Adituak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 15a, 00:00

Emakumeak ikusgai Twitter kontuak (@ikusgaitasuna) honelako txioak publikatzen ditu astero: “Gaur ere ez dago emakumerik @Boulevardeitb-eko elkarrizketetan”. Kataluniako #Onsonlesdones-en lanari jarraituz, EHUko Ikus-entzunezko eta Publizitate Saileko irakasle eta ikertzaile talde honek sare sozialak erabiltzen ditu euskal hedabideetan emakumeen parte-hartze eskasa salatzeko.

Hedabideen Azterketa Globala ikerketaren arabera, Espainiako komunikabideetan aditu gisa agertzen diren pertsonen %9 soilik dira emakumezkoak. Datu hori egonkor mantendu da azkenengo bi txostenetan: 2010ean eta 2015ean. Joera orokorra dirudi, beraz.

Kazetariei portzentaje hori aipatu diedanean, denek onartu dute kostata lortzen dutela elkarrizketa edo kolaborazio baterako prest dagoen emakumerik aurkitzea. Askok aitzakia doinuarekin esan didate: “Tira, nik ezin dut ezer egin emakumeak animatzen ez badira”.

Ahalduntze falta, duda barik, presentzia urri horren osagai garrantzitsua da. Iruzurtiaren sindromea aipatzen du Silvia Nanclaresek eldiario.es-en argitaratutako Las niñas de la primera fila artikuluan. Esparru publikoan parte hartzen dugunean, emakumeok maiz ez dugula merezi sentitzen dugu, alegia. Arrazoia? Patriarkatuan autoritatea maskulinitatearekin lotzen delako.

Emakume askok segurtasun falta hori aitortu didate (“Ez dut uste nire iritzia interesgarria denik”, “Ez naiz prestatuta sentitzen”...), baina beste askok hedabideak espazio arrotzak eta bortitzak direla esan didate. Ni ere, kazetari izanda, bat nator.

Gizonak lekua uzteko prest al zaudete? Hedabideetan maiz parte hartzen duzuenok, noizbait gonbit bati uko egin eta emakumezko kide bat gomendatu al duzue? Clásicas y Modernas kultur elkarteak Emakume barik, ez manifestuan gizonei hauxe eskatu die: emakumeak baztertzen dituzten ekimenetan parte-hartzeari uko egin

Azken urteotan jaso ditudan hiru gonbit laburtuko dizkizuet:
    1. ETBko goizeko magazina, abortuaren inguruan apezpiku batekin eztabaidatu nezan. Ni ez banintzen animatzen, beste feministaren bat gomendatzea eskatu zidaten. Ezetz esan nuen eta ez nuen boluntariorik topatu.
    2. La Sextako albistegiak, udal batek erailketa matxista baten inguruko komunikatu kaxkar bat hedatu zuelako, nire erreakzioaren bila. Ordubete barru etorriko ziren, minutu bateko deklarazio bat eman nezan. Arduragabea iruditu zitzaidan boteprontoan eta bi hitzetan ezagutzen ez nuen instituzio baten jokabidea epaitzea.
    3. La Tuerka telebistako gizonezko aurkezle batek deitu ninduen, Fidel Castroren heriotzari buruzko saio batean hitz egin nezan. Ni ezagutu gabe, hauxe esan zidan: “Beitu, bihotza, ez dut mahai-inguruan parte hartu nahi duen emakumerik aurkitu eta gutxienez zu telefonoz sartzea nahiko nuke”. Baietz esan nuen, baina txiki-txiki sentitu nintzen.

“Jabetu zaitezte, neskak!”, esan ordez, emakumeon parte-hartzea benetan sustatu nahi badugu, hedabideen dinamika patriarkalak ezbaian jarri behar ditugu. Edozein gairi buruz (TTIP, Siriako gerra, homeopatia) iritzi kategorikoak ematea exijitzen duen tertulia formatua egokia al da? Nori ematen diogu adituaren estatusa? Zer egin dezakegu kazetariok elkarrizketatua edo tertulia-kidea eroso sentitu dadin? Zer egiten dugu emakume batek gure hedabidean agertzeagatik komentario edo eraso sexistak jasaten dituenean?

Eta gizonak lekua uzteko prest al zaudete? Hedabideetan maiz parte hartzen duzuenok, noizbait gonbit bati uko egin eta emakumezko kide bat gomendatu al duzue? Clásicas y Modernas kultur elkarteak Emakume barik, ez manifestuan gizonei hauxe eskatu die: emakumeak baztertzen dituzten ekimenetan parte-hartzeari uko egin.

Imajina ezazue Boulevard-eko tertulia-kideek bide horri jarraituko baliote. Gehiegi eskatzea ote?

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide