Martxoaren 26ra arte aukera aparta egongo da Laudion Egun bat arrantzan erakusketa ibiltaria bisitatzeko. Erakusketa Laudioko Kultur Etxean egongo da ikusgaia eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde, Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatuta dago.
Erakusketak arrantza sektorearen errealitatea azaltzea du xede. Horrela izanik, panel tematikoen laguntzarekin eta ikus-entzunezkoen laguntzarekin arrantza sektorea ezagutaraziko du. Horretaz gain, erakusketa ibiltariak arrantza sektoreko langileek egiten duten lanaren aitortza ere biltzen du, protagonistei hitza emanez. Arrantza sektorea sektore ezezaguna da, eta horri erantzuna eman nahian hainbat gai jorratuko dira.
Hamalau panelek osatzen dute erakusketa. Bertan, arrantza sektorean parte hartzen duten agente guztiei ematen zaie protagonismoa. Ondoko atalak jorratzen ditu: arrantza-ontzidia, arrantza motak, arrantza-ontziak, arrantza lekuak eta portuak, garaian garaiko arraina, arrantzaleak (gizonezkoak arrantza sektorean), emakumeak arrantza sektorean, lehorreratzea eta benta, arrain fabrikak, ikerketa eta arrantza hezkuntza, gastronomia eta akuikultura.
Erakusketaren osagarri hiru ikus-entzunezko daude. Arrantza sektorean lan egiten duten gizonezko eta emakumezkoei eginiko elkarrizketak eta arrantza munduan teknologiak izan duen eragina jasotzen dira.