Terra incognita

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 29a, 00:00

Urte hondarra, beste anitzek ez bezala, maite dut nik. Egun gutxi geratzen zaion urtea buka dadin goaitatzen dugu, humanitateak deus mirakulurik egiteko esperantzarik gabe, oraino okerrago egin ez dezalako itxaropenarekin, gogoaren pelegrinazio libreetarako tartea. Izan ere, bi egiteko dira garai horretan. Bata, proiektu berriei buruz pentsatzea: alfer gaudela planifika daiteke bat-batean soberan ditugun kemenak xurga litzakeen asmo zenbait. Bestea gogoetatzea egindakoaz. Edo biak betan.

 Hastapenean lehenari lotu nintzaion eta sarera jo nuen. Laster nekaturik, bigarrenera lerratu nintzen Google lagun –daitort–, GoogleMaps aplikazioa sustut.

Geolokalizazioaren erregea da Google eta berez iraultza: ez dugu deus aurreikusten duela hamabost urte bezala, ez ditugu lankideei azalpen zehatzak galdetzen lan bilerako aretoa aurkitzeko, ez da Bilboko manifara heltzeko bideaz kezkatzerik, ez ditugu IGN mapak baliatzen. Dena kartografiatua da, etxetik beretik ikustekotan. Baserri aldeetako txoko galdueneraino heldua da kontua, batere mugitu gabe ikuska baitaiteke edozein zoko, bi nahiz hiru dimentsiotan. Oro. Edo kasik.

Horrela beraz, tresna baliatu nuen ibiltzeko, oroitzapen zenbaiten elikatzeko tokietan, bakarrik edo besteekin kurrituetan. Ezaguna baita ibili garen lekuek segitzen dutela beteak gertakariz eta pertsonez zeinekin han ibili baikara, zeinekin han deus partekatu baitugu, zeinen ahotsek oraino oihartzun egiten duten.

Banindoan orduan sofatik mendixka leunen lurraldean zehar, soropila goxoz estali tontor berdatsen eremuan, nonbait galtzen Donamartiri eta Amorotze artean, Oragarre ez urrun, errealak ziruditen paisaiak behatzera. Tupustean gelditu behar izan nuen haur denborako xendra baten erdian. Dudarik gabe, bidea kaskarregia bihurtua zitekeen, Google-k ez zukeen oraindik 4x4rik edo horraino heldurik iritzi zukeen ez zuela merezi urrunago joatea. Auskalo. Amore emanik itzuliz, bihurtu zituen terra incognita.

Haraindiko lur horiek, katalogatu eta ustiatu gabeak, Google-k han utziak ditu eta imajina daiteke abandonatzea erabaki duen bidezidorretik jarraikiz lanjer guztiak ditugula zain, hortik landa ez dela deus tematzea merezi duenik.

Itxasoko Nabigazionekoak (Piarres Etxeberri, Etxeberri Dorre-ren Nabigazioneac, 1677) erraten zien marinelei “Iakiteko duzu nahi baduzu sarthu…” erretorikoa, ausarten larderiarako doikoa. Baliteke, beraz “Jakiteko genuke Haizeko oihan zolara sartzekotan han zain daukagula Leviathan-a edo munduaren muturreko ezereza?”.

Nahiturik eta erreka agorturik! Ezin pantailara materializatu leku horiek denak zeinetara ez nintzen berehalakoan joaten ahalko eta hainbeste nahiko nituzkeenak ikusi, behin eta berriz.

Hots, ni horretantxe gelditu nintzen, imajinazioari deika. Orduan hasi ziren bazterrak animatzen, hats berria hartzen, bidexkan beti harago joaten entseatzen nintzela eta luze gabe igo ziren niganaino solasak, usainak, haize bipila. Kartografia partikularrak, dena dela, planorik jasan ez dezaketenak.

Ororen buru grazia egin zidan kontuak. Terra incognitak badira oraino, ez direnak bilduak, gatibatuak. Araiz, badaude anitz, tristea bailitzateke beste gisaz.

Harago badira gure baitakoak, hementxe bakarrik kartografiaturik daudenak, eremu, sentsazio, irakaspen eta guzti.

Oroz gainetik, bada terra incognita bat zuen guztientzat, nirea dena bakarrik. Mapa eta lurraldea hain ezberdinak diren bezala, ikusiko bazenute ere nik behatzen dudanean bezainbatekoa ez bailitzateke.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide