Aiaraldeko euskararen historia (IV): Noiz galdu zen euskara Amurrion?

Erabiltzailearen aurpegia Aketza Merino 2019ko urt. 24a, 07:30

Irudia: Aimar Gutierrez Bidarte

F. Barrenengoa amurrioarraren ustez, euskarak Lehenengo Karlistadarekin batera egin zuen atzera Amurrion, bi testigantza kontuan hartuta. Lehenik, Juan Mateo Zabala fraideak gutun batean esan zuenez, 1820ko apirilean Baranbio eta Amurrio inguruan ibili zen eskualdeko euskararen ezaugarriak ikertzen.

Gainera, Barrenengoak berak, Jesus Galindez eta Jose Madinabeitiari jarraituz, Losako Merindadeko alkateak Amurriokoari bidalitako gutun bat aipatu zuen, zeinetan Losakoek Salbadako herri-larreetako hurrengo batzarrera gaztelania zekiten ordezkariak bidaltzeko eskatu zuten, aurreko batzarrean ezin izan zutelako elkar ulertu amurrioarrek eta Losakoek. 

Oso arraroa iruditzen zaigu amurrioarrek euskaldun elebakarrak izendatu izana erdaldunekin harremanak izateko, Aiaraldean gaztelania inoiz baino hedatuago zegoenean. Gainera, aurreko mendeetan ez zen inoiz horrelakorik gertatu bi komunitateen artean, edo, behintzat, frogarik oraindik ez dugu aurkitu.

Madinabeitia izan zen dokumentu hori jaso zuena, eta besteek hark esandakoa errepikatu baino ez zuten egin; gainera, inork ez du datarik edo dokumentua aurkitzeko erreferentziarik ematen. Beraz, zalantzan jartzen dugu lekukotasun hori, balizko dokumentu originala aurkitu arte, behinik behin.

Gure aldetik, bi testigantza berri aurkitu ditugu. 1766an Amurrion jaio zen Francisco Acebal Aguirrek ez zekien euskara, beraz posiblea zen herrian gaztelaniaz hazi eta bizitzea. Beste aldetik, 1828an Amurrioko mandazain batzuek liskar bat izan zuten Arrankudiaga aldean. Gero, Arrigorriagako ostatu batean gelditu ziren eta, ostalariak esan zuenez, gaztelaniaz hitz egiten zuten haien artean. Gaur egun gertatzen den bezala, agian baten batek ez zekien euskara eta horregatik gaztelaniaz hitz egiten zuten baina argi dago amurrioar haiek gaztelania zekitela eta hizkuntza hori erabiltzen zutela haien artean mintzatzeko.

Beraz, honek esan nahi du euskara ez zekitela? Ez dago zergatik. Bakarrik mandazain baten izena daukagu: Fernando Aguirre Sautu, “Godoy”, Mendixur dorrearen ondoan jaio zen 1771. urtean eta hantxe bizi zen orduan Maria Josefa Echeguren Zulueta emaztearekin. Amurrioar peto-petoa, agian euskara bere ama hizkuntza izan zen. Bere biloba Francisca Arana, Lezaman jaioa 1847an, euskalduna zen. Baina garrantzitsuena da, ikusi dugunez, Amurrioko gizonen artean gaztelania zela hizkuntza ohikoa.

Ez dakigu zehatz-mehatz Amurrion euskara noiz galdu zen. Baina bere historia eta kokapena kontuan hartuta, seguru asko gaztelania oso hedatua izango zen Lehenengo Karlistada baino lehenago. Gure ustez, Aiaran elebitasuna eta hizkuntzen elkarbizitza uste izan dugun baino ohikoagoa izan zen; are gehiago Amurrion, Errege Bidean kokatuta.

Velascok 1879an argitaratu zuen liburuan, 1857ko datuak erabiltzen, Amurrion 100 euskaldun zeudela adierazi zuen, biztanleen % 8,33. Duvoisin kapitainak eta Bonaparte printzeak ez zuten Amurrio aipatu ere egin haien lanetan, nahiz eta A. Kanpionek oraindik euskaldunak geratzen zirela esan zuen 1884an. Barrenengoak 1951n Bergantza eta Onsoño auzoetan herriko azken euskaldunak bizi zirela idatzi zuen baina, nahiz eta Amurrio izan, Baranbiotik gertu daude –parrokia honen parte ziren, hain zuzen ere–. Beraz, bi auzo horietako euskara Baranbiokoa da eta horrekin batera galdu zen.

Argi dago Larrinben eta Lezaman baino lehen galdu zela euskara Amurrion. 1920an Bilbon bizi ziren amurrioarren %16 ziren euskaldunak. Kontuan hartu beharreko zifra. Edozein modutan ere, euskaldun horien identitatea aztertuz gero, adin guztietako euskaldunak zirela ikusten dugu; beraz, ez dugu uste datuetan hizkuntzaren galera islatzen denik, kasu isolatuak baizik.

Bildutako datu horien arabera, Amurrioko 100 pertsona zeuden Bilbon bizitzen 1920. urtean. Horietatik 18k zekiten euskara eta 80k ez. Horrez gain, lau kasu ez fidagarri zeuden: etxe berean apopilo zeuden jornalariak ziren, etxeko guztiak euskaldun gisa sailkatu zituzten eta gainera haien datuak ez daude osorik.

Bestalde, Amurrioko beste euskaldun gehienak ez ziren bertakoak, euskaldun batekin ezkonduta zeuden edo familia euskaldunetan zerbitzatzen zuten. Beraz, euskara ez zen haien lehen hizkuntza izango, ez eta herrian bertan ikasitakoa ere.

1856an jaiotako gizon baten kasua da ezaugarri horiek ez zituen bakarra: Álvaro Alday Ugarte zen bere izena. Baina bere euskalduntasunaren gora-beherak ez du ezer aldatzen: kasu isolatuak –eta interpretatzeko zailak- baino ez dira. Amurrioko euskara desagertuta zegoen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide