Irailean egingo da Hackmeeting-en 20. edizioa. Errekaleor izango da hiru egunetan hainbat tailer eta hitzaldi izango dituzten jardunaldien kokalekua. Euskal Herrian horrelako jardunaldiak egitea ez da ezohiko kontu bat bezala ulertu behar. Funtsean, nire ustez premiazkoak ditugun interes kolektiboei erantzuten diete horrelako ekimenek. Gutxi pasa da wifi uhinek burmuina kiskaliko zigutela pentsatzen genuenetik eta G5a daukagu ate joka jadanik. WhatsAppa erabiltzen dugu informazioa modu "fidagarrian" trukatzeko eta Gmaila mezu pribatuak bidaltzeko.
Horiek guztiak doako zerbitzuak dira baina informazio horrekin finantzatzen direla pentsatu behar dugu. Badakigu ala zer inplikazio dituen software pribatuak gure egunerokotasunean erabiltzeak? Badakigu software libreari buruz zer edo zer?
Gai horietaz hitz egiteko eta zerbait erabilgarria izan dadin hainbat informazio eta hausnarketa partekatuko ditut.
Gure maskota teknologikoei begirada bat botako diegu: zoragarriak, itxurosoak... inoiz isolatuta sentiaraztea ekiditen digutenak. Benetan maite ditugu, desira sortzen digute eta gauza tontoenetatik sekretu intimoenetara partekatzen ditugu eurekin. Baina nabigatzen dugun bakoitzean, email bat bidaltzen dugunean, irudi batean klikatzean, “Gustuko dut” bakoitza erregistratua gera daiteke. Eta bertan dago gakoa, ez dugulako espero gure intimitatea beste edonorekin partekatzea. Gainera, konturatu gabe, egiten dugunarekiko kontrola (norekin topatzen garen erregistratua geratzen dela eta gure intimitatea saltzean enpresek etekina ateratzen dutela) gauza zoragarri horiek guztiengatik estalia geratzen da.
Ziur kontzeptu hauek entzunda dituzuela: "Big Data", “Smart Cities” edo “Internet de las cosas”. Kontzeptu horiek gure bizitzako produktuen barruan egoteak onurak ekarriko dizkigunaren axioma burmuinean instalatuta daukagu aspaldi. Galdetu al diogu gure buruei nola funtzionatzen duten teknologia hauek eta noren agindupean lan egiten duten?
Teknologia garaikidean bizi gara eta garatzen diren sentsore berriak gero eta datu analisi prozesu masiboagoak eta informazio metaketa azkarragoak egiten dituzte. Hau da, geure bizitzen aspektu guztien erregistroa datu bihurtu eta baliozko informazioa errendimendu ekonomikoan bilakatzen dute.
Baina ez pentsa dena beraien errua denik. Ziri azkarra sartu ziguten: ezer ez ezkutatu beharra genuenean sinetsi araztea. Horrela, miresten ditugun teknologiak beste forma bateko merkatuetara zuzentzen dira. Hau da, begi bistakoa da zenbateko fakturazioa duten Facebook, Instagram, Google eta Amazon enpresek. Hau horrela izanda, bestelako lekuetara ere zabaldu dira eredu hauek, eta ez bakarrik informazio teknologikoko enpresetan. Aseguradorak, higiezinen agentzia, banketxeak, kudeatzaile publikoak eta poliziak dira gaur egun gauza hauetan adituenetarikoak.
Nola iritsi gara honaino?
Egunero lanean dabiltzan makinak gero eta perfil zehatzagoak egiteko baliatzen dira eta hainbat xedetara zuzentzen dira: marketinetik pasata, jokabide susmagarrien miaketak egitera. Aldiro, interneten uzten ditugun aztarnak pilatzen doaz. Horrela agertzen zaizkigu aspaldi bilatu genituen produktuekin erlazionatutako iragarkiak sartzen garen webguneetan.
Gure pribatutasuna jokoan dago eta etsaiak sistema ezagutzen du.
Gaiaz gehiago jakiteko, klikatu hemen.