Amurrioko Udalak, 2022ra arte indarrean egongo den Mendekotasunen Prebentziorako laugarren Plana onetsi du. Orain arte onetsitako planek bilakaera izan dute, eta aldian behin berregituratuz joan dira.
Lehenengoa 1999an onetsi zen, eta drogen prebentziora mugatzen zen. Gaur egun, aurreko dokumentuan bezala, eskarietara egokitu dira eta, ondorioz substantzien eta jokabideen (joko patologikoak, sare sozialak eta bideo-jokoak) ondoriozko Mendekotasunen Prebentzio Plana egin da.
Dokumentuaren xedea, substantzia eta jokabide mendekotasun sortzaileen erabilera desegokiarekin erlazionatutako arazoak sortzea saihestea edo murriztea da. Helburu hori lortzeko, helburu zehatzak izango dituzten 6 programa eramango dira aurrera, horien artean kontsumoan hasteko adina atzeratzea, arrisku jokabideak dituzten pertsonen kopurua murriztea, babeserako faktoreak garatzea, ohitura osasungarriak bultzatzea edo erantzun alternatiboak sortzea, besteak beste.
Planean planteatutako programak, hartzaileak kontuan izanda definitu dira. Eskolako Programak, orain arte garatzen direnei gehituko zaizkien jarduerak jasotzen ditu, horien artean ikasketa bidaian doazen gazteengan pentsatuta batez ere antolatu den “Lege alderdien tailerra”, edo “Irakasleentzako prestakuntza”, ikastetxeetako tutoreak izango baitira “Babes Faktoreen tailerra” izeneko tailer berria emango dutenak.
Familiako Programak familiekin lankidetzan eta familiei zuzendutako jardueretan jarraituko du lanean. Horretarako, 2015ean martxan jarri zen ‘Prebenfamilia’ programa Planean sartu da. Osasun Zentroarekin lankidetzan, Eskolako Osasun Programaren barruan antolatutako jarduerekin jarraituko da, “Sexu Hezkuntza”, “Tabakoari Uzteko Ikastaroak” eta “Azterketa pediatrikoetarako laguntza”, besteak beste.
Enpresetako Programak, enpresei zuzendutako lankidetza eta jarduerak bultzatzen jarraituko du. Horrez gain, “Las drogas no van a trabajar” liburuxka banatzen hasi da Amurrioko enpresetan. Material horren barruan alkoholari eta cannabisari, legezko alderdiei, drogen eraginei, arazoen prebentzioari, auto-babeserako jarraibideei buruzko informazioa jasotzen da, eta enpresako osasun zerbitzuari laguntzeko modua azaltzen da.
Mendekotasunen Prebentziorako Planak, arreta espezifikoagoa eskainiko duen programa planteatzen du. Horretarako, Norbanako Arreta Programa norbanakoen eskariei eta beharrei erantzuteaz arduratzen da, zenbait jardueraren bitartez, familiako aholkularitza edo mendekotasuna utzi dutenen gizarteratzea-laneratzea, besteak beste. Atal horretan, “Ordezko Zehapenak” izeneko jarduera berritzailea jasotzen da. Helburua, arau hausteak egin dituzten adingabeei ezarritako zehapenen ordez hezkuntza alorreko neurriak edo zigorrak betetzeko alternatibak eskaintzea da.
Bukatzeko, Komunitateko Programa Amurrioko biztanle guztiei dago zuzenduta, eta, Udaleko sailekin koordinatuz, gazte bitartekariak prestatuz, elkarteekin lankidetza bultzatuz edo bizimodu osasungarria eta kirola sustatuz gauzatuko da. Plana berregituratzean “Eskaintzaren Kontrola” izeneko beste jarduera bat gehitu da, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin koordinatuta egiteko lana, horiek baitira legezko eta legez kanpoko drogen publizitatearen, sustapenaren, horniduraren, salmentaren eta kontsumoaren alorretan eskaintza kontrolatzearen arduradunak.