Aurreko atalean aipatu genuenez, XVIII. mendearen bukaeran euskara zen hizkuntza nagusia Aiaraldeko ekialdean; mendebaldean, ordea, gaztelania. Dirudienez, eskualde osoan bi hizkuntzak elkarren ondoan bizi izan ziren luzaroan: nahiz eta gaztelania indartu, euskara ez zen guztiz desagertzen.
1803. urte inguruan Lorenzo Prestamerok Pueblos de Álava por vicarías-en Zuia, Urduña, Aiara, Orozko eta Tudelako Bikariotzetako herriak euskaldunak zirela idatzi zuen eta horregatik alferrik izango zirela euskararik ez zekiten apaizak. Ziur aski Prestamerok euskararen garrantzia puztu zuen bere argudioak indartzeko; hau da, erregeak ezin zituela apaiz kanpotarrak izendatu herriarekin loturak zituztenen ordez.
Badaukagu Prestamerok garai horretan idatzitako beste dokumentu bat, Wilhem Von Humboldt jakitunari zuzendutakoa, hain zuzen. Pentsatzekoa da oraingo honetan informazioa ez zegoela baldintzaturik, ez baitzegoen horretarako motiborik. Dokumentu horretan, herriak kuadrillatan sailkatzen dira: Aiarako kuadrillan «se habla bascuence y se hace mayor uso del romance». Nola ulertu behar dugu esaldi hori? Gaztelaniaz euskaraz baino gehiago mintzatzen zela? Edo gaztelaniaz lehen baino gehiago egiten zela? Arrastaria, Urkabustaiz, Artziniega eta Zuiaren kasuetan «bascuence y castellano» esaten da bakarrik. Garaiko beste autore batzuk bat datoz Prestamerorekin. Artziniega, Urduña, Zuia eta Aiara euskaldunak zirelakoan zegoen Eugene Coquebert de Montbret frantsesa. Eta Manuel Llano arabarrak Aiaran eta Artziniegan herri guztietan euskara eta gaztelania egiten zirela idatzi zuen.
Beraz, euskaldunak eskualde osoan egotea posible bada ere, ezin da ezkutatu gaztelanarian presentzia: bi hizkuntzak elkarren ondoan bizitzen ziren. Aiaraldeko mendebaldean, euskara desagertzen ari zen belaunaldien arteko transmisioa etenda zegoelako. Baina hori ez zen bat-batean eta erabat gertatu, prozesua hasi zenetik azken euskaldunak desagertu ziren arte gutxienez hamarkada batzuk igaro baitziren.
Agian, egoera horren eredu izan daiteke garai hartan Urduñan gertatzen ari zena. 1810ean, Independentzia Gerra garaian, Pierre Thouvenot gobernadore frantsesak Elizaren ondarea aztertzea agindu zuen. Horretarako, Urduñako udalak, besteak beste, hirian bizi ziren bederatzi apaiz erregeladunen zerrenda egin zuen. Batzuk Urduñan sortutakoak ziren eta hantxe zeuden, nahiz eta beste leku batzuetako fraide-etxeetan plaza eduki. Besteak Urduñako San Frantzisko fraide-etxean zeuden eta bizkaitarrak ziren ia guztiak.
Horietariko bat Juan Zorroza zen, Morgakoa. Honek euskaraz konfesatzeko Korrejidoreak eta Diputatu Nagusiak emandako baimena zeukan, hiriko apaiz euskaldun bakarra zelako. Lehenengo eta behin, datu horrek argi erakusten du Urduñan 1810. urtean eskaini egin behar zela euskaraz aitortzeko aukera. Bestela, zertarako izango zuen Zorrozak horretarako lizentzia? Garai hartan euskaldunak zeuden Urduñan, euskaldun elebakarrak gainera, elebidunak izan balira ez zatekeen apaiz euskaldunen beharrik egongo.
Gure ustez, fraide-etxean zeuden beste erlijioso batzuk ere, Durango ingurutik etorritakoak, euskaldunak izango ziren. Horrela, beste inork euskara ez zekiela esaten zenean, Urduñan ziharduten apaizak aipatzen ari zirela uste dugu. Nortzuk ziren horiek? Hirian hamalau benefiziodun zeuden baina hiru baino ez ziren ari apaiz edo parroko lanetan: Manuel Herran, Marcos Mendibil eta Rufino Gabiña urduñarrak. Beste lau benefiziodun hiritik kanpo zeuden eta kapilau batzuen bidez betetzen zituzten betebeharrak. Bakarra ere ez zen euskalduna izango, testuaren arabera. Beste adibide bat daukagu: 1785ean eta 1787an bertan jaiotako Juan Pablo eta Canuto Olamendi apaizek, dirudienez, ez zekiten euskara. Aita Lendoñobeitikoa eta ama Luiaondokoa izan arren, bi anaiek ez zekiten euskaraz, ordurako ez zelako ohiko hizkuntza hirian; edo, erdi eta goi-mailako klaseko familietan, behintzat, erabiltzen ez zelako.
Orduan, nortzuk ziren Urduñan konfesore euskalduna behar zutenak? J. Sánchez Terradillosek bildutako dokumentu batean topatu dugu erantzuna: «había artesanos y jornaleros que se expresaban mal en castellano o lo ignoraban absolutamente». Baina, gure ustez, Urduñako euskaldun elebakar gehienak beste toki batzuetatik –Bizkaitik, Gipuzkoatik edo Aiaraldetik– etorritakoak izango ziren: hirian beti egon zen eskualde euskaldunetatik etorritako jendea.
Aipatutako Olamendi anaiek Luiaondon jardun zuten eta 1817. urte inguruan Aiarako Bikarioari gutun bat idatzi zioten. Nahiz eta 1806an herrian bertan predikatzeko hizkuntza egokiena gaztelania zela agindu zen, oraindik kanpoko erlijiosoek euskaraz predikatzen zuten eta Olamendi anaiek ez zuten egoera hori onartu nahi euskaraz egiten zuten bakarrak kanpokoak zirelakoan. Haien arabera, gutxi batzuek esaten zuten gaztelaniarik ulertzen ez zutela eta gehiago ziren euskararik ez zekitenak.
Baliteke anaiek esandakoa erabateko egia ez izatea. Ikusi dugunez, ezin izan zuten herrian euskaldun elebakarrak zeudela ezkutatu. Ziur aski, euskarak atzera egin ahala, gero eta gehiago hedatuko zen gaztelania. Baina, hainbesterako zen? Agian, apaizek benetako egoera linguistikoa baino, haien desirak deskribatuko zituzten; hau da, elizan gaztelania bakarrik erabiltzeko nahia. Dena den, euskaldun eta erdaldun elebakarrak bizi ziren herrian aldi berean, eta hori garrantzitsua dela uste dugu. Berriro esango dugu galtze-prozesua hasi baino lehen ere, egoera hori uste genuena baino ohikoagoa izan behar zela.
Zergatik jartzen ditugu zalantzan apaizen hitzak? Luiaondon euskara osasuntsuago zegoela esaten dituzten datuak ditugulako. Adibidez, 1820 inguruan, Bizkaitik at zeuden herri euskaldunen artean aipatzen zen. Antzeko zerbait gertatu zen Okondon, Independentzia Gerra garaian. Apaiz bat kendu zuten kargutik euskararik ez zekielako, eta kargu gabetuak argudiatzen zuen herrian lau apaizetatik hiru erdaldunak zirela eta euskara ez zela beharrezkoa. Kontuan hartu behar dugu aipatutako bi herriak XIX. mendeko bigarren zatian oraindik erdi euskaldun moduan sailkatzen zituztela, Aiarako beste herriak ez bezala.