, Urduñako Udaleko Euskara Arloaren ekimen batean oinarrituta, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak (GAJE) ekimena sortu zuen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Ekimenera eskualdeko 6 udalerri batu ziren. Horien artean ez zen Amurrioko Udala eta horren harira euskara zinegotzi Arantzazu Saratxagak Azalera podcast-ean esandakoek hizpide eman digute.

Aiaraldea hedabideko kazetariaren galderari erantzunez GAJE-ri “ekimen interesgarria” iritzi ziotela aitortzen du zinegotziak, baina jarraian, bertan parte hartzeko ukoa justifikatzeko argudiaketari ekiten dio. Oztopo nagusia Euskararen Semaforoa dela azaltzen du, ekimen horrekin bat ez datozela dio eta euskarara “hurbiltzeko baino urruntzeko” balio duela deritzo. Bestetik, jaietako programan elkarteek duten “pisua” azpimarratzen du. Zenbait elkartek euskaraz jarduteko baliabiderik ez dutela eta haien lana “etiketatzea bidegabea” litzatekeela iradokitzen du, euskararena elkarteentzat “zama” izango litzatekeela adieraziz. Amurrioko Udalak “egunerokoan erakusten du euskararekiko bere konpromisoa” adierazi eta jaietan euskarazko eskaintza handituz doala azaltzen du, “jaietan euskararekiko” duten konpromisoa azpimarratuz.

Euskararen Semaforoa

Laudio, Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Aiara eta Artziniegako Udalek beren programazioan (ez soilik jaietakoan) Euskararen Semaforoa darabilte. Baita Kirikinok, Faktoriak, AEK-k, Laiak, Laudioko Udal Euskaltegiak, Arabako Bertsozale Elkarteak, Ugarteko eta Gardeako Jai Batzordeak… Arabako Foru Aldundiak bere web-gunean Euskararen Semaforoa eskaintzen du. Eskualdetik kanpo Arrigorriagako Udalak bere web-gunean jasotzen du eta jaietan erabiliko du. Ugaoko Udalak ere aurten erabiliko du jaietan eta Aguraingo Udalak ere erabili izan du. Eta Amurrion ere erabili egiten da, Amurrioko Jai herrikoien egitaraua Euskararen Semaforoarekin etiketatu baitoa duela bi urtetik, hots tresna sortu zenetik. Testuinguru honetan zer du berezia Amurriok Udalak Euskararen Semaforoa erabiltzeari uko egiteko?

Euskalduntze indizeari begiratzen badiogu, Amurriok %47koa du, Urduña eta Laudioko indizearen gainetik. Hori beraz ezin daiteke arrazoia izan, Amurrioko errealitate linguistikoa ez baita Urduña eta Laudiokoaren oso ezberdina. Ikastetxe guztiek D ereduan jarduten dute, eskualde osoan bezala eta beraz gazte eta umeen artean euskalduntze indizea oso altua da Amurrion. Zinegotziak baina elkarteengan jartzen du fokua.

Pisua

Zein da elkarteen pisua jaien egitarauan? Aztertu dezagun 2025eko Amurrioko Jaietako egitaraua. Jai Herrikoien mugimenduak 18 ekitaldi propio antolatu zituen, Udalak 61 eta beste eragileek (kultur, kirol eta aisialdi elkarteek, Arabako Forua Aldundiak, Vital fundazioak eta elkarte erlijiosoek) 34. Eragile horietatik hiru Aiaraldeko Euskalgintzako kide dira. Jai Herrikoien mugimenduak jada Euskararen Semaforoa erabiltzen du. Txosnaguneak eta elkartasun txosnak GAJEren kanpainarekin bat egin eta hizkuntza irizpideak ezartzen dituzte.

Programazioaren erdia baino gehiago udalaren eskutik dator. Jai herrikoien mugimenduak eta txosnek (salbuespen bakarrarekin) jada GAJErekin bat egiten dute. Antolakuntzan ari diren gainerako eragileen artean Arabako Foru Aldundiak bere web-gunean eskaintzen du Euskararen Semaforoa. Beste eragileei dagokionez kultur, kirol eta aisialdiko herriko 10 elkarte daude antolatzaileen artean. Horietatik hiru Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kide dira jada. Argazki honen aurrean nola argudiatu daiteke “oztopo nagusia” elkarteak direla?

GAJEn Euskararen Semaforoaz gain beste hainbat neurri jasotzen dira. Horietako bat da ekitaldi guztietan esatari euskaldunak bermatzea. Horretarako, baliabiderik ez duten elkarteei tokiko udalak esataria jarri behar die ekitaldian euskararen presentzia bermatzeko. Kartelak eta bestelakoak euskaratzeko aukera ere ematen dute udalek. Beraz, euskaldunak ez diren elkarteek udalaren laguntzaz ekitaldietan euskaldunon hizkuntza eskubideak baztertzea ekidin dezakete arazo barik. Orduan, zein da arazoa? Zergatik Amurrioko Udalak ez du bat egin nahi euskara bultzatzeko ekimen eraginkor honekin?

Zama

Euskara zama bezala ikustea edo aurkeztea ez du leku onean uzten euskararen biziberritzea eta normalizazioa bultzatu beharko lukeena. Egoera diglosiko batean diskriminazio positiborik onartzen ez duenak nola irauliko du egoera? Eskubideak aldarrikatzea edo euskararen normalizazioan pausuak eskatzea ezinbestekoa da egoera aldatzeko eta ondoren, noski, neurri eraginkor eta jarraituak hartzea. Amurrioko jaietan zein neurri hartzen du Udalak euskararen presentzia bultzatzeko? Zinegotziak dion bezala, egia al da urtez urte euskarazko eskaintza handiagoa dela Amurrioko jaietan?

Azkenengo lau urteotako jai egitarauak eta euskararen inguruko praktikak aztertu ditugu. Egindako lanarekin datu objektiboak, ondorioak, irizpideak eta proposamenak biltzen dituen txostena argitaratuz. Datuek erakusten dute Udalak ez duela gero eta gehiago euskaraz programatzen. 2022an programatu ziren kontzertuetatik soilik % 26 izan ziren euskaraz, 2023an % 47, 2024an % 40 eta iaz % 43. Horrek erakusten du ez direla hizkuntza irizpideak ezartzen egitaraua osatzerakoan. Beste adibide bat umeei zuzendutako ikuskizunena da: 2022an % 50 euskaraz, 2023an % 33, 2024an % 100 eta 2025ean ez zen euskarazko ikuskizunik izan.

Beste datu bat programazioari dagokionez: euskararekiko datu hobeak ditu Jai Herrikoien mugimenduaren egitarauak Udalarenak baino. Programazioa euskararen normalizaziorako eta biziberritzerako tresna bikaina izan daiteke, edo kontrakoa.

GAJE ekimenak euskararen erabilera bultzatzeko bi kanpaina barne biltzen ditu: instituzionala eta “zirikatzailea”. Helburua euskararen erabilera bultzatzea eta paisaia linguistikoan presentzia eta prestigioa ematea da. Tabernekin eta txosnekin dinamika bana bultzatzen da baita, euskarazko musikaren presentzia areagotu, euskarazko arreta bultzatu eta hizkuntza paisaia euskalduntzeko. Amurrioko Udalaren kasuan ez du azken lau urteotan inongo kanpaina berezirik egin euskara bultzatzeko.

Konpromisoa

Hiru dira euskalgintzak udalei begira azken urteotan bultzatutako ekimen garrantzitsuenak: Bai We Can dinamika, Euskararen Semaforoa eta GAJE. Ekimenok elkarlanerako espazioak sortu, hausnarketa bultzatu eta pausuak ematen laguntzeko bokazioa dute. Amurrioko Udalak ez du ezeinetan parte hartu.

Euskara gabe ez gara manifestua sinatua dute Amurrioko ikastetxe guztiek, eta horrek udala ere interpelatzen du. Erronka handiak daude arlo honetan eta orain arte ezer gutxi egin du udalak, tartean abiatu eta berehala bere kabuz (eta modu harrigarrian) bertan behera utzitako ekimen bat: euskara oraindik menperatzen ez duten nerabeei laguntzeko indartze eskolak.

Ezin aipatu gabe utzi Hauxe da udal aldizkaria, euskaraz osoki irakurtzeko aukera ukatzen baitzaigu euskaldunoi, euskararen legeari kasurik egin gabe. Erronkak hamaika baina, Amurrioko Udala euskalgintzaren proposamenetan parte hartzeko uzkur eta ekimen propiotan urri.

Larrialdi linguistikoa bizi dugu euskaldunok egun, eta egoeraren aurrean xedea: “herri gisa jauzi kualitatibo bat ematea euskararen biziberritzean”. Azken horiek, EAEko lehendakari Imanol Pradalesen hitzak, noizko errealitatea Amurrion? Zama barik, aurrera egiteko beharra eta aukerak ikusten ditugu. Gu, lanerako prest.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide