Batzuentzat lau edo bost urteroko hauteskundeak politikagintzaren munduarekin daukaten erlazio bakartzat hartzen dute, errealitatea ordea, oso desberdina da. Egunero gauzatzen dugu politika; alegia, esaten, egiten eta erosten dugunaren bitartez egikaritzen ditugu gure ikuspegi politikoak. Gizarte-inguruan politikatik at ezer egiterik ez dago, ezta neutraltasunetik erabakiak hartzerik ere. Emma Goldman-en hitzetan, «Esparru politikoan ez dago alternatibarik, ergela edo azeria izatea besterik ez dago». Nahitaez, egunerokotasunetik pixkanaka ezartzen diren ohiturek maila praktikoenean ematen diren jarrerak osatzen dituzte. Honen adibidetzat azkenaldian horrenbeste arduratzen omen gaituen faxismoaren gorakada har dezakegu.
Testu honen helburua ez da bozen eraginkortasunari buruzko analisia egitea, jainkoak eta lege zaharrak horrelakoak egitetik gorde gaitzala. Bozkatzera ez joateak adierazten duen jokabide politikoen adarkaduretan murgiltzea ere beste artikulu baterako utzi beharko dugu. Aipaturiko monetaren bi aurpegien, hots, faxismoaren eta xenofobiaren zioei buruz hitz egiteko ordea, oinarrizko oharrak argitzerik badago.
Sustrai historikoak alde batera utzita, faxismo eta xenofobiak partekatzen dutena hartuko dugu kontuan: printzipiotzat eta helburutzat desberdintasuna ardatz daukan ideologia politikoa. Ontologikoki eta zientifikoki baliorik ez daukan arraza kontzeptua dela, emakumearen balizko gutxiagotasuna dela edota korronte politiko ezkertiarren kontrako jarrera dela, autoritarismoa eta biolentzia baliatuta pentsamoldearen printzipio hauek ezartzea helburutzat daukan joera politikoa da.
Kontzeptualki bateragarriak izateagatik eta ideiaren abstrakzioari dagokionez jarraitutasuna suposatu dakiekeelako ez dugu bi terminoen arteko desberdintasunik egingo. Intentsitateari dagokionez ordea, mailakatzea, argia ez bada ere, adibide klasikoetan ikus dezakegu: “ni arrazista ez naiz, baina ijitoek…”, “feminismoaren kontu horrekin pasatzen ari dira…”, “kanpotik etorri eta dena ematen diete…”. Desberdinak diren esaldiok erroa partekatzen dute, isuri kognitiboa, komunikabide askok eskaintzen duten sakontasun eza eta oinarri gutxiko informazioaren bitartez ematen den aurreiritzien sendotzea, gertakari batzuen ordezkagarritasuna neurri gabe adieraziz.
Izan ere, errealitatea subjektibotasunetik ikustera ohituegia gaude, iritziaren nartzisismoak egoaren gurtzea maila berri batera eraman du eta, askotan, nire/gure ideiak, pisuzkoak, arrazoizkoak edota baliagarriak izateagatik baino, nire/gure ideiak izate hutsagatik defendatzen ditugu, norbanakoaren edo intra-taldearen identitatea indartu nahian, argudioen defentsa sutsuan, ideion kontrako frogak aurrean izanda ere, aurrerako ihesaldiari ekitea beharrezkoa dirudi askotan gainditzen gaituzten gaietan, nork bere buruari errealitatearen konplexutasunean biziraun ahal izateko, larrialdi neurri bezala.
Nagikeria intelektual honi jarraikiz, egoaren orokortzera, konbentzimenduaren ilusiora eta (esperientzia indibidual mugatuan oinarrituta) kausaltasunak asmatzera garamatza. Modu honetan, lehenago aipatutako esaldien ereduak adibide hartuta, behin ijito batzuek auto bat lapurtu zutela esan zidatela oinarri hartuta, etnia osoa (EAEn 14.000 pertsona! Ijitoen egoera EAEn, EJ) lapurrak direla esatera narama; emakume batek bere senarra izorratzeko salaketa faltsua jarri ziola entzun dut (salaketen %0,0015a espainiar Estatuan; 2015ean, 129.292 kasutatik 2. Abokatutza Kontseilu Orokorra), beraz feminismoaren printzipioak ustelak dira; nire auzoko emakume etorkina egun osoa telefonoan hitz egiten ematen du, etorkinei lan egin barik guztia ematen dietelako (batez beste eta baldintzen baitan, hiru pertsonatako familia batek gehienez 810,75€ jaso ditzake, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, EJ).
Kausalitate antzuak inferentzia estatistiko zitalera darama; besteen errealitateenganako gertutasun ezak berriz, aurrekoa sustatu eta bereizkeriarako joera indartu, ondorioz, politika publikoan errudun berrien sortzea eta garapena; estrukturalak, sakonak eta historikoak diren arazoen sorburuek hortaz, ordezko bikaina daukate: begi bistakoa den desberdintasuna (azalaren kolorea, etnia edota generoa, esaterako) nire esperientzia subjektiboarekiko bereizgarri egiten dituena da nire arazo objektiboen zergatia. “Politika ekonomikoa? Ez dut ulertzen ez dudan kontzeptu edo ideiarik behar agerikoa zaidan problematika ulertzeko”.
Honen baitan, bazterkeria hutsari zilegitasunaren ateak irekitzeaz aparte, aipaturiko arrazismo eta faxismoaren jarraitutasunari bide ematen zaio. Denbora luzez Bertolt Brecht olerkariari esleitzen bazitzaion ere, Martin Niemöller-en olerkiak («lehenbizi sozialisten bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan, ez bainintzen sozialista. | Ondoren sindikalisten bila etorri ziren…») espresatzen zuen sekuentziazioak errealitatean isla paregabea dauka hain famatua egin den alderdi politiko berdearen eta, oro har, faxismoaren gorakadak suposatzen ari duenaren ondare zikinaren berpiztean: errua (erabatekoa eta abstraktua) zuria, diruduna eta gizona ez den ororen gain ezartzen duena.
Jarraian datoz gastu publikoaren sasi-diskurtsoa, etnia eta kultura osoen kriminalizazioa, bakoitzak bere buruarentzat zilegitzat dituen eskubideak besteei ukatzea eta beldurraren erabilera eta hedapena, intentsitate maila desberdinetan gizarteko mailetan zehar iragaziz. Bozkatzerakoan jarrera hau edozein kasutan erabakigarria izango ez bada ere, hazia landatuta dago. Orain bai, Bertolt Brecht-en II. Mundu Gerraren bukaeraren harira botatako esaldia berreskuratu beharra dago:
«Ez zaitezte Hitlerren porrotarekin horrenbeste poztu. Mundua zutitu eta sasikumea geldiarazi duen arren, hura erditu zuena berriz ere argose dago eta.»
Olerki originalaren lexikoa zertxobait aldatuta dagoen arren, historiak berresten ditu Brecht jaunaren hitzak. Baina, zer egin honi guztiaz ohartarazteko? Ba al dago ekinbide eraginkorrik? Bada, historiko eta soziala den jarraibide honen makineria honetara ez moldatzea, Hannah Arendt-ek ohartarazitako emozioetan oinarritutako deiaren eskuetan erortzearen aurreko zuhurtasuna ardatz, berau indargabetzen duen munduaren egoeraren berri modu sinesgarria izatea.
Testuaren hasieran ekintza politikoa, ezinbestean, bozkatzera mugatzen ez dela aipatu dugu, subjektu politiko aktibo izateak erosotasun esparrutik alde egitea eskatzen digu eta ohiko arreta-gune pasiboetatik desbideratzea zaila izan daitekeen arren, ohitura apurtzea lehenengo urratsaren pisu erlatiboa gainditzean datza, alegia, borondatearen, interesaren eta, askotan, beharraren kontzientzia hartzea. Aspaldiko egietan oinarritutakoak badira ere, zentzu honetan norbanakoak edota taldeak burutu ditzaketenak lau printzipiotan zehaztu daitezke:
- Subjektibotasunari propio zaizkion mugak gainditzea eta errealitatearen deskribapenaren zehatzera heltzeko ahaleginak egitea. Printzipio orokor bezala.
- Beldurraren puztea saihestea. Beldurrak urruntzera garamatza, urruntzeak ezezagutzera eta honek zikloa beste behin berrabiarazten du, jarrera ondorio hondagarrien eta antzuen bidean jarriz. Honi dagokionez, hainbat komunikabidek isurtzen dituzten informazioen kontran ohartarazita egon behar da.
- Arduratzen gaituen errealitatearenganako hurbilketa. Aurrekoaren antidotoa lez, ezezagutza gainditzeko inoiz baino lanabes gehiago daukagu, gure esku dago hauen erabilera egokia gauzatzea.
- Ingurunean daukagunaren hobekuntzarako jarrera lantzea. Kanpo-eragileei errua leporatu baino, esanguratsuak diren ekintzetan murgiltzea, gizakiari propio zaion izaera politiko produktibo aktiboaz birjabetuz.
Lau puntu hauen irudi negatiboak aldiz, pasibotasuna, sumisioa eta gizakion banaketan interesa daukatenen mesedetan jokatzen duen izaera orokorraren esanetara makurtzea islatuko luke, hain zuzen, xenofobia, misoginia, bazterkeria eta, azken batean, gaur egun faxismo terminoarekin barne biltzen dugun jokabide hori.
Gainazal ideologikoaren desegiteaz aritu gara, haatik, oinarri historiko eta sozialen ahalbidetzeei buruz jakiteak are modu zabal eta osoagoan hornituko gintuzke arrisku hauei aurre egiterako orduan. Zerk gauzatzen ditu desberdintasun objektiboak? Zeintzuk izan ziren hastapenak eta nola mantendu dira gaurdaino? Faxismoaren bidea lantzen duen ekonomia politikoarekin daukagun lotura ordea, beste artikulu baterako utzi behar izango dugu, bitartean ekin diezaiogun egunerokotasunean arrazoibide ideologizatuaren kateak hausteko asmoari.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa Argia.eus hedabidean plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.