Laudio Berrikusi Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Laudion duen proiektu pilotu bat da, APILL-ekin eta Udalarekin lankidetzan. Bere helburuak tokiko kontsumoa sustatzea, udalerrian gertatzen den guztiaren berri ematea eta auzokideekin modu dibertigarrian elkarreragitea dira. Laudio Berrikusi App-aren 6.600 erabiltzaile baino gehiago ditugu une honetan.
APILL-ek eta Envases enpresak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta, horren bidez, datozen Gabonetan, enpresako langileek aukera izango dute Laudioko establezimenduetan trukatu daitezkeen opari-txartelak aukeratzeko, Gabonetako saskiaren/opari-txartelaren ohiko programaren barruan.
Txartel horien kudeaketa Laudio Berrikusi udalerriaren dinamizazio-plataforma digitalaren bidez egingo da, txartelen igorpena, aktibazioa eta erabilera modu erraz eta seguruan zentralizatzea ahalbidetuko duena.
Ekimen honekin, Envases enpresak gertuko ingurunearekin duen konpromisoa indartzen du, herriko merkataritza-sareari lagunduz eta Gabonetako pizgarriei lotutako gastua zuzenean Laudioko negozioetara itzul dadin lagunduz.
APILL-ek oso positibotzat jotzen du akordio hori; izan ere, tokiko merkataritzari bultzada ematen dio urteko kanpainarik garrantzitsuenetako batean, eta enpresaren eta elkartearen arteko lankidetzaren adibide bat da, udalerriaren onurarako.
Ildo horretan aurrera egiten jarraitzea espero dugu, eta Aiaraldeko beste enpresa batzuek ere bat egitea, enpresa eta tokiko kontsumoa laguntzeko helburu erkidearekin.