Poliedroa osatuz

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 5a, 00:00

Irakurria dut sinplea dena ez dela existitzen, sinplifikatua baino. Mundu konplexua da gaurkoa, inondik ere, likidoa, eta bera eraldatzen joatea helbide dugunon erronkarik handiena konplexua modu eraginkorrean kudeatzea da, norabide zabal argian betiere. Hortaz, orain arte ohikoak izan ez diren behatokiak, ikusmolde-pentsamoldeak eta ekinbideak behar ditugu. Sozio-politikoan behar ere, saretuak, prozesu batera uztartuak, prozesurik gabe ez baita proiekturik.

Ildo horretan, euskal lurretan ari dira bestelako mugimendu sozial zabalak, zeharkakoak, gauzatzen. Gatazkaren ondorioak gainditze bidean ari den Sare eta herriz herri erabakitzeko eskubidean ari den Gure Esku Dago dira, kasurako, erreferente nagusiak. Komunean dute arazoen aurrean gizarte zibilaren parte-hartzea gauzatzeko modua, pertsonak helburu esan gabe pertsonak helbide izanez. Olatuen modura dihardute, joan eta etorri, indartsu zein bare, baina etenik ez duen mugimenduan.

Errealitatea poliedrikoa dela barneratuagoa dugu egun, halabeharrez. Ondorioz, prozesuak ere, ezker subiranistarenaz ari naiz, poliedrikoa behar du izan, pentsamolde linealetik urrun, gorpuzkera hori bermatzen dioten aurpegi guztiak uztartuta, pragmatismo eraldatzailearen bidetik. Hortaz, kanpora begira burujabetza prozesuak behar duen nazioarteko ezagutza politikoaz aparte, barrura begira badago zer uztartua prozesuaren parte sentitzen direnek aukera eta bidea izan dezaten. Politika-eremu berriak behar dira, politika-eredu berriez gain, bestelako arkitektura politiko batean.

Asko esan da instituzioek eta formazio politikoek prozesuan egin dezaketenaz, baita sarri euren arteko disfuntzioaz ere, baina gutxiago gizarte zibilaren protagonismoaz, oso argi baitago aurreko biek bakarrik ezin dutela, kasurik onenean ere, gehiengo sozialak behar dituzten aldaketak gauzatu eta modu iraunkorrean bermatu, ohiko lau urteko politika-alditik harago. Bestera esanda, gizarte politikoak kudeatu beharko luke gizarte sozialak sendotutako prozesua. Horretarako parte-hartze kultura etengabe sustatu behar da, arinkeriarik gabe, eta esperimentaziorako aukerak zabaldu.

Gizarte zibilaren kontzeptua den lausoaren barruan, eta horretan sartu ohi diren gai eta zabalera askotako herri elkarteez gain, badira aparteko garrantzia hartu behar dutenak. Euskal Herrian zabal diharduten gobernuz kanpoko ikasketa-erakunde eta behatoki sozio-ekonomikoez ari naiz, era askotako mugimenduei, direnak zein behar direnak, beharrezko ezagumendua eskaintzeaz gain bihar-etziko arkitektura politikoaren diseinuan laguntzaile behar dutenak. Horiek ere osatzen dute poliedroa.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide