Euskararen egoera XVIII. mendeko bukaeran Aiara Herrian

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2014ko uzt. 24a, 13:53

XVIII. mendean zehar, euskarak atzera egin zuen Aiara Herrian. Gure lurraldeko euskararen lekukotasunik ezagunenetarikoa Pedro de La Lastra apaizak 1775eko apirilaren 25ean egindako sermoia da, Etxaurreneko santutegia berreraiki zenean. Hona hemen La Lastraren hitzak: “… se apareció sobre un nogal o nogala, que por eso se llama o intitula Nuestra Señora de Chaurren, voz o palabra Vascongada, que traducida al castellano, que nosotros usamos oy en día, Chaurren quiere decir Nogal o Nogala, que cuando se apareció la santa Imagen, según tengo percibido, se hablaba la lengua Vascongada en todo Ayala. Y, aunque hoy en día no se usa, se mantiene y conserva la voz Chaurren…”. Apaizak hizkuntzaren erabilerari buruz idazten du; gaztelania “gaur egun erabiltzen dugun” hizkuntza da, baina euskara “ez da gaur egun erabiltzen”. Agian, hitz hauek aldaketa duela gutxikoa zela esan nahi dute, hau da, zaharrenek oraindik euskara zekiten, nahiz eta ez erabiltzen. Ohikoa izan zen egoera hori euskararen desagerpenaren prozesuan.

Izan ere, Aiara guztiz euskalduna izan zeneko oroimena susma daiteke apaizak “según tengo percibido, se hablaba la lengua Vascongada en todo Ayala”  esaten duenean. Baina zer esan nahi du La Lastrak? Aiara osoan gauza bera gertatu zela, hau da, Aiara osoan gaztelaniaz mintzatzen zela, ala barruti txikiago batean bakarrik? Gure ustez, Menoion euskara nagusi ez bazen 1775. urtean, Erbi, Ozeka, Lanteno eta mendebalderago dauden herrietan ziur aski ere ez. Baina datu gehiagoren faltan ezin dugu esan Menagarain, Arespalditzan edo Sopeñako herrietan zer gertatzen zen. Barrenengoak Izoria ibaitik mendebalderago euskara desagertzear egotea litekeena zela uste zuen. Baina, jarraian ikusiko dugun bezala, euskara hizkuntza nagusia zen oraindik iparralderago dagoen Okondon.

 

Pedro de La Lastrak euskera jada erabiltzen ez zela esan zuen urte berean, Okondon Jose Paulo de Ulibarri euskaltzale ezaguna jaio zen. Berak adierazi zuenez, jaio zenean, Okondo guztiz euskalduna zen eta haranean euskeraz irakasten zen bi eskolak zeuden, apaizak zuzenduta, eta beste batean gaztelaniaz irakasten zen. Beraz, Okondon euskara osasuntsu zegoen XVIII. mendeko amaieran.

Beste aldetik, noizean behin toponimo edo hitzen itzulpenak aurki ditzakegu dokumentu zaharretan. Adibidez, 1770an Amurrioko 34 urteko bizilagun batek deklarazio batean Arkotxari “lo llamaban así por tener de señal una peña” esan zuen. 1773an beste amurrioar batek esan zuen: “el monte comunero descrito es llamado Basogalanta que quiere decir monte hermoso”. Baina, nor izan zen toponimoak itzuli zituena? Deklaratzailea edo notarioa? Eta zergatik itzuli zituen? Argiago ikusiko dugu problematika hau hurrengo adibidearen bidez. 1783. urtean, Lezamako Geronimo de Arana notarioak Lezama eta Baranbio arteko apeo baten notario-eskritura egin zuen. Gaztelaniaz, noski, dokumentu guztiak bezala. Notario-eskritura honetan bi herrien arteko muga nola aztertu zen kontatzen da, mugarri bakoitza non zegoen eta tokiaren izena esanez. Beraz, toponimo asko agertzen dira eskritura honetan, eta guztiak euskal egitura daukate. Hauetariko bat Atxagan zen, eta Aranak argitu zuen: “que en el ydeoma castellano significa lo mismo que sobre la peña”. Euskaldun batentzat, Atxagan izena ez da dokumentu honen agertzen diren besteak (Iturrigorri, Aranbaltz, Intxaurtxueta edo Amairukastañeta) baino ulertezina. Zergatik itzuli zuen toponimo hau notarioak, hau bakarrik eta ez beste edozein bat edo guztiak? Egia esanez, ez dugu uste honen atzean arrazoiren bat egongo denik, eta agian ez dago arrazoia bilatzeko beharrik. Mota honetako testigantzek notarioek edo testuak idazten zituztenek euskara ezagutzen zutela esaten digute. Ondorio gehiago ateratzea urrunegi joatea izango litzateke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide