Amurriok “Berriro irekitzeko bonua” kanpaina jarriko du martxan, Apymca-rekin batera

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2020ko mai. 7a, 07:00

Amurrioko Frontoi kalea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Bi bonu mota jarriko dira martxan: “Ostalaritza Berriro Irekitzeko Bonua”, 10 eurokoa, eta “Merkataritza eta Zerbitzuak Berriro Irekitzeko Bonua”, 30 eurokoa; 8 eta 25 euro balioko dute, hurrenez hurren. Establezimenduek maiatzaren 6ra arte egin ahal izango dute aurre-inskripzioa APYMCAren bitartez, eta behin betiko inskripzioa osatzeko azken eguna maiatzaren 9a izango da, Gure Laguntza plataforman.

Udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresak une honetan jasaten ari diren egoera dela eta, Amurrioko Merkatari Txikien eta Ertainen Elkarteak (APYMCA) “Berriro Irekitzeko Bonua” kanpaina jarri du martxan, Amurrioko Udalaren babesarekin. Horretarako, parte hartu nahi duten establezimenduek maiatzaren 9ra arte eman ahal izango dute izena. Ekimenaren helburua, COVID-19aren ondorioz itxita egon diren merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu sektoreari laguntzea da. 

Gure Laguntza plataformaren bitartez, bezeroek behar dituzten artikuluak edo zerbitzuak erosteko eta etorkizunean erabiltzeko aukera izango dute, euren konfiantzazko enpresei zalantzaz betetako garai honetan laguntzen dieten bitartean. Bonuak digitalak izango dira, eta interesatuta daudenek erosi eta ondoren, establezimendua irekitzen denean, salmenta puntuan bertan erabili ahal izango dituzte. 

“5.000 euroko zuzkidura duen lehenengo “Berriro Irekitzeko Bonua” ekimena, datozen hilabeteetan sektorea berriro aktibatzeko ezarriko diren neurrietako bat baino ez da. Koronabirusak sortutako ondorioen ostean Amurrio ekonomiaren ikuspegitik biziberritzea da gure lehentasunetako bat. Horregatik, joan den astetik, hainbat sektorerekin elkartzen hasi gara, euren ardurak zuzenean ezagutzeko eta gauzatu beharreko jarduketak egokitzeko”, adierazi du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Bonu motak
Ekimen hori gauzatzeko bi bonu mota jarriko dira indarrean. 10 euroko “Ostalaritza Berriro Irekitzeko Bonua” eskuratzeko bezeroek 8 euro ordaindu beharko dute. 30 euroko “Merkataritza eta Zerbitzuak Berriro Irekitzeko Bonua” eskuratzeko, berriz, bezeroek 25 euro ordaindu beharko dute. 

Bonuetan aplikatuko den hobaria, 2 eta 5 eurokoa, Amurrioko Udalak hartuko du bere gain. Guztira, herritarrentzako 1.400 bonu inguru kaleratuko dira. Bonuak establezimendu bakoitzeko gehieneko kopuru batekin banatuko dira, azkenean izena emango duen establezimendu kopuruaren eta motaren arabera. 

Establezimenduen izen ematea
Kanpainan parte hartzeko interesa duten establezimenduek maiatzaren 6ra arte eman ahal izango dute izena apymca@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz eta parte hartu nahi dutela adieraziz, eta izena emateko prozesua amaitzeko epea maiatzaren 9an amaituko da. 

Bonu kanpainaren oinarri osoak www.amurrio.org webgunean kontsultatu daitezke, eta informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko APYMCA elkartearekin harremanetan jar daiteke, apymca@gmail.com helbide elektronikoan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide