Aske kolore biziak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 29a, 00:00

Beste artista batzuen aldean euskaldunarentzat ezaguna da Jose Luis Zumeta Etxeberria (Usurbil, 1939ko apirilaren 19a). GAUR taldeko kidea, gero Ez Dok Amairun ibilia, Mikel Laboaren azalen egilea, hainbat afixa ezagunena, Artzeren xoriak marraztu zituena… Ezin da ulertu 60ko hamarkadatik honako euskal kulturaren iruditeria Zumetaren lana aintzat hartu gabe. Eta jarraituko duela ematen du: erreparatu bestela ze presentzia hartu duen bere Gernika koadroak azkenaldian.

Bere ibilbide luze eta oparoan era askotako lanak egin ditu Jose Luis Zumetak, baina abstraktuak gehienean, horregatik da hain harrigarria 70eko hamarkada bukaerako aldia

Marrazten ona zela eta Donostiako Valverde inprentan hasi zen lanean 14 urterekin. Han ikusi zituen lehen aldiz, erreprodukzioei esker, bizitza aldatuko zioten Cezánne, Modigliani, Picasso, Klee… Margotzen hasi zen. 15 urterekin pintore izan nahi zuen. Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan ibili zen. Parisera joan zen 1959an, Rafael Ruiz Balerdi ezagutu zuen han.

1967an “Euskal Pinturaren Sari Handia” lehiaketa irabazi zuen, Pablo Picassoren Gernikari omenaldia lanarekin. Lan hori desagertuta dago egun.

Desagertuta dago, halaber, 1974an Pasaian jarri zuen zeramikazko murala, eskerrak zutik dirauen 1973an Usurbilen jarritakoak.

Bere ibilbide luze eta oparoan era askotako lanak egin ditu Jose Luis Zumetak, baina abstraktuak gehienean, horregatik da hain harrigarria 70. hamarkada bukaerako aldi hau, zeinean artistak figurazio basati batekin erretratatzen duen bere ingurua, bere mundua.

Bere jaioterriaren izena daraman koadro honetan, esaterako. Kritika soziala egin nahi zuela esan izan da, baina ez du ematen; koadro honetako figurak egon ziren garai batean bere jaiotetxean zegoen Zumeta jatetxeko sarrera-atearen alboetan pintatuta.

Hori bai, okela zati horrek izua eragiten du, jendeen begitarte ilunek bezainbat.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide