Maniatica: Gustu kontuaz harago

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Gomez Piezo 2016ko eka. 20a, 22:50

 

Punk mugimenduan, musika joera baino gehiago den heinean, abestien hitzek zein taldeen jarrerek berezko garrantzia dute. Punk-zalea izanda, ideario horrekin identifikatu izan dut neure burua gazte-gaztetatik. Ideario horri eusita, beti arazotxo bat izan dut Europa aldetik zetozen edota ingeleraz aritzen ziren mugimendu horretako talde esanguratsuenekin; musikalki oso gogokoak izanik, ezagutzen ez nituen hizkuntzetan aritzeak talde horiekiko urruntasuna ekartzen zidalako. Sex Pistols-etik hasita, The Clash-etik pasaz, Dead Kennedys-eraino, klasiko batzuk aipatzearren.

Esaten zutena eta egiten zutena neretzat funtzezkoa zen eta nik horiei piperrik ez nien ulertzen. Aldiz, Euskal Herrian zein estatuan gazteleraz aritzen ziren hainbat taldek sekulako konplizidadea eta kutuntasuna sortu dizkidate, Ilegales, La Polla edo El Corazon del Sapo esaterako, beste klasiko batzuekin jarraitzearren. Taldeen jarrerei dagokienenan, beti garrantzia eman diot autoekoizpenari, edizio herrikoi eta benefikoei, nahikoa maketeroa izan naizela, hitz bakarrean esanda, alegia.

Nere gogoeta hori indartu zen, 90.eko hamarkadaren bueltan, La Furia “Por algo más que por gusto” maketa nere eskuetara heldu zenean, sentimendu hori ezin hobeto laburbiltzen zuelako. The Clash talderaren tributo-diska da La Furia (tributo-taldeak oraindik modan ez zeuden garaietan), jatorrizko hitzak gaztelerara itzulita eta edizio herrikoian plazaratua (El Lokal Banaketak). Proeiktu horretan, Euskal Herriko eta estatuko musikari ezberdinek parte hartu zuten, besteak beste (eta partehartze nabarmenarekin) Maniatica-ko musikariek.

Maniatica, punk-rock talde esanguratsua izan zen 90.eko hamarkadan; estatuan sortu den punk rock talderik onenetakoa da, modu subjetiboan esanda, izan ere, hainbat urtetan nere bizitzaren soinubandaren ezinbesteko osagaia izan baitzen, nire talde kutunetakotzat hartu izan dudana; La Furiak zioen bezala, gustu kontuaz harago, (eta oso gustukoak ditut!!!) letra eta jarrera konprometituak, argitalpen herrikoi eta autogestionatuta ikur zituztelako.

Maniatica 1986an sortu zen Alacanteko Villena hirian eta punk-rocka (euren esanetan “ruackanrock”-a ) oinarri eta gazteleraz. Taldekide gorabehera ezberdinak gaindituz, iraupen luzeko hainbat diska-maketa argitara eman dute: “Vitaminas @”; “ManiaCritica”; “El Lado Oscuro” ; “Pero ke no sea el ultimo paso”; “Maniatica” ; eta “Directo a tu conciencia”.

La Furian egindako ekarpena eta beste gehiagoren bat ahaztu barik. Guztiak ala guztiak lan bikainak, bere berezko estiloaren adierazgarriak, baina bat gomendatzearren (euren iritziarekin bat eginez) lehenengoa gomendatuko nuke,”Vitaminas @ “, lanik rokeroena eta ez dakit ausarkeria den, baina Leño-ren “Más madera” diskaren soinua gogoratzen dit. Abestien artean, ereserki asko eta asko dituzte, gai politiko-sozial ezberdinen inguruan: gerra, intsumisioa, langabezia, okupazioa, elkartasuna, kartzela, pobrezia, errepresioa,...

Maniatika-ren arima gitarra-jole eta ahots nagusia den Javi Chispes da, musikari aparta eta ipurterrea, kitarrari berezko doinua ateratzeko gai dena, proeiktu kultural eta musikal askoren bultzatzaile.

Maniatika birritan ikusteko aukera izan nuen, bata Abetxukon (langabeziaren aurkako Mikelin kontzertzu horietako batean) eta bestea Laudioko Skuatean egindako kontzertu gogoangarri batean.

Taldeak 90. hamarkadaren erdialdean ibilbidea gelditu zuen. 2003. urtean jatorrizko osaketa behin-behinean batu, diska rekopilatiorioa grabatu eta kontzertu batzuk eman zituen. 2015az geroztik Maniatika berriro martxan da, berriki CD-DVD bikoitza (Directo a tu conciencia) argitaratu eta kontzertuak ematen dabil. Ea Euskal Herritik ikusteko aukera dugun berriro ere (eskualdeko jai herrikoietarako proposamen ezin hobea, horra!!!).

Esan bezala, Maniatica Alacant-eko ipar-mendebaldean dagoen Villena hirikoak dira. Albazete eta Murtziako mugetatik hubil, Villena Alt Vilanopó-ko eskualde burua da eta herrialdeko 5. udalerririk populatuena da, 35.000 biztaleekin. Hiriak historia aberatsa du. Tradizioz nekazaria da (ardogintza eta oliogintza) baina industriaren zabalpenak etorkin asko erakarri zituen XIX. mendearen amaieratik.

Aurreko mendearen erdira arte luzatu diren migraziook egoera soziolinguistikoa erabat aldatu zuten, gune guztiz gazteleraduna bihurtuz. Langile izaera horrek, aldiz, anarkismoa eta sozialismoa bezalako mugimenduak errotzea ekarri zuen, errepublika eta gerra zibil garaietan Villena borroka eta erresistentzia erreferentea bihurtuz. Ondorioz, faxisten jomuga izan zen hiria eta hainbat bonbardeaketa jaso zuen.

Villena beti izan dut apur bat idealizatuta, nere talde kutunaren herria zen neurrian. Ideia hau zapuztuta gertatu zait baina, aurten herria ezagutzeko aukera izan dudanean, 6 hilabetetan hirutan ez naiz egon ba!!! Lehenik eta behin, herri kutrea oso iruditu zait, itsusia eta zatarra, batere abegikorra. Baina onartu beharra daukat objetiboa ez naizela, azken batean ez naiz bertaratu nahita, behartuta baizik. Duela 15 urte, hiritik hainbat kilometrora makroespetxea eraiki zuten eta hamar urtetik hona nere lagun Gotzon, euskal preso politikoa, bertan daukate giltzapetuta.

Urrun dago Villena, EHtik ia 700 kilometrora, eta ez da erreza bertara ailegatzea. Senide zein lagunek, Mirentxin furgonetei esker, hilean bitan joateko aukera daukagu nahiko modu “eroso, merke eta azkarrean”. Giro familiarrean hori bai.

Ostiral gauean atera gara Lopidanatik (Gasteiz ondoko gasolindegia, Mirentxin furgoneten kuartel nagusia), Villenara eta Foncalent-era (Alacant-eko beste espetxea) goazen 6-7 senide-lagunak gehi gidari boluntario biak. Goizeko 6rak aldera Villenan gaude eta bertara bisitan goazenok jeitsi gara, furgonetak Foncalenteraino (50 kilometrotara) jarraituko duen bitartean. Lehenengo bisita goizeko 9ak arte ez denez, goizaldean zabaltzen den taberna horietako batean geratzen gara eta 8etan taxi bat hartuko dugu goizeko bisita daukagunok.

Zain geratuko dira arratsaldeko bisita daukatenak. Bisita amaitu ostean, berriro elkartuko gara denok (giputzi baten emaztea, bizkaitarraren lagun makinetoa, adineko errepresaliatu-ohia...) eta elkarrekin emango dugu eguna Villenako kaletatik “turismo” egiten, itxura txarreko jendillajea (polizia, jonki,...) gure “bisitaren” gidari agertzen zaigula.

Villenako kaleetatik nabilenean, kontraesankorra da sentitzen dudana, batez ere lehenengo egunean. Maniaticako Chispes-kin kale kantoi batean topo egiten dudala imajinatzen dut. Irudi horiek Gotzonekin izandako bisitaren une berezi eta hunkigarriekin nahasten dira, baita egun hori partekatzen ari naizen euskal presoen senidelagunen esperientzia bitalekin ere. Arrotzak gara Villenan, egonaldia gure herriaren sektore bati ezartzen zaion zigorraren partea dala jakitun, behin gutarrak bisitatu ostean, bueltako bidaiari ekitea besterik ez dugu, premiaz gainera.

Arratsaldeko bisita 7etan da eta orduan danok joan gara presondegiraino, bisita egin ostean Foncalentetik bueltan datorren furgonetak espetxe aurrean hartuko gaituelako. Ondoren EHrako buelta, goizeko 5ak aldera Lopidanara atzera ere heldu arte. Bertatik, nork bere kotxea hartu eta etxerako azken zatia egin beharko dugu.

Nere lagun Gotzon punk-zalea da , Villenan hamar urte daramatza preso eta ez zuen gogoratzen Maniatica bertakoa zenik.

 

* Ez da taldearen estiloaren kantarik adierazgarriena, baina punk talde batetarako ezohiko minutajea duen kanta itzela da “Por ti”, “ManiaCRÍtica” diskatik hartutakoa.

 

AUPA GOTZON!

 

 

 

 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide