Tour-era?? Bai, horixe!!

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Gomez Piezo 2016ko uzt. 23a, 07:50

 

Uztailaren hasieratik aurrera martxan da urteko kirol ikuskizunik handienetakoa, Frantziako Tourra alegia. Elite kirol ospakizun handi guztiek bezala, itzal asko ditu Tourrak. Dela horren inguruan mugitzen  den diru izugarria, dela kirolariak lehertzerainoko lehia neurrigabea (eta horri aurre egiteko erabili beharreko sustantzia dopanteak), dela neurrigabeko lehien bitartez eman nahi den eta inposatu nahi den gizarte eredu leihakor eta insolidarioa… ingurugiro eragina eta naturguneetan kalteak…

 

Tira, esan beharrean nago txirrindularia ez naizela. Askoz jota txirrindula erabiltzailea, kotxearen nagusitasunaren ondoan, nere herriak bizikletaz mugitzeko dituen abataila orografikoak aprobetxatzearen aldekoa. Besterik ez.

 

Beste aldetik ere, esatea txirrindularitza (gizonezkoen eliteko txirrindularitza zehazki) telebistan ikusten dudan kirol bakarra dela. Ez bainaiz ez futbolzalea, ez saskibaloizalea, ez teniszalea, are gutxiago ez motordun kirolzalea.

 

Kontraesanak kontraesan eta itzalak itzal, kirol guzti horien aldean, txirrindularitza guztiz ezberdina delakoan nago. Eta grazia egiten dit txirrindularitza-zalea naizela aipatzen dudanean, “futbolzale porrokatuek”( gizartearen ehuneko handiak portzierto) ematen didaten erantzunak , kirol hori dopinarekin jarraian lotuz. Txirrindulariak bailiran dopatu egiten diren kirolari bakarrak eta txirrindularitza azpikeria eta ustelkeria dituen kirol bakarra bailitzan.

 

Nik ez dut horretan defendatuko , aipatu dudan moduan, itzal asko dituelakoan nagoelako. Baina futbolzale amorratu batek horregatik kritikatzea sarkasmo hutsa da . Are gehiago, askotan txirrindularitzaren ospe txar horrek beste ezeri baino, kirol nagusien hegemoniaren gerrari bati erantzuten diola uste dut . “La paja en el ojo ajeno” gazteleraz esaten dena .

 

Baina esandakoa, nire ustetan txirrindularitzak baditu gauzak ezberdin egiten dutena. Aire zabalean burutzearena esaterako, herrialde ezberdinetako itzuliak, hiri eta herri ezberdinak lotzen dituzten etapen, herrien arteko zirkuituen bidez antolatzen denez, geografia ikasteko aukera ematen du. Zer esan telebistaz ikusteko aukera badago ( honetan ETB-1-en ahalegina aitortu beharra dago), mendialde ezagun zein ezezagunetatik “hegan” egiteko parada izaten da, irudi ikusgarrien bitartez. Horretaz gain, adibidez, Italiako Giroko ohiko mendiko etapa ikusgarria jokoan, mapa hartu eta bestelako harremana sortzen da ikusle eta ikuskizunaren artean. Are gehiago, leku ezaguna edota hurbileko lasterketa telebistatik ikusten ari bagara, hurbiltasuna ukaezina da, ikusgarritasuna handiagotuz.

 

Txirrindularitzatik azpimarkatuko nukeen beste kontua da herrikoitasuna eta kirolarieekiko hurbiltasuna. Eta herrikoitasuna dinot, goimailako lasterketa, sekulako kirol ikuskizuna ikustea musutruk gertatzen zaidalako, non munduko karreristarik onenak nigandik metrobetera edo nere etxe azpiko errepidetik pasako diren.

 

Azkenik, goraipatuko nuke kirol gehienetan ez dagoen “kiroltasuna”, zalegoak karrerista guztien ahalegina txalotzen duelako, munduko onenetik sailkapeneko azkeneraino. Gaur egungo mundu lehiakor honetan bai txalogarria hori.

 

Aipatu ikusgarritasun , herrikoitasun eta hurbiltsun horiekin lotuta dago, txirrindularitza gogoko izatearen, Tour-era joan nahi izateraren zergaiti nagusia.

 

Ni txirrindularitzarekin zaletu nintzen kartzelan nengoela. Espetxean telebistaren bitartez jasotzen den guztiak bere garrantzia du (“gakotxoen artean”) , azken batean telebista kaleari eta askatasunari begirako leihoa baita.

 

Horietan guztietan, kirol emankizunek leku nabarmena dute. Denborapasa izateaz haratago, kalean bezala, bestelako interesak agertzen dira: abertzaletasuna, nazio sentimentuak edota kontrakoak, estatu zanpatzaileen gainean, esaterako.

 

80. hamarkadan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa batuta, telebista bakarra geneukan moduloko egongelan eta emankizun horiek batera bizitzen genituen, modu sutsuan bizi ere. Besteak beste txirrindularitza. Eta hortxe ibilitzen ginen garai hartako “oilarrak” animatzen: Marino, Etxabe, Gorospe, Periko, Lemond, Roche, Kelly eta enparauek.

 

Geroxego, modernitate eta sakabanaketa politikarekin batera, presoei elkarrekin egoteko aukeraren truke, telebista ziegan edukitzeko parada eman zien, bakarka eman beharreko orduak, egunak eta urteak “xamurrago” egiteko edo.

 

Euskal Herrian kirol maitatua izan da betidanik txirrindularitza , txirrindulari andana, lasterketa asko antolatu izan dira eta itzuli handietara joateko ohitura izan du zalegoak , Tourrera batez ere. Eta horra ere eraman izan ditu aldarrikapenak . Batez ere, euskal presoen aldeko ikurrak eramatearen ohitura zabala izan da oso.

 

Gauza handia zen hori, zure herritik eta familiatik urrundutako, bakartutako ziegan egotea, telebista piztu eta elkartasuna zuzenean jasotzeko aukera izatea. Pirinioetako, Alpeetako errepideak euskal presoen aldeko ikurrez beteta ikusteak ematen zuen indarra eta poza kristona zen. Itzela. Are gehiago, mundu osoan ikusten ari zala jakinda. Hortik nere buruari zin egitearena ahal bezain pronto nik ere holakoetara joan behar nuela. Nik jasotakoa bestei ere zabaltzen lagundu behar nuela alegia.

 

Beraz argi dago, ni Tourrera banoa, kirol ikuskizunaz gozatzera noa, karreristak animatzera noa baina batez ere, gogoaren eta elkartasunaren mezua (espetxeak apurtu eta euskal presoak etxera orain!!) lau haizeeta zabaltzera noa. Aurten Piriniotan izan naiz berriro ere, baina Alpeetara, Girora, Flandriako Tourrera, munduko karrerarik onenetara mezu hori eramaten zoriontsu izango nintzateke, preso guztiak ekarri arte, amnistia lortu arte.

 



 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide