Urduñako konfesore euskalduna

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2017ko api. 24a, 12:23

Argazkia: Wikipedia

1810. urtean euskaraz konfesatzeko baimena zeukan abadea zegoen Urduñan. Baina ez zen herriko apaizetako bat, bizkaitar jatorrizko San Frantzisko fraide-etxeko kidea baizik.

Independentzia Gerra garaian, Pierre Thouvenot Bizkaiko gobernadoreak Elizaren ondarea arakatzea agindu zuen bere aberastasuna zein zen zehazki jakitzeko. 

Horregatik, 1810. urteko udaberrian Urduñako udalak apaizeriari buruzko txosten batzuk egin zituen. Horien artean, bereziki interesatzen zaigu maiatzaren 3an sinatu zena: hirian bizitzen ziren klero erregeladun izandakoen zerrenda. Bederatzi ziren: batzuk Urduñan sortutakoak eta hantxe zeuden nahiz eta beste lekuetako fraide-etxeetan plaza eduki. Besteak, Urduñako San Frantzisko fraide-etxean zeuden, denak bizkaitarrak arabar bat izan ezik.

Hauetariko bat Juan Zorroza zen, 28 urtekoa eta Morgan jaioa. Dokumentuan esaten denez, horrek Korrejidoreak eta Diputatu Nagusiak emandako baimena zeukan euskaraz konfesatzeko, hirian hizkuntza zekien bakarra zelako (“confesar en Bascuenze por no haber otro que sepa dho Ydeoma”).

Lehenengo eta behin, datu hoeeek argi erakusten du 1810. urtean Urduñan euskaraz konfesatzea beharrezkoa zela. Bestela, zertarako izango zuen Zorrozak mota honetako lizentziarik? Hau da: garai hartan euskaldunik bazegoen Urduñan, euskaldun elebakarrak gainera… elebidunak izan balira ez zatekeen apaiz euskaldunen beharrik egon.

Baina, hala izanda ere, Zorroza zen euskaraz zekien bakarra, hiriko beste apaizak ez. Gure ustez, fraide-etxean zeuden beste erlijioso batzuk, Durango eta Garaitik etorritakoak, ziur aski euskaldunak ziren ere. Horrela, euskara beste inork ez zekiela esaten zenean, Urduñan ziharduten apaizak aipatzen ari dira. Nortzuk ziren hauek?

Beste dokumentu batean, hirian 14 benefiziodun zeudela esaten da, baina bakarrik hiru apaiz edo parroko bezala aritzen ziren oraindik: Manuel Herran Baquedano, Marcos Mendibil Bardeci eta Rufino Gabiña Ayo, Urduñan bertan jaioak.

Beste lau benefiziodunak hiritik kanpo zeuden eta kapilau batzuen bidez betetzen zituzten haien betebeharrak: Manuel Furundarena Zubiaga, Galo José Mendivil Amirola, Vicente Echeguren eta Manuel Bringas ziren kapilauak.

Beraz, zortzi ziren apaiz moduan jardutenak. Bakarra ere ez zen euskalduna izango, testuaren arabera. Zergatik? Ziur aski, jaio zirenean euskara ez zen ohiko hizkuntza Urduñan.

Beste adibide bat daukagu: 1785ean eta 1787an bertan jaiotako Juan Pablo eta Canuto Olamendi Marcuartu anaiek, dirudienez, ez zekiten euskara 1817. urtean Luiaondoko apaizak zirenean. Aita Lendoñobeitikoa eta ama Luiaondokoa izan arren, bi anaiek ez zekiten euskara hirian hizkuntza ohikoa ez zelako. Edo, gutxienez, ez zen erabiltzen erdi eta goi-mailako klaseko familietan.

Orduan, nortzuk ziren Urduñan konfesore euskaldun bat behar zutenak? Posiblea da jende apalen artean euskara bizirik irautea hirian eta seguruenik landa-eremuan osasuntsuago zegoen garai hartan. Baina, gure ustez, Urduñako euskaldun gehienak beste tokietatik (Bizkaitik, Gipuzkotik, Arabatik eta hurbil dagoen Aiaraldetik) etorritakoak izango ziren, gaztelania batere ez zekitenak. Azken finean, eskualde euskaldunetatik etorritako jendea beti egoten zen hirian. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide