Gauza gero eta eskandalagarriagoa da. Ekonomia, mozorro moduan erabiltzen den hizkera kabalistikoaz jabetuz gero, lau arauak dakizkien edozeinek ulertzen ahal duen zientzia da (edo, gutxien-gutxienez, a priori uste genuena baino askoz ere errazago uler daitekeena).
Falta zen hizkera kabalistikoaren azpian zer dagoen erakusteko prest zegoen jendea; baina gero eta gehiago dira mozorroa eranzten laguntzeko prest dauden ekonomialariak (Oliveres, Toussaint, Navarro, Torres…). Eta mozorroa erori ahala, benetan gertatzen ari dena agerian geratzen denean, ikusten duguna eskandalagarria da.
Jakina, euro aldeko estatuak zordun dira; baina ez langileok “gure ahalen gainetik” bizi izan garelako, banku pribatuei milaka milioi euro eman behar izan dizkiegulako baizik (El País, 2016–09–06: Espainiako Estatuak bankuei 51.303 milioi euro eman zizkien eta 2.666 milioi berreskuratu ditu, %5). Horri lapurreta esaten zaio euskaraz, nik uste.
Baina estatuak zorpetuta daude, eta Nazioarteko Diru Funtsak (IFM), Europako Banku Zentralak eta enparauek, hau da, botere ekonomiko errealak, haiei komeni omen zaielako, defizit-muga bat inposatu diete estatu zorpetuei (baina erortzen diren bankuen zuloak estaltzeko ez dago mugarik).
Jakina, eragiketa erraza da: defizit handia + ezin zorpetzea = gastu soziala gero eta txikiagoa, edo beste batzuek esaten duten bezala, ongizate estatuaren hurrenez hurreneko eraispena.
“Pentsioen itsulapikoa” deitu dutenaren arpilaketak eta gastu sozialaren murrizketak pentsioen erreforma dakarte, besteak beste, “sistema jasanezina delako” (baina bankuei nahi beste diru ematea, beharrezkoa izan denean, hori ez zen jasanezina).
Pentsioen erreformak, orain artekoak eta etorriko denak, gero eta jende gehiago plan pribatuak kontratatzera bultzatzen du.
Honela, lehendabizi aurrekontu orokorren murrizketaren bidez egin diguten lapurreta biribiltzeko, gure aurrezkien bila oldartzen dira (aurrezkirik daukatenen kasuan, behintzat).
Diru-transferentzia itzel bat gertatzen ari da soldatapekoen poltsikoetatik kapitalaren jabeen poltsikoetara. Eta txarrena da disimulatzen ere ez direla saiatzentresaka
Eskandalagarria da. Obszenoa.
Alegia, diru-transferentzia itzel bat gertatzen ari da soldatapekoen poltsikoetatik kapitalaren jabeen poltsikoetara. Sekula ezagutu den iruzur kolektibo handienetakoa, zalantzarik gabe. Eta txarrena da disimulatzen ere ez direla saiatzen, hain ikusten gaituzte mendeko, morroi, beldurtu, garaitu. Ardi.
Baina lasai, bere planetarako norberak Edurne edo Amaia lagun edukiz gero, ez dago arazorik. Ez zenuten normalizaziorik nahi? To normalizazioa. Zer normalagoa, lapurreta global eta itzel hau euskara jatorrean ere publizitatzea baino, domeka arratsaldero, ordu erditik behin?
Edurne, Amaia, ez arduratu nitaz, ni beste planeta batekoa naiz.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.