IRITZIA

Ondo etorri

Joseba Sarrionandia Iurretan. / Ainhoa Iraola, Anboto

Urte luzez itxaron ostean, azkenean heldu da eguna. Sarri gurean da, ia lau hamarkada eman eta gero. Publiko egin eta bolo-bolo zabaldu zen berria, whatsappetan, irratian, telebistan, egunkarietan. Uhinetan bolbora bezain arin hedatu zen albistea. Baten batek galde dezake, ordea, ez ote den ia fetitxismora heltzen haren jarraitzaileek duten ikusmira, harekiko fanatismoa ez ote den biografia erakargarriak bakarrik sortua. 

Uste horien kontra egoteko aski da iurretarraren obra ezagutzea. Izan ere, berak egindako lana eta bere ekarpenak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Askotan esan ohi da euskal kulturan eragina izan duela, eta euskaldunon iruditeria kolektiboan iltzatuta dagoela. Saia gaitezen, bada, literaturaren eta euskal letren alorreko garrantzia zertan datzan aztertzen. Nahiz eta esan beharrik ez dagoen literaturaz at ere sona handikoa dugula olerkaria.

Joseba Sarrionandiaren izena entzun orduko norbanako bakoitzak egingo duen lotura ez da bera izango. Haren poesiaren bat oroituko du norbaitek, kartzelarekin lotuko du baten batek, Pott Banda gogoratuko du inork, Kortatu taldearen abesti mitikoa abestuko du beste batek. Izan ere, mila aurpegiko idazlea dugu iurretarra. Haren hainbat esaldi iltzatuta geratu zaizkigu gure imajinario kolektiboan. Nik, gaur, idazle gisa bere irudia goraipatu nahi dut, eta labur bada ere bere eragina agerrarazi. 

Lehenik eta behin, azpimarratzekoa da euskal letretan, 80ko hamarkadan poesia berri baten sorrera gauzatu zela, eta Anbotopeko idazleak eragina izan zuela hastapenetan. Mendigurenen eta Izagirreren ustetan, Sarrionandia 80ko poesiaren berritzaile eta inspiratzaile nagusietakoa izan zen. Markulueta kritikarearen eta haren belaunaldiko hainbat kideren ustez, Izuen Gordelekuetan Barrena liburuak “manifestu” balioa izan zuen.

Kortazarrek, esate baterako, balio hori jasotzen du “Joven poesía vaca. Un acercamiento” izeneko artikuluan. Bertan argitzen denez, Atxagak argitaraturiko Etiopia poema-liburua mugarri nagusia izan arren, idazle bizkaitar-kubatarraren  Ni ez naiz hemengoa lanean bildu ziren poesia berri haren oinarri teorikoak. Askotxo izan dira iheslari ohiak euskal literaturari egindako ekarpenak nabarmendu dituzten adituak.

Izagirrek, esatera baterako, ondorengoak aipatzen ditu: joera kultistaren abiatzaile izatea,  hainbat poeta bideratu dituen kartzelako poesiaren sortzailea izatea eta abar.

Argitaratu zuen lehen liburutik aurrera etengabeak izan dira idazlearen argitalpenak, bai kartzela garaikoak, bai erbestealdikoak, berrogeita hamar liburu inguru plazaratu ditu guztira. Sari garrantzitsuak ere eskuratu ditu: Ignacio Aldekoa Saria Maggie, indazu kamamila ipuinagatik; Resurrección Maria Azkue Saria Izuen gordelekuetan barrenagatik; Bilboko Udalaren I. Ipuin Lehiaketa Enperadore eroagatik; Kritika Saria Atabala eta euriagatik; eta Euskadi Saria Moroak gara behelaino artean? lanagatik.

Gainera, azpimarratu beharra dago iurretarrak poesia, narrazioa, saiakera, komikia, haur literatura eta itzulpengintza landu dituela. Poesian egindako lanengatik ezagunagoa den arren, horietan guztietan aritu izan da. Mila aurpegiko sortzailea dugu, beraz.

Adibide bat ematearren, harrigarria suerta daiteke euskal gizarteak, oro har, bere itzultzaile alderdia ez ezagutzea. Izan ere, bere obrari erreparatzen badiogu, ia laurdena itzulpen lanek osatzen dute. Ez da kasualitatea, beraz, idazle bizkaitarri buruzko lehen doktoretza tesia alor horri buruzkoa izatea. Aiora Jaka ikertzaileak 2011n plazaratutako lanean lehen euskal itzultzaile postmoderno gisa definitu zuen Sarrionandia, eta haren itzulpen eta sorkuntza lanen arteko muga lausoa agerian utzi. 

Amaitzeko, sortzaileengan izandako eraginari dagokionez, Elkar diskoetxeko arduradunak zehaztu zuen 146 izan direla Sarrionandiaren olerki musikatuak. Zerrenda luze baten erakusgarritzat jo genitzake Laboa, Imanol, Ordorika edota Muguruza.

Musika alde batera utzita, zinemaren alorrean, 2018ko Donostiako zinemaldian aurkeztutako Gure Oroitzapenak film-kolektiboa aipatu beharko litzateke; eta dantzaren arloan, Kukai dantza taldearen  Hnuy illa ikuskizuna. Beraz, ezin da ukatu bere lanek eta irudiek euskarri anitzeko sortzaileen inspirazio iturritzat jokatu dutenik. Poetaren lana oinarritzat hartuta egindako abesti, ikuskizun zein laburmetrailek jende asko kulturara hurbildu dute, adin zein esparru askotarikoak, ikusle zein sortzaile.

Esandako guztia kontuan hartuta euskal kulturan arrasto sakona utzi duela baiezta daiteke. Beraz, utz ditzagun fetitxismo edo fanatismo bezalako adjektiboak alde batera, eta eman diezaiogun, euria egin arren atabalaz, ongi etorri beroa Sarrionandiari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide