Euskal Herri mailan abiatuko dugun ekimen baten berri eman nahi dugu. Espainiako eta Frantziako polizia, Guardia Zibil, jendarme eta orokorrean indar okupatzaileei beraietaz pentsatzen duguna ozenago esango diegu: Alde hemendik. Que se vayan. Barrez vous d'ici.
Ez dugu perspektiba galdu behar. Europan herritar bakoitzeko polizia gehien sufritzen dugun herria gara Euskal Herria. Erabat onartezina da. Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian, herri oso bat kontrolpean mantentzeko indar okupatzaileen egitura antolatu digute Euskal Herrian. Eta okerrena da, ez daukatela hemendik joateko inolako asmorik. Kontrakoa! 2014an, Eusko Jaurlaritzaren arabera, 3.214 kontrol egin zituen Guardia Zibilak EAEn bakarrik: eguneko 9 kontrol! Gehitu horri Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan egiten dituzten guztiak!
Herri gisa pairatu ditugun milaka eta milaka kontrolak, milaka atxilotuak, torturatuak, zaurituak, hildakoak... Ez genuke onartu behar. Ez ditugu ezertarako behar eta garai berriotan erabat justifika ezina da. Zapalkuntzaren ordezkari militarizatuak dira. Irlandan esan bezala: Time for peace, time to go.
Horretarako kode berri bat mahai gainean jarriko dugu: autoarekin bozina lau aldiz jotzea, lau aldiz tutua, klaxona edo adarra, edo dena delakoa jo, al-de_he-men-dik edo beren hizkuntzetan que-se-va-yan eta ba-rrez-d'i-ci esateko. Irribarrea eragingo digun keinu txikia, ikusi bestela bideoa eta imajinatu praktika zabaltzea lortzen badugu eragingo diegun astindu etengabea. Eskratxe bozineroa egingo diegu, terminoa bataiatzeko ohorea dugunez!
Erabilera masiboa bilatzeko tresna erraza izan nahi du. Kalean eta sarean mugitzeko. Mezua jaso behar duten horiei, oihua helaraziko dien modua. Kuartelen aurretik pasatzean, beren autoekin gurutzatzen garenean, beren boterea erakusteko kontroletan ilara luzeetan zain gauzkatenean... Egunero pasatzen gara ehunka eraikinen aurretik. Entzun behar dute. Joaten diren arte. Egunero. Etengabe.
Amaiera data bakarra izan dezakeen kanpaina honekin borroka hau berrindartu nahi dugu, Euskal Herri mailako ekintza politiko bat abiatu, nazio mailako arazo estruktural bati berriz ere heldu behar diogulako. Politikoki duten rolagatik, herri honetan eragin duten min guztiagatik, eta herri aske bat eraikitzen ari garelako: alde hemendik!
Badakite ez direla ongi etorriak. Izan dezatela presente. Grabatu bideoan eta sare sozialetan #AldeHemendik #QueSeVayan edo #Barrezdici etiketak erabiliz zabaldu. Apirilan zehar ostiral arratsaldeetan, aldarrikapen honekin bat egiten duten eragile, koadrila, familia, lantegileak deitu nahi ditugu antola daitezen eta bozina kolpe batzuk jotzera joan gaitezen gertuen duten Mordor gunera. Maiatzetik aurrera, herritar guztiok egunero jotzea izango da deialdia, baina bitartean ohitura sortu eta giroa berotu behar dugu kanpaina indartsu bat mahai gainean jarri nahi badugu.
Ez gara geratuko borroka hau irabazten dugun arte!
Bide batez, konturatu zarete zenbat silaba dituen Fuck the police esaerak?
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.