Amurrioko Udalak, krisi mahaiaren bileraren ondoren, eguneko 24 orduetan aktibo egongo den telefono zenbakia aktibatu du, adinekoen eta behar bereziak dituzten pertsonen beharrei erantzuteko prest dauden boluntarioen koordinaziorako. Euren burua boluntario gisa aurkezten dutenei edo edozein behar duten pertsonei arreta emateko telefono zenbakia, gertakariak jasotzeko erabili ohi den bera da, 671074170.
Udalak koordinatzen duen zerbitzu horren bitartez, materiala, jarduketarako protokoloak eta identifikaziorako txartelak emango zaizkie boluntarioei. Egokitutako telefono zenbakia udal langileek erantzungo dute, eta boluntario taldearekin koordinatuta egongo da.
Amurrioko Udala, bere aldetik, laguntza behar izan dezaketen 70 urtetik gorako pertsonekin jarriko da harremanetan, kanpainaren berri emateko.
Herritarren Arretarako Zerbitzua
Asteburu honetan hartu diren neurri berrien aurrean, Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuak ez die aurrez-aurreko arretarik emango herritarrei. Izapide eta kontsulta guztiak 945891161 telefonoaren bitartez edo haz-sac@amurrio.eus helbide elektronikora idatziz egin beharko dira. Beste alde batetik, egoera honek irauten duen bitartean, Amurrioko Udaltzaingoa eguneko 24 orduetan egongo da herritarren beharrei erantzuteko.
Udaletik dei berezia egiten da agintariek ezarritako neurriak betetzeko. Jasaten ari garen egoeraz jabetu behar dugu. Geratu zaitez etxean, zugatik, zure familiarengatik, herritar guztiengatik. Koronabirusaren hedapena prebenitzen laguntzeko era bakarra da.