Gurean bildu, kaka zabaldu

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ots. 5a, 00:00

Talde honen izena lehenengoz entzun nuenean, Arrasaten luzaroan hain presente egon den eta Euskal Herriko beste eskualde batzuetan zabaldutako Oi! eszenako beste proiektu bat irudikatu nuen. Gerora kantak entzuterakoan ohartu nintzen Irun aldeko talde honek oso gutxi duela tradiziotik eta, aldiz, askoz gehiago ohiko kontzeptuak hankaz gora jarri eta gugan kritika biderkatzetik. Euskal Herrian badira antzeko helburua duten talde gutxi batzuk, gutxiegi tamalez –ezagunenen artean, Lendakaris Muertos eta Ciclos Iturgaiz–. Deserosoak izan ohi dira entzule batzuentzat, suntsitzaileak beste batzuentzat, eta gainontzekoentzat eraikitzaileak –eraikitzeko lehenengo suntsitu–, irribarrea eragiten dutenak.

Hiru bat urte dela sortu zuten taldea Beñat Muguruzak, Xabi Burgañak eta Lander Bidaurrek, beste talde batzuen kontzertuak ikusi, beraiek ere zer esan bazutela pentsatu eta agertoki batera igotzeko gogoak eraginda. Eta beraientzat garrantzitsuena mezua –esan nahi zutena– eta bat-batekotasuna zirenez, punka aukeratu zuten buelta gehiago eman gabe.

Irundarren kantetan ez dugu aurkituko denon ahotan aspaldian dabilen Donald Trump, esaterako. Horren ordez, askoz “etxekoagoak” diren beste asko dituzte jomugan. Eta horrek, jakina, bestelako eragina dauka entzuleen artean, jarraitzaileak eta kontrakoak pilatuz. Agian onartuko ez badute ere, gurtu ez, baina odolean daramaten 80ko hamarkadako punkaren eragin handia dute –La Polla, Cicatriz, Dead Kennedys edo hardcoretik hurbilago dauden erreferentziak–. Beraiek punk sinplea egiten dutela badiote ere, punk azkarra eta iluna da nagusi, askotan hitzen itzalean gelditzen dena.

2015ean kaleratutako Hononimoan “Borroka da autobide bakarra”, “Urquijo de puta”, “Euskal Nobel bakarra, Erramon eta Kaxal”, “Barkatu gaur ez banaiz aski indepen-dentista izan”, “3 Eusko Gudari errezatuko ditut” eta “Denok gara Coca-Cola”-ren pareko leloak abestu bazituzten, lan berrian ere gaurkotasunari tentuz eta zorroztasunez erreparatu diote. Hala, “Egin irribarre, irabaztera goaz ETA”-tik hasita, “ETB antenatik at” ateratzeko ahaleginetan dabiltza Julian Iantzi (e)gurtuz, Africa Baeta-ISIS harremana haizatuz eta “Iparraldearen oreina” jetziz. Aldiz, Olano eta Itxasori errefuxiatuak ez errefusatzeko eskatu arren, ziur daude “igandean DVk xaboi organikoa oparituko” duela. Horiez guztiez gain, antologikoa da Durangoko Azoka eta postureoa mintzagai Zentro Palentinoa omendu izana. Eta guztientzat sobera dutenez, ikasleak (Bologna ez da plana), Iparraldeko folk salgarria (Larrepetit) eta “tik matxistak” ere jomuga izan dituzte.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide