Abuztuaren 12an abiatuko diren Amurrioko Jaietan euskara bultzatzea du xede Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Horretarako, eskualdeko kanpainaren baitan, Amurrioko tabernariei konpromisoak hartzeko proposamena egin die euskalgintzak. Hizkuntza paisaia, musika eta arreta ardatz dituzten konpromisoak hartu dituzte ostalariek.
Konpromisoak
Lehena tabernako idatzizko elementuak euskaraz izatea da. Konpromiso hori hartu du Rinconcito tabernak. Horrez gain, gutxienez musikaren erdia euskaraz izango dute Etxezuri, La Ronda 89, Rubik eta Txotis tabernek. Azkenik, bi konpromiso hauez gain Batzoki, Arkune, Aiala, Biderdi, Guk, Frontoi eta Txokogorri tabernek euskarazko arreta dute. Horretarako, gutxienez tabernarien erdia euskaldunak dira edo eta txanda bakoitzean tabernari euskaldun bat izatea bermatzeko konpromisoa hartu dute.
Ostalari hauek emandako pausua txalotu nahi du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Horrekin batera, herritarrak kontsumitzerakoan, konpromisoak hartzen dituzten tabernen aldeko hautua egitera deitzen ditugu.
Eskualde osoan
Kanpaina udalerri guztietako jaietan aurrera eramango du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Ekimena jada gauzatu da Urduñako Otxomaiotan , Aiarako Jaietan eta Ugarte eta Aretako jaietan.