Hazien artxiboan 80 hazi edonorentzat eskuragarri

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 15a, 00:00

Nekazaritza iraunkorraz eta elikadura burujabetzaz hitz egitean, hazien gaiarekin egiten dugu topo aurrez aurre. Tokiko barietateen erabilpena, kontserbazioa, berreskuratzea, eta zabaltzea geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Haziera proiektuarekin Donostiako Cristina Enea Fundazioan hazi barietate ezberdinen artxiboa abiatu zuten 2013an, eta gaur egun 80 hazi dituzte edonorentzat eskuragarri.

Haziak hartu eta eman

Hazieraren helburu nagusia ez da hazi barietate zaharrak berreskuratzea, Marc Badal proiektuko kideak adierazi digunez: “Batez ere baratze txikiak dituen edo esperientzia gutxi duen jendea etortzen da Hazierara. Formazioa, sentsibilizazioa eta dibulgazioa dira gure helburu nagusiak”. Izan ere, hazien kontserbazio eta berreskurapenean Hazien Sareak dihardute lanean batez ere, eta horietara bideratzen dituzte esperientzia gehiago duten pertsonak (Nafarroako Hazien Sarera edota Euskadiko Hazien Sarera).
    Funtzionamendua honakoa da: edozein pertsona joan daiteke Hazierako artxibora eta bertan dauden haziak har ditzake, doan. Haziak erein, landareak zaindu eta horietatik berriz haziak hartzen saiatuko dira ‘zaintzaile’ horiek. Dena ondo badoa, lortutakoetatik zenbait beraientzat gordeko dituzte, eta beste batzuk artxibora itzuli.

Hazien kontrola berreskuratu beharra

Hazi barietate lokalak nekazaritza ekologikorako bereziki interesgarriak direla azpimarratu digu Badalek: “Genetikoki oso heterogeneoak izanik, arazoen aurrean landareetako batzuk bizirik irautea errazagoa da, negutegi edo kimikoen beharrik gabe”.
    Historikoki, nekazariek beraiek gorde izan dituzte haziak (emakume baserritarrek, batik bat), auzokideekin edo herriko merkatuetan elkartrukatuz… Tokiko sareak ziren, beti ere. Monsanto moduko multinazionalena kontu berria da, duela hamarkada gutxikoa. Eta denbora tarte txikian munduko hazien kontrol handiena eskuratu dute. Baina badira pixkanaka horri aurre egiten hasi eta nekazaritza mundu tradizionalak utzitako ondare aberatsa berreskuratzeko lanean ari direnak, Hazien Sareak edota Haziera bera kasu. Badalek esan bezala, “haziek botere ekonomiko eta produktiboaz gain, botere sinboliko oso indartsua ere badutelako”.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide