Euskal Immigrazioaren Behatokiak urtero egiten duen etorkinen inguruko jarrera ikerketan –Barometroa delakoan– ideia hauek gailendu dira: diru-sarrera gutxien duten pertsonek jarrera ezkorrena agertzen dute etorkinen aurrean. Ostera, egoera ekonomiko hoberenean daudenek iritzi irekienak azaltzen dituzte.
Ez da harritzekoa. Ondo daudenei etorkinen etorrerak ez die inongo kalterik sorrarazten lan-munduan sartzeari begira, gainera, baliabide ekonomikoei esker etorkinez baliatu daitezke euren beharrak asetu ahal izateko, adibidez, etxeko lan edota zainketa pertsonaletarako. Beste era batera esanda, abantaila asko eta kalte gutxi. Gizarte egituraren beste muturrean daudenei, aldiz, kontrakoa gertatzen zaie, etorkinak lehiakide dira lanpostu prekarioenak lortzeko edota zenbait gizarte-prestazio eskatzeko.
Elementu hori oso garrantzitsua da ultraeskuinaren gorakada ulertzeko, baita planteatu dituzten jarrera xenofobo eta arrazistak ere ulertzeko, Europan zein Ameriketako Estatu Batuetan.
Gero eta gehiago dira globalizazio eta lan-merkatuaren tendentzia berrietatik at gelditzen ari direnak, lan merkatuan soberakinak baino ez direnak eta euren bizitza osoan aukera gutxi izango dutenak egoera horretatik irteteko. Prekariadoa da talde horren izena. Egonkorra eta segurua zen testuingurutik zaurgarritasuna eta behin-behinekotasuna nagusi diren errealitatera pasa dira.
Ezkerreko alderdiek zein sozialdemokrazia klasikoak ez diete erantzunik ematen euren beharrei, klase ertain aurrerakoien tokia hartzen ari dira. Sortu den hutsune horretan ultraeskuinak bere espazioa bilatu du, prekariado horrek entzun nahi dituen hitzak erabiliz hain zuzen ere: zuek zarete lehentasuna, mugak itxiko ditugu “besteak” ez etortzeko eta “besteen” produktuak ez sartzeko. Hots, kasu egiten dien norbait behar dute, ez goitik begiratzen dienaren sermoia: “Arrazista hutsa zarete”.
Ez dut uste, zintzoki, Donald Trump AEBetan edota Marine Le Pen Frantzian bozkatzen duten gehienak arrazistak direnik, asko jota xenofobia posizionala erakutsi dezakete, baina ez ideologikoa. Hori argi izan beharko genuke gizartearen sektore hori mespretxuz begiratzen dugunean, euren ikuspuntua zalantzan jarri beharrean indartzen ari garelako, eta Trump eta enparauei aukera gehiago eskaintzen diegulako. Partida beste jokaleku batean dago eta ez badugu hori ikusten, ultraeskuinaren gorakada etengabekoa izango da.
Ez dezagun ahaztu, ultraeskuinak egoera zaurgarrian dauden pertsonei entzun nahi dutena eskaintzen diela: “Esperantza”. Ez gehiago, ez gutxiago ere.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.