Euskaldun go!

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 1a, 00:00

Erdal adiskide ohi batek edo, nahiago bada, adiskide erdaldun ohi batek elkarrekin euskaraz egiten hasteko eskatu zidan orain hilabete gutxi batzuk. Hasieran arraro egiten bazitzaidan ere, eutsi diot. Nireak balira bezala bizi izan ditut haren aurrerapenak. Pentsamenduak adierazteko bide gero eta egokiagoak aurkitzen ikustean izugarri poztu naiz, eta ez bakarrik solasaldiaren pisua modu orekatsuagoan banatu ahal izateagatik, baizik eta gaien maila ere goititzen joan delako, aspaldian konplexutasunagatik utzitako gaiak berreskuratzen joan ahala.
*    *    *   

Ustezko interesdun batek galdetu dit ea zer aplikazio (zer app) dagoen euskararen arloan. Hizkuntza ikasteko, esaterako. Jokoz kanpo harrapatu nau eta ez dut jakin zer erantzun. Dokumentatuko naizela agindu diot. Ikusi dut Duolingo aplikazio doako eta (berak bere burua deskribatzen duen moduan) dibertigarriak hainbat hizkuntza ikasteko aukera ematen duela. Ez euskara. Bai, esaterako, katalana edo guarania.
*    *    *  

Euskarak zer aplikazio beharko lukeen buruan nerabilela, ikasi dut Confesor Go izeneko bat asmatu dutela eta haren bitartez sinestun katoliko erromatarrek beren fedeko apaizak lokaliza ditzakete Aitortzaren sakramentua edozein unetan jaso ahal izateko. Tentazioa handia izan da eta, doakoa denez, deskargatu dut sakelakoan, non, aplikazio berriari leku egiteko, beste bat desinstalatu behar izan baitut, esperimentuak irauten duen bitartean behintzat. Kendutakoak badu berriaren antz txikiren bat. Damua uxatzeko, pentsatu dut kentzeak penitentzia arinduko didala, azkenean aitortuz gero, noski.

Pantaila ireki eta aplikazioak galdetu dit apaiz edo aitortzaile moduan nahi dudan izena eman. Lehen aukerara jo izanez gero, apaiz estatusa balioztatu beharko dut, horretarako beharrezko agiriekin suposatzen dut, aplikazioak berak adierazten didan bulegoren batean. Atzera jo eta kaleko bekatari moduan sartu naiz. Horretarako ez da deus frogatu behar. Libre den apaiz hurbilena zortzi kilometrora dago. Mapak harainoko bide bat proposatzen dizu, galbiderik ez. Apaiz batzuei, antza, eliz barruan gabe kalean dabiltzanei, profila ikusten ahal zaie, argazki batekin, jatorriarekin eta jaiotze zein apaizte urtearekin. Urrutiago daude horrelakoak baina aukera gehiago ematen diote irudimenari asmatzen saiatzeko bekatuekin barkaberago zein agertuko ote, edo baita berrietara zein irekiago ere.
*    *    *   
Lagunak aurpegiratu dit, horrelako bat eginen balute, ni izanen nintzela lehena aurka jotzen, ironiaz erabiltzen, asmo gaiztoko zutabe bat idazten. Hirugarren ardoan bururatu arren, nire sorkaria babestu nahi dut baita neure buruarengandik ere. Itsustu diot, beraz, nitaz duen irudi ezkorra. Mintza praktika egin nahi duten euskaldun berriak euskaldun iaioagoekin harremanean jartzeko horrelako aplikazioa nola hartuko nuke harrika? Nik neuk emanen nuke izena, plaza batean aspertuta edo larunbat gau batean planik gabe egotera, eta, zuzenean gelditu beharrean, geroko topaketa hain hotza izan ez zedin, lehenago txat fribolorako aukera balu, askoz hobe. “Hi, zeren bila habil? Hartzaile ala jasotzaile?”. Ezin omen da nirekin serio aritu.
*    *    *   

Aplikazioak adierazi helbidera joan naiz eta uste baino errazagoa izan da bulegari arretagabeari apaiz katoliko erromatarra naizela sinetsaraztea. Ahal dudanean nire eliz barrutiko agiria bidaltzeko eskatu dit. Halere, kodea eman dit. Profilean “euskaldun egokikorra” idatzi dut.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide