Ezaguna da euskara XX. mendeko hasieran desagertu zela Baranbion. Beraz, 1800. urtearen inguruan herri horretan euskara nagusi izatea ez da batere harrigarria. Espero zitekeena da, besterik ez. Baina egoera hori ziurtatzen duen daturen bat topatzea atsegina da beti eta merezi du azaltzeak.
XVIII. mendeko azken urteetan, Baranbioko auzokoak apaiza euskaldun baten bila hasi ziren. 1795ean, herriko kontzejuak ahalorde bat egin zuen Miguel de Madariagaren alde “[para] que hallase sacerdote secular o religioso que tuviese licencia de confesar y fuese bascongado”, Pedro Jose de Aldama benefiziodunak oraindik apaiza ordenatuta ez zegoelako. Azkenean, bere lekua betetzeko fray Gregorio de Arana, Durangoko agustindarren komentuko erlijiosoa, hautatu zuten. Beraz, euskara jakitea derrigorrezkoa izango zen Baranbion apaizen betebeharrak betetzeko. Horregatik, pentsa dezakegu Pedro Jose de Aldama benefiziodunak ere euskalduna izango zela. Hau 1772an jaio zen Amurrion dagoen Aldama auzoko Andiko Abajo baserrian.
Baina, dirudienez, soluzio hura ez zen behin betikoa izan. Horrela, 1804an Baranbioko parrokiako eliztarrak beste apaizen bila hasi ziren: “a causa de hallarse vacante uno de los tres beneficios de dha Yglesia se vieron precisados a buscar servidor que la sirviere en el señorio de Vizcaya y estas inmediaciones que supiese la lengua e idioma vascongado por la grave falta que había y no obstante de las eficaces diligencias que practicaron, no hallaron sacerdote vascongado que hiciese dho servicio por cuio motibo se balieron de los Beneficiados de la Yglesia del Lugar de Lezama”. Gero, Manuel de Isasi presbitero orozkoarra elizako benefizioa zerbitzatzeko prest zegoela esan zuten, “en atención a estar ynstruido en la ideoma y lengua vascongada”. Dokumentu honetan, behin eta berriro azpimarratzen da euskera jakitea Benefizioa zerbitzatzeko ezinbesteko baldintza zela; ondorioz, apaiza erdaldun bat ezgaia izango litzateke bere lana behar bezala egiteko, Baranbioko eliztarrek gaztelania jakingo ez zutelako.
Baina, zer gertatzen zen Baranbio ondoko herrietan? Aurreneko testuan esaten da apaiz baten bila ibili zirela Bizkaian eta “estas inmediaciones”en. Baina ez zuten bat ere aurkitu, hortaz, Lezamako benefiziodunak izan ziren Baranbioko elizan zerbitzatu zutenak. Hauek ere euskaldunak izango ziren baina hori ez da nahikoa herri horretan ere zerbitzatzeko euskalduna izatea beharrezkoa zela baieztatzeko. Urte haietan, Lezamako benefiziodunak Manuel Bautista de La Fuente, Francisco de Olamendi eta bere iloba Juan Angel de Lezameta, Pedro de Viguri, Ignacio eta Domingo Lorenzo de Perea anaiak ziren; guztiak lezamarrak, La Fuente izan ezik, Aloriakoa zena.
Dena den, Lezaman, garai horretan, egoera linguistikoa antzekoa izango zen. 1798an Maria de Mendieta Munibek (58 urte, ezkongai, Ibarreko baserrian jaioa) testamentua egin zuen Geronimo Xabier de Arana notario lezamarraren aurrean. Aranak hau idatzi zuen testamentuan: "[fue llamado] a instancia de Maria Mendieta a efecto de que autorizase su ultima y postrimera voluntad mediante se hallaba gravemente yndispuesta y para quanto lo puediese executar en quanto la hera posible a causa de la torpeza de su lengua y hideoma bascongado, sin embargo de entenderla lo que se esplicaba y ablaba me vali de Maria de Larragorri, mujer legitima de Juan de Yarritu, y Maria Cruz de Gurbista, que lo es de Domingo de Yarritu sus convencinos para que respecto su comunicación frecuente que con ella han tenido la hicieran las preguntas concernientes a su ultima voluntad a mi presencia y me lo expresasen; y habiendo dado principio dichos ynterpretes...”. Argi eta garbi esaten da Maria de Mendietak euskera gaizki hitz egiten zuela, eta horregatik interpreten bidez komunikatu zuten testamentugileak eta notarioak. Zergatik Aranak ezin zuen emakumeak esandakoa ulertu? Mariak euskara ez zekielako? Noski ezetz. Aranak, notario guztiek bezala, gaztelania ondo baino hobeto zekien. Hura zen idazteko erabiltzen zen hizkuntza. Mariaren euskara traketsa zen ez berak hizkuntza ondo ez zekielako, baizik eta hitz egiteko arazoak izango zituelako, gaixotasun edo patologia baten ondorioz. Horregatik itzultzaileak bi emakumeak izan ziren, berarekin mintzatzeko ohituak zeudenak eta ulertzen ziotenak. Testamentuan agertzen diren guztiak Lezaman jaio ziren eta, ikusten denez, euskaraz egiten zuten. Pentsatsekoa da euskara oraindik osasuntsua zegoela eta, seguraski, gehienek zekiten hizkuntza bakarra zen.