Lehenengo atalean ikusi genuenez, 1682an euskaldun elebakarrak zeuden Artziniegan, baina egoera oso ezberdina zen mende bat geroago. Gure ustez, Araban gertatu zen bezala, Artziniegan eta Aiarako zati handi batean XVIII. mendean galdu zen euskara.
Galera horren lekukoa dugu 1775ean Kexaako apaizak adierazitakoa: «palabra Vascongada, que traducida al castellano, que nosotros usamos oy en día, Chaurren quiere decir Nogal o Nogala». Apaizak adierazten du orduan ez zela euskara erabiltzen, gaztelania baizik. Baina gero, nahiz eta orduan ez erabili, iraganean «se hablaba la lengua Vascongada en todo Ayala» dioenean, Aiara guztiz euskalduna izan zeneko egoeraz ari dela uler daiteke.
Baina zer esan nahi du apaizak? Aiara osoan gaztelaniaz mintzatzen zela ala barruti txikiago batean bakarrik? Menoio eta Kexaa inguruko herriei buruz ari zela uste dugu, Aiarako erdialdeari buruz, hain zuzen.
F. Barrenengoaren ustez, Izoria ibaiaren mendebaldean euskara desagertzear egon zitekeen garai horretan. Egoera horren lekuko dugu 1794. urtean Izorian gertatutakoa, Xabiera Berganza (Bergantza auzoan jaioa 1741an) euskaldun elebakarraren deklarazioa ulertzeko bi itzultzaile izendatu zituzten Francisco Acebal alkateak eta Pedro Leal de Ibarra abokatuak. Lehena Amurrion jaio zen 1766. urtean eta Pedro, bestalde, Maroñon 1749an eta oso esanguratsua da biek euskararik ez jakitea.
Baina Aiaraldeko beste leku batzuetan euskara izango zen hizkuntza nagusia. Horrela, 1734an Francisco Arana apaizak esan zuenez «la lengua Bascongada que es la Nativa en que mas fácilmente entenderán los Pobres los Misterios de la Fe, que en la Castellana, que los mas de Luiando y su comarca ignoran». Ez dugu uste Aranak “comarca” hitza guk ulertzen dugun moduan erabili zuenik, baizik eta era murritzagoan, Laudio, Zuhatza edo agian Amurrioari erreferentzia egiten.
Bestalde, 1780. urte inguruan Okondo guztiz euskalduna izango zen Jose Paulo Ulibarri euskaltzale okondoarrak esan zuenez.
Aiaraldeko ekialdean nagusi zen euskara. Baina kontuan hartzekoa da elebitasuna uste izan dugun baino hedatuago egon zela, batez ere gizonen artean. Nahiz eta hizkuntza nagusia ez izan, eskolara joandakoek, mandazainek edo errege-bide ondoan bizi zirenek gaztelaniaz zekiten halabeharrez.
Horrela, 1746. urtean Astobitzako José Urrutiak salaketa jarri zion emakume bati Pedro Antonio Larrea Urkabustaizeko alkatearen aurrean. Dirudienez, erdalduna zen Larrea baina, testigu gehienek gaztelaniaz ez zekitenez, Urrutiak itzultzaile bat izendatu zuen: Inoson bizi zen José Guinea, 1708an Lezaman jaioa. Elebidunak izan ziren ere Xabiera Berganzaren senarra, José Aldecoa, eta koinatua, Manuel Picaza, Amurrion jaioa 1753an; honekin batera, itzultzaile gisa aritu zen José Díaz de Olarte lezamarra, 1761ean jaioa.
Beste leku batzuetan, hain osasuntsu zegoen euskara ezen hizkuntza bakarra baitzen jende askorentzat. Hona hemen 1774. urtean egindako Laudioko deskribapena: «todos Bascongados cerrados pues aunque muchas personas que viven en la rivera o cerca de el Camino Real entienden algo de el castellano, pero su comun lenguaje y explicazion assi en las combersaciones como en la Doctrina Xtiana y confessiones aun estos mismos que entienden algo de el castellano es spre y por lo comun en la lengua nativa Bascongada; exceptuandose algunas personas particulares de caballeros que aunque Bascongados suelen hablar en castellano».
Hala ere, bost urte geroago gaztelania zabaltzen ari zela eta hurbileko herri batzuetan ordurako euskara baztertuta geratu zela gaztelaniaren ordez esaten zen. Gure ustez, Aiarako beste herri batzuei buruzkoa da azken erreferentzia. Edozein modutan, oraindik 1828an Laudioko eliztar askok ez zekiten gaztelania.
Baranbion, 1795ean eta 1804an apaiz euskaldun baten bila ibili ziren: «se vieron precisados a buscar (...) en el señorio de Vizcaya y estas inmediaciones que supiese la lengua e idioma vascongado (...) no obstante (...) no hallaron sacerdote vascongado que hiciese dho servicio por cuio motibo se balieron de los Beneficiados de (...) Lezama». Behin eta berriro azpimarratzen da ezinbesteko baldintza zela euskara jakitea benefizioaren zerbitzuan aritzeko; hortik ondorioztatzen da Baranbioko eliztarrek gaztelania ez zekitela.
Baina, zein zen orduan egoera linguistikoa Baranbio ondoko herrietan? Aurreneko testuan esaten da Lezamako benefiziodunak izan zirela Baranbioko elizan zerbitzatu zutenak. Horiek ere euskaldunak izango ziren, baina hori ez da nahikoa herri honetan zerbitzatzeko euskalduna izatea beharrezkoa zela baieztatzeko.
Lezamako apaizak jaio zirenean, XVIII. mendearen erdialdean, euskara izango zen hizkuntza nagusia herrian, non 1798an 58 urteko emakume batek testamentua egin zuen. Hona hemen Geronimo Xabier Arana notarioak idatzi zuena: «mediante se hallaba gravemente yndispuesta y para quanto lo puediese executar en quanto la hera posible a causa de la torpeza de su lengua y hideoma bascongado, sin embargo de entenderla lo que se esplicaba y ablaba me vali de Maria de Larragorri (...) y Maria Cruz de Gurbista (...) para que respecto su comunicación frecuente que con ella han tenido la hicieran las preguntas concernientes (...) y me lo expresasen».
Argi eta garbi esaten da emakumeak gaizki hitz egiten zuela euskaraz, eta horregatik itzultzaileen bidez komunikatu zirela testamentugileak eta notarioak. Euskara ondo ez bazekien, zergatik ez zuen gaztelaniaz hitz egiten? Aranak, notario guztiek bezala, gaztelania ondo baino hobeto zekien. Hura zen idazteko erabiltzen zen hizkuntza. Emakumearen euskara traketsa zen baina ez berak ondo ez zekielako, baizik eta hitz egiteko arazoak izango zituelako, gaixotasun edo patologiaren batengatik. Horregatik egin zuten interpretazio-lana bi emakumeek, berarekin mintzatzen ohituta zeudelako eta ulertzen ziotelako. Testamentuan agertzen diren guztiak Lezaman jaioak ziren eta, ikusten denez, euskaraz egiten zuten. Pentsatzekoa da euskara oraindik osasuntsu zegoela eta, ziur aski, gehienek zekiten hizkuntza bakarra.