Memoriarik gabeko teknologia

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 22a, 00:00

Euskal Herrian azken urteotan garrantzi berezia eman diogu iragandako gerretan desagertutako pertsonen aztarnak bilatzeari. Helburu asko daude ekintza horren atzean, hala nola senideen ezinegona samurtzea, gertatutakoak argitzea eta, jakina, etorkizuneko belaunaldiei gertaeren transmisioa egitea. Gertakizunen ingurukoak memoria kolektiboan txertatu aurretik eta herri horren geroaren parte izan aurretik, egin beharreko hurrengo fasea osatzen du aurkitutako gorpuzkinen azterketak.

Hildako gure senideen bilaketarako sistematikaren antzekoa alor askotan gertatzen da, ia automatikoki. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ezinezkoa litzateke gertakizun historikoen analisia eta disekzioa egingo ez balitz; beste gauza bat da analisia egiteko era, askotan gaurko prismatik aztertzen hasten baikara, gertaerek testuinguru zehatza izan zutela ahaztuta, batzuetan interesatuki ahaztuta ere.

Ongi egindakoak indartzen eta berritzen laguntzen digu memoriak, eta gaizki egindakoak baztertzen. Itsasoari terrenoak ostu izan dizkiogu, eta batzuetan ongi joan zaigu, baina besteetan ez; mendietan zuhaitzak landatu izan ditugu, eta batzuetan ekosistemak indartu baditugu ere, besteetan suteak bultzatu ditugu; joan den mendearen bigarren erdian lantegi pila bat eraiki genituen gure hiri eta herrietan, eta hala eskulana sustatu genuen, baina gure herrietako eta ibaietako kutsadura izugarri handitu genuen; errepideak, mendi pistak eta garraiobideak ugaritu ditugunez, jendearen mugikortasuna erraztu dugu, baina berotegi efektuan eragin nabarmena duen karbono dioxidoaren emisioa neurrigabe hazi da. Ikusten denez, ia denak du bere alderdi ona eta ez hain ona. Horien analisiak etorkizun hobea eraikitzen lagundu behar digu.

Memoria etorkizunaren zati den neurrian, etorkizuna geureagoa dela sentitzeko balio digu, eta horrek aurrera eraman beharreko ekintzak baldintzatuko ditu. Memoriarik ezean etorkizuna ezezagunagoa da, eta kanpo faktoreek marrazten dute joko zelaia, adibidez, globalizazioak edo lehiakortasunak. Azken kasuan, iragana, eraitsi beharreko eraikuntza zaharra da, eta teknokraten hitzek pisu handia izaten dute.

Horixe da azken joera, nire ustez, munduan barrena indartzen ari dena, baita Euskal Herrian ere. Gurean adibidez, inoiz baino handiagoa da manufaktura-industriaren eta kulturaren arlotik bultzatu nahi den etena. Errazegi jotzen dugu lan faraonikoetara, etorkizun hutsalaren izenean. Agian, memoriak lagunduko digu Pasaiako kanpo portuaren edota Hondarribiko aireportuko pista luzatzearen inguruko ideiei beste irtenbide bat ematen. Agian, memoriak adieraziko die geure seme-alabei zer egin genuen gaizki AHTrekin eta Zubietako errauskailuarekin.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide